euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan programako Nazioarteko talde berriak bere lehenengo barnetegia egin du urtarrilean, Argentinan

2020/01/31

Etxepare Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programaren 2020an hasitako taldeak San Nicolasn izan zuen lehenengo barnetegia
Etxepare Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programaren 2020an hasitako taldeak San Nicolasn izan zuen lehenengo barnetegia

PUBLIZITATEA

San Nicolas, Argentina. Iazko uztailean bukatu zuen trebakuntza prozesua Euskara Munduan programaren V. taldeak, euskara maila egiaztatze-frogekin. Baina katea ez da batere eten eta talde berri bat hasi da aurten, Hego Amerikako udan, San Nicolaseko Euskal Etxea anfitrioi eta Etxepare Euskal Institutua eta FEVA antolatzaile. Argentina (27), Brasil (2), Txile (3) eta Uruguaiko (3) ikasleak dira, guztira 35: “Taldea sortzeko egin genuen deiak erantzun aparta lortu zuen. Inoiz baino jende gehiagok, irakasle izateko eta trebatzeko nahia azaldu eta eman zuen parte izateko pausoa”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Kinku Zinkunegi Etxepare Euskal Institutuko kide eta Euskara Munduan programako koordinatzaileak.

Talde berriaren lehenengo ikastaro trinkoa urtarrilaren 18an hasi eta 25eraegin da San Nicolasen. Aurreneko mailatik hasi dira ikasleak eta hurrengo lau urteetan online zein aurrez aurre jasoko dituzte euskalduntze bidean lagun izango dituzten edukiak. “Azkeneko urteotan irakasle asko trebatu baditugu ere, beharra nabarmena da oraindik. Gaur egun, 40 bat irakasle ari dira euskarazko eskolak ematen Argentinan. Baina euskal etxeak 100dik gora dira eta askok ez dute oraindik irakasle propiorik. Horregatik sortu da talde berri hau”, azaldu digu Zinkunegik.

Andrea Bella uruguaitarra eta Cecilia Canz argentinarra arduratu dira eskolez. “Biek uztailean bukatu zuen taldeko kideak ziren eta B2a egiaztatu zuten. Uste dut ezin dela partaide berrientzat motibagarriagoa izan”, jakinarazi du Etxepare Institutuko ordezkariak. Beraiekin batera, Gabriela Mendia FEVAko teknikaria eta Zinkunegi bera aritu dira eskola emaile FEVA, tokiko euskal etxea eta Etxepare Institutua lankide dituen ekimen honetan.

Bukatzeko, hitz ederrak baino ez ditu izan irakasle gipuzkoarrak San Nicolaseko Euskal Etxean izandako harrera eskertzeko. “Gure etxean sentiarazi gaituzte. Ikaragarria Ana Erauskin lehendakari duen euskal etxe eta talde honetan guztiek egin duten lana”.

Euskara Munduan programaren 2020an hasi ziren ikasleen zerrenda:

Argentina

-Cordobako Gerora Elkarteko Maria Carolina Aguirre Jordan
-Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Roberto Aguirre
-Bahia Blancako Union Vascako Eugenio Aldacour
-Neuquengo Baskos de la Confluenciako Gabriela Susana Allaria
-Buenos Airesko Laurak Bateko Dina Antonini
-Saladilloko Itxaropen-eko Maria Guadalupe Arocena
-Chascomuseko Zingirako Euskaldunak-eko Catalina Arraras
-San Juango Euzko Etxeko Eduardo Barrios
-Tandilgo Gure Etxeko Santiago Benavidez
-Comodoro Rivadaviako Euskal Echea-ko Eneka Cordoba Servera
-Macachingo Euzko Alkartasunako Enzo Damelio
-Villa Mariako Euzko Etxeko Oscar Damiani
-Mendozako Denak Bat-eko Dario Di Giorgi
-Corpus Christiko Eusko Etxeko Elisa Goya
-Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxeko Jorgelina Belén Chapartegui
-Viedmako Aberri Etxeko Sandro Linares
-San Nicolaseko Euzkal Etxeko Mincha Miro
-Gral. Rodriguezko Eusko Aterpeko Agustina Andrea Olaizola
-Cañuelasko Denak Bateko Cecilia Olivera
-La Platako Euzko Etxeko Magdalena Pastor Pulido
-Rosarioko Zazpirak Bateko Alejandra Persig
-Azulgo Gure Txokoa-ko Maite Salsamendi
-Maipuko Anaitasunako Maria Susana Siccardi Ohaco
-Posadasko Euskal Jatorriko María Silvia Soloaga
-Gral. Belgranoko Gure Etxeko Natalia Soledad Urcola
-Mar del Platako Denak Bateko José Tomás Uriz
-Buenos Airesko Eusketxeko Brian Williams

Brasil

-San Pauloko Eusko Brasildar Etxeko Juliana Da Conceição Batista
-Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeko Maria Cecilia Medina Flor

Txile

-Viña del Mar-eko Maria Andonaegui Arancibia
-Txileko Santiagoko ‘Colectividad Vasca’ko Antonio Basauri Puelma
-Txileko Santiagoko Euzko Etxeko Raimundo Riquelme Hernández

Uruguai

-FIVUko Maria Noel Abella Aiscar
-Saltoko Euskaldunen Taldeko Maria Ines Betancor Gabrielli
-Saltoko Euskaldunen taldeko María Agustina Zaldua Fagundez

Euskara maila egiaztatze-frogak

Euskara Munduan proiektuaren barruan, iazko uztailean egin ziren Buenos Airesen euskara maila egiaztatzeko frogak. Zinkunegik berak EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, 20 ikasle aurkeztu ziren, "emaitza oso onekin gainera: 20 horietatik hamabi B2ra aurkeztu ziren eta zortzi B1era. B2a hamaikak gainditu zuten eta B1a seik”, zehaztu du programaren koordinatzaileak.

Irakasleen Trebakuntza

Barnetegiaren ostean, Irakasleen Trebakuntza tailerra antolatu zuten Etxeparek eta Federazioak San Nicolasen joan den asteburuan, urtarrilaren 25 eta 26an. Kinku Zinkunegi arduradun, hamar euskal etxetako 15 irakasle bildu ziren pedagogia gaietan sakontzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia