euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Mirandetik Harkaitz Canora: 23 poeta euskaldunen lanek osaturiko antologia argitaratu dute eslovenieraz

2008/01/16

Ciril Bergles poeta esloveniarra
Ciril Bergles poeta esloveniarra

PUBLIZITATEA

Liubljanako Aleph argitaletxeak Branil bomocetovo hiso. Antologija moderne baskovske poezije izenburua duen liburua argitaratu du ('Nire aitaren etxea. Euskal poesia modernoaren antologia'). Bilduma honek 23 euskal poeten lanak biltzen ditu, horien artean Jon Mirande, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano, besteak beste. Ciril Bergles poeta esloveniarra izan da itzultzailea.
Euskal poesia eslovenieraz irakurtzeko aukera emango du Branil bomocetovo hiso. Antologija moderne baskovske poezije antologiak. Aleph etxea da liburuaren argitaletxea eta Ciril Bergles poeta esloveniarra itzultzailea. Bergles euskal poesiaren zale sutsua da eta berak hautatu eta itzuli ditu eslovenierara 23 poeten lanak.

Liburuan agertzen diren poetak honokoak dira: Jon Mirande, Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Xabier Lete, Patxi Ezkiaga, Ibon Sarasola, Amaia Lasa, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Juan Kruz Igerabide, Felipe Juaristi, Joseba Sarrionandia, Amaia Iturbide, Karlos Linazasoro, Juanra Madariaga, Iñigo Aranbarri, Gerardo Markuleta, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano. Euskal poeten artean gazteleraz idazten zuen Jorge Oteizaren poemak ere itzuli ditu Berglesek.

Carlos Aurtenetxe poetak egin du liburuaren hitzaurrea eta Berglesek aldiz, hitzatzea. Sonce nad Euskadijo (Eguzkia Euskadiren gainean)' izenburua eman dio eta bertan euskal literaturaren aurkezpen laburbildua egiten du esloveniar irakurleentzat. Berglesek, gainera, poeta bakoitzaren biografia labur bana ere idatzi du. Poeta esloveniarrak euskal literaturari eta Euskal Herriari buruzko hainbat lan idatzi eta argitaratu ditu azkeneko hamar urteetan.


Lotura interesgarriak

'Montañas en la niebla' antologia poetikoaren aurkezpena Vienan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abenduaren 26ean

'Six Basque Poets' liburuaren aurkezpena Pragako Poesi Astean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 9an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia