euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oier Araolaza eta Ainhoa Larrañagaren hitzaldi dantzatua Cañuelas-en, eta esker oneko aurreskua Daniel Sancholuz-i

2025/10/28

Dantzari txikiak, nagusiak eta Amak taldekoak, zuzendaritza batzordeko kideak, elkarteko lehendakari ohiak, dantzarien ama-aitak eta gonbidatuak Oier Araolaza eta Ainhoa Larrañagarekin batera
Dantzari txikiak, nagusiak eta Amak taldekoak, zuzendaritza batzordeko kideak, elkarteko lehendakari ohiak, dantzarien ama-aitak eta gonbidatuak Oier Araolaza eta Ainhoa Larrañagarekin batera

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Pasa den asteburuan, luxuzko bisita batek sendotu egin zituen Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak Euskal Herriarekin dauzkan loturak. Bisitariak, Oier Araolaza eta Ainhoa Larrañaga dantza irakasle eta Donostiako Argia Dantza Taldeari lotutako dantza adituak izan ziren. Urriaren 26an, igandea, euskal dantzaren historia errepasatu zuen hitzaldi dantzatua eskaini zuten. Hitzordua publiko orori zabaldua eta doan, berrogeita hamar lagunetik gora bildu ziren, dantzaz gozatu eta ikasteko gogoz. Baina jardunaldia ez zen hitzaldira mugatu. Euren esperientzia baliatuz, Araolaza eta Larrañagak entseguan ariru ziren Cañuelaseko dantzari-taldearekin, eta hauek Tandilgo Euskal Aste Nazionalean eskainiko duten emanaldia prestatzen lagundu zieten.

‘Aurreskua, herria batzen duen dantza’ izan zen Araolazak hitzaldian jorratu zuen gai nagusia. Ez ahaztu Oier euskal dantza tradizionalean erreferente den Dantzan.eus web orrialdeko zuzendaria ere badela. Euskal dantzaren historiaren ibilbide historiko bat eskaini zuen hitz eta dantzaren bidez. Une hunkigarria bizi izan zen Araolazak, esker onez, aurreskua dantzatu zionean Daniel Sancholuzi, Denak Bateko lehendakari ohi eta dantzari-taldeko zuzendari ohiari. Egindako gorazarreak agerian utzi zituen dantzaren inguruan sortzen diren lotura estuak. Araolazak duela bi hamarkada ezagutu zuen Sancholuz, honek Gaztemundu programan parte hartu zuenean Euskal Herrian. Izan ere, Dantzan elkarteak 20 urte daramatza Diasporarekin lankidetzan, programa horretan laguntzen.

 
Oier Araolaza eta Ainhoa Larrañaga Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeko dantzariekin batera

Jardunaldia Txulalai jendetsu batekin amaitu zen. Bertaratutako guztiak batu ziren dantzara. "Esperientzia ederra eta ikusgarria izan zen, dantzariak pozik, oso kontentu, asko gustatu zitzaien", aitortu dio EuskalKultura.eus-i Cecilia Milanik, euskal etxeko dantza taldeko zuzendariak. Cañuelasera egindako bisita hau Euskal Aste Nazionalean egingo duten emanaldiaren atarikoa da. Oier Araolaza eta Ainhoa Larrañaga, eta Argia taldeko beste 7 kide, musikari eta irakasle, batuta, ‘Martín Zalakain’ ikuskizuna aurkeztuko dute. Tandilgo Martín Fierro Anfiteatroan izango da, azaroaren 1eko larunbateko gauean. Argentinako eta Uruguaiko 25 dantza taldek ere parte hartuko dute ekitaldian. Araolaza Argentinan lehen aldiz dagoen arren, "etxean bezala" sentitu dela dio. Izan ere, urte askotako harreman estua dauka dantza-maisuak euskal-argentinar dantzari askorekin.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia