Mexiko Hiria, Mexiko. Mexiko Hirian kokatzen gara eta Ainara Unanue (Euskal Herria) eta Paola Herrera (Mexiko) aktoreak Tonalli eta Naiara neskatoen azalean jartzen dira migrazioak dakarren gizarteratze prozesua era poetiko batean jorratzen duen ‘Viajeras' (Bidaiariak) antzezlanean. Esperientzia partekatu batetik abiatuta –”guztiok ezagutzen dugu migratu duen pertsona bat edo agian geure familian bertan gertatu izan den fenomenoa da”– ‘Viajeras’-ek ikuspuntu baikor batetik aurkezten du egoera.
Dramagilea ere baden Ainara Unanue gasteiztarrak azaltzen duenez, “Proiektuarekin hasi ginenean pentsatu genuen agian gaur egun migrazioaren inguruan dauden arazoek zerikusi handia dutela gizakiok ezagutzen ez dugunari diogun beldurrarekin. Baina gste dugu beldur hori 'jakinmina' medio gainditu daitekeela. Umeen artean hain arrunta den jakinmin horrek hurkoak zer baitaratzen duen ezagutzera baikaramatza, eta pertsonen arteko trukea ezagutzera, eta truke aberasgarria horretan sartzera…”, diosku.
“Naiara eta Tonalli bi neskato migrante dira, eta ama hizkuntza ezberdinak dauzkate, euskara Naiararen kasuan, eta nahuatl Tonallirenean, eta nahiz eta hasieran izututa egon, elkarrekin komunikatzeko modua topatu beharko dute. Eta jolas eta keinuen bidez lortuko dute… umorearen bidez…”, azaldu digu Unanuek.
Lanaren ekoizpena, Naiarak berak sortutako ‘De palabra y hueso’ konpainiari eta Arte Ederren eta Literatura Institutu Nazionalari (INBAL) dagokie eta Adrian Hernandez Arredondo dauka zuzendari. ‘Viajeras’-en emanaldiak del Bosque Kultur Guneko El Granero Antzokian ari dira izaten, larunbat eta igandeetan, eguerdiko 12:30ean. Denboraldiko azken emanaldia azaroaren 16an izango da. Sarrerak hemen.
- De palabra y hueso Instagramen, depalabrayhueso

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


