euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

43 irakaslegaik hartu dute parte Montevideon egin den 2009 udako barnetegian

2009/02/05

Barnetegian parte hartu zuten irakasle eta ikasle taldea (argazkia HABE)
Barnetegian parte hartu zuten irakasle eta ikasle taldea (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Bukatu berria da urtero bezala Euskara Munduan egitasmoaren barruan urtarrilaren 2. hamabostaldian egin den Hego Ameriketako barnetegia. Aurtengoa Montevideon, Uruguaien, egin da lehen aldiz --aurreko aldi guztietan Argentinan egin izan da, Argentinan Euskaraz egitasmoaren baitan-- eta hasieran erronka handia bazirudien ere, ikasle, irakasle zein antolatzaileek arrakastatzat jo dute edizioa. Barnetegiaren antolaketaren ardura FIVUk (Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioak) hartu du, FEVAren lankidetzarekin.

Montevideo, Uruguai. Euskara Munduan egitasmoak zenbait herrialdetako euskal etxe eta federazioak biltzen ditu, alde batetik, eta Eusko Jaurlaritza, bestetik, HABEren eta Euskal Gizataldeekiko Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren bidez, euskal etxeetarako euskara irakasleak trebatuz. Oraingoa izan da barnetegia Argentinatik kanpo egin den lehenengo aldia, izan ere, aurreko guztiak --40 dagoeneko-- Argentinan Euskaraz programaren baitan egin baitira, Argentinan. Argentinan Euskaraz-ek 20 urte beteko ditu datorren ikasturtean: 1989/90 ikasturtean jarri zen martxan FEVA eta Eusko Jaularitzaren eskutik, hain zuzen ere. Azken urteetan, eta ekimenaren arrakasta ikusita, euskal etxeetako euskara irakasleen trebakuntza egitasmo hau beste herrialdeetara zabaldu da eta aurtengo lehen barnetegi honetan Hego Ameriketako hainbat herrialdeetatik etorritakoak izan dira parte: Txiletik 4, Brasildik 2, Kolonbiatik 2, Perutik 1, Uruguaitik 9 eta Argentinatik 12.

Barnetegia urtarrilaren 19tik 31ra bitartean gauzatu da eta antolaketaren ardura FIVUk hartu badu ere, FEVAren (Argentinako Euskal Etxeen Federazioa) lankidetza eskertu behar da, urteetako eskarmentua jarri baitute beraien esku. Orain bizpahiru urte hasi ziren FIVUko arduradunak Uruguain barnetegia egiteko nahia azaltzen. Erronka handia zirudiena esperientzia arrakastatsua bihurtu da egunotan. 

Inoiz baino partehartzaile gehiago

Partehartzaile kopuruari dagokionez, inoiz baino jendetsuagoa izan da oraingoa, 43 irakaslegairekin. Horietako 30, orain 10 hilabete hasi ziren euskara ikasten, urrutiko ikaskuntzaren bidez, HABEren Ikasten plataforma erabiliz. Urtean zehar, Jon Urdangarin, Lazkaoko Maizpide Barnetegiko langilea, izan dute irakasle Euskal Herritik eta, oraingoan, bertan izan da aurrez aurreko saioak ematen.

Bestalde, Diaspora II taldekoak ere bertan izan dira. Gaur egun, 13 lagunek osatu dute talde hau: Txileko 2k, uruguaitar 2k eta gainontzeko 9ak argentinarrak. Talde honen euskalduntze prozesua 2004an hasi zen eta barnetegi honekin amaitutzat eman da.

Barnetegi 2009 (02)

[Diaspora II taldeko kideen argazkia, HABEko teknikari J. F. Zinkunegirekin (argazkia HABE)]

Jon Urdangarinekin batera beste hiru irakasle uruguaitar aritu dira, EGAdunak hirurak: Luzia Mendez, Leonat Egiazabal eta Paola Bella. Horiekin batera Gabriela Mendia, FEVAko euskara koordinatzailea eta Kinku Zinkunegi, Euskara Munduan programaren koordinatzailea ere bertan aritu dira.

Oso balioespen baikorra

Egunero 6 eskola ordu hartu ditu talde bakoitzak eta lana gogorra izan bada ere, emaitzak oso onak izan dira. Partaideen balorazioa oso ona izan da, ez bakarrik alderdi akademikoari dagokionez, baita ere antolaketari dagokionez. 'FIVUk antolatu duen lehenengoa izan da baina, seguru asko ez azkenekoa. Lan handia egin dute eta aste osoan lanean aritu dira bertan parte hartu dugun guztiok eroso egon gaitezen eta sor zitekeen edozein gorabehera konpontzen laguntzeko. Horretan lan berezia egin dute Enrique Pottevin eta Miren Saralegui FIVUko kideek, bertako hiru irakasleez gain', azaldu dio EuskalKultura.com-i J.F. Zinkunegik.

Ostiralean izan zen amaiera ekitaldia eta bertan izan ziren Dely Ahuntchain, FIVUren lehendakaria, eta Julian Ariztia, FIVUren idazkaria. Gauean Haize Hegoa euskal etxean 65 bat lagun elkartu ziren 'asado' edo erreki uruguaitar tradizional baten inguruan. trikiti, txalaparta eta dantzaririk ere ez zen falta izan.

Barnetegi 2009 (03)

[Haize Hegoa Euskal Etxean egin zen afariarekin agurtu zuten partehartzaile eta antolatzaileek 2009ko Montevideoko barnetegi hau (argazkia HABE)]

Etorkizunari begira

Barnetegialdia, 2009an Argentinan, Txilen eta Uruguaien emango diren urratsak adosteko baliatu da. Aldi berean, HABEk euskal etxe eta federazio desberdinekin sinatzen dituen hitzarmenak berritu egin dira. Hala egin da, Uruguaiko FIVUrekin eta Euskal Erria Euskal Etxearekin, Txileko Santiago eta Valparaisoko Euskal Etxeekin eta, azkenik, atzo bertan, FEVArekin lankidetza akordio berriak sinatu ditu HABEk.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia