euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehendakariak Lazkaon barnetegia egiten ari diren 'Euskara Munduan'go Diasporako 11 ikasleak errezibitu ditu Gasteizen

2021/02/17

Gaur goizeko irudia, Euskara Munduango partaideak Iñigo Urkullurekin Lehendakaritzan
Gaur goizeko irudia, Euskara Munduango partaideak Iñigo Urkullurekin Lehendakaritzan

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Urkullu lehendakariak, urtarriletik Lazkaoko barnetegian euren euskara ikasketak bururatzen ari diren Diasporako 11 ikasle/irakasleak errezibitu ditu gaur goizean Gasteizen. Taldea 'Euskara Munduan' programako arduradun den Kinku Zinkunegirekin iritsi da Lehendakaritzara eta Urkullurekin batera izan ditu harreragile Bingen Zupiria Kultura sailburua, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza.

Etxepare Euskal Institutuaren 'Euskara Munduan' programak munduan zehar barreiatutako euskal etxe eta herrialdeetan bertako jendeei formakuntza eman eta tokian tokiko euskara irakasleak sortzea du helburu. Lau urteko epealditan, ikasleak kurtsoa segitu eta urtero bi barnetegi egiten dituzte Hego Ameriketan. Ondotik etorri ohi da Euskal Herrian bertan ikastaldi hori bururatzeko honakoa bezalako barnetegia. Lau urteotan, gainera, ikasitakoarekin, irakasle izaten hasten dira bakoitza bere euskal etxean, ez baita ahaztu behar hori dela programa honek duen xede nagusia.


'Euskara Munduan'eko partaideak Urkullurekin bildu dira gaur goizean Gasteizen (Irekia)

Gogora dezagun gaurko egitarauan Etxepare Euskal Institutuko egoitza ere bisitatu duen ikasle taldea urtarrilaren erdialdean etorri zela Euskal Herrira, otsaila bukatu arteko ikasketaldia egiteko Lazkaoko Maipide barnetegian. Hasieran etorri zirenak izan ziren, Uruguaitik, Andrea Bella eta Laura Moreno; eta Argentinatik, Sebastian Amaya (Laurak Bat), Begoña Tisera (San Nicolás), Lautaro Piñeira (Mendoza), Marcial Agostini Zubillaga (Necochea-La Plata), Anabel Jaureguiberry (Euskaltzaleak), Florencia Deniz (Villa María), Marcela Inda (Euskaltzaleak) eta Alfredo Laborde (Tres Arroyos). Otsail hasieran, Christian Etxeberria gehitu zitzaien Txiletik.

Taldeak datorren aste amaieran bukatu du bere egonaldia Lazkaon eta itzuliko da bere herrietara, Euskal Herrian geratu eta ikasketak zabaltzen jarraituko duen pare bat partaide salbu.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia