Chivilcoy, Argentina . Joan den astelehenean, urriaren 20an, arratsalde berezia bizi izan zuten Chivilcoyko 'Beti Aurrera' Euskal Etxean. Gertuko 'Constancio C. Vigil' 904 Haur Eskolako 5 urteko 25 haur, neska-mutilez osatutako talde gogotsu bat izan zen bisitan. Euren hiru irakasle eta zenbait ama lagun heldu ziren txikiak eta elkartekoek hartu zituzten egoitzan. Bertan, Luis Goicoechea, Silvana Barroso eta Silvia Gallo kideek, zuzendaritza batzordeko ordezkariek, ongietorri beroa egin zieten. Euskal Etxean egiten dituzten jarduera nagusien berri eman zieten. Jardunaldia elkarteak egiten duen kultura zabaltze lanaren baitan izan da, eta bisitari gazteengan harridura, galdera mordoa eta interes handia piztu zituen.
Instalazioetan egindako ibilbidea euskal kulturarekiko hurbilketa laburra izan zen. Sukaldean, esaterako, anfitrioiek janari tipikoen eta topaketa gastronomikoen berri eman zuten. Aldi berean, askaria eskaini zieten. Txikien jakin-mina nabaria zen: “Beti Aurrera-k zer esan nahi duen, zer den euskal etxe bat, ea hiri guztietan badauden, besteak beste, jakin nahi izuten”, kontatu dio elkarteko idazkari Silvina Barrosok EuskalKultura.eus-i. Bisitariei agurrak eta zenbait hitz euskaraz irakatsi, eta jantzi tradizionalak erakutsi zizkieten. Hari-irule baten jantziak eta dantzari traje txiki-txikiek bereziki erakarri zuten neska-mutilen arreta.
Beti Aurrera Euskal Etxeko sukaldean askaria eskaini zieten haur bisitariei
Bisitarien gogoa eta erantzuna oso positiboak izan ziren. Ondorioz, lankidetza berri bat planifikatu dute. Euskal dantza eta musikako bideoek sortutako interesa ikusirik, Beti Aurrerako zuzendaritzako kideek eta 904 Haur Eskolako irakasleek azaroan bigarren jardunaldi bat egitea adostu zuten. Hurrengoan, euskal etxeko dantzariak Haur Eskolara joango dira. Euskal Herriko zenbait dantza eta jolas tradizional partekatuko eta irakatsiko dituzte, Chivilcoyko komunitatean instituzioen arteko lotura eta kultura zabaltze lana indartuz.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


