euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Hasi ginenean burutik ere ez zitzaigun pasatzen euskararen irakaskuntza honaino ailegatuko zenik' (V)

2010/12/24

Gabriela Mendia eta Miren Arozarena.
Gabriela Mendia eta Miren Arozarena.

PUBLIZITATEA

Duela hogei urte ikasleak ziren. Euskal Herriko hizkuntzan baliabide gutxi baina jakinmin handia zeukaten ikasleak. Orain, hogei urte pasa eta gero euskal etxeen arteko euskara irakasle ezagunenak dira Gabriela Mendia eta Miren Arozarena. Izan ere Eusko Argentinar Bazkun Alkartasuneko --FEVA-- aurpegi publikoak dira eta Macachin herrian hasi ziren ikasle gehienek bezala, euskara dute bizitzaren zati garrantzitsu. EuskalKultura.com 'Argentinan Euskaraz' programari egiten ari zaion omenaldi honetan, hona Gabriela Mendia eta Miren Arozarenaren lekukotasuna.

Buenos Aires, Argentina.  Buenos Airesko Laurak Bat-eko kide izan dira Gabriela Mendia eta Miren Arozarena betidanik. Eta ehun urtetik gorako euskal etxe horretan murgilduta egon dira Euskal Herriko kulturan. Hala ere, 1990ean hizkuntzari zegokionez bertan ikas zezaketena ez zen nahikoa beraientzat. Hori dela eta, 'Argentinan Euskaraz' programan parte hartzera gonbidatu zituztenean, berehala eman zuten baiezkoa.

-Zein euskal etxetik joan zineten Macahinen egin zen lehenengo barnetegi hartara?

Emakume Abertzale Batza eta Lagun Onak Abesbatzaren izenean. Buenos Airesen jadanik bazegoen euskara zabaldu eta irakasteko erakunde berezia, Euskaltzaleak, baina erakunde ezberdinen izenean parte hartuta ere, irakasleok euskararen eskaera sortzen zen lekuan emango genituen kurtsoak.

-Zein zen euskararen egoera zuen euskal etxean programa hasi aurretik?

Laurak Bat sortu zenetik, euskarak lekua izan zuen bertan. 1944tik aurrera Euskaltzaleak erakundea sortu zuten hainbat lagunek. Euskaltzaleak euskara kontuez, euskarri ezberdinetan, arduratu zen: ikastaroak, aldizkariak, bertako euskaltzaleek sortutako materiala, Euskareren Egunaren ospakizuna eta abar eraman zituen aurrera. Gu erakunde horretan txertatu ginen.

-Nolatan sartu zineten programan?

Euskara ikasten ari ginen. Garai hartako kurtsoetan denbora luzea behar zen aurreratzeko. Programaren eskaintzaren trinkotasunak erakarri gintuen, euskaraz ezer egiteko tresna azkarrena eskuratu ahalko genuelakoan.

-Baina bazenekiten euskara ikastaroa hasi aurretik…

Bai, baina zertxobait baino gutxiago. Bigarren egunerako gure aurre-ezagutza osoa agortua zegoen.

-Nolako esperientzia izan ziren hiru hilabeteko barnetegiak?

Puntu honetan, puntu batzuk aipatu nahi dutugu:

-Trinkotasuna: ezaugarri hauetako ikastaro batean parte hartzen genuen lehenengo esperientzia zen. Hasieran gogorra suertatu zen, erritmoa lortu eta mekanika ulertu arte. Aberatsa eta arrakastatsua izan zen ikastaroa. Egunean zortzi klase-ordu izatera heldu ginen.

-Lana: klaseetatik kanpo orduak ematen genituen hurrengo egunerako lanak egiten. Beraz, klase-orduak, etxerako lanak eta gure artean euskaraz hitz egiteko saiakerak kontutan hartuta, benetako barnetegia lortu genuen, euskaran sakon murgiltzea.

-Konpromisoa: lehenengo barnetegi hark lor zitzakeen emaitzen arabera programak segida izango zuen ala ez. Barnetegi hura hainbat euskal etxeren eskaerari emandako erantzuna izan zen, euskara irakasleak eskatzen zituen eskaerari. Ardura honekin, langile eta zintzo ibili ginen. Hilero trebetasun guztien probak egiten genituen.

-Hitza emana: barnetegira joan aurretik, bueltatzean euskara irakasteko hitza emana geneukanez barnetegian ahalik eta gehien ikasi beharra genuen, bai euskaraz, bai materialaz, bai metodologiaz.

-Adiskidantza: halako konpromisoak talde harreman estua sortarazi zigun. Batzuk aldez aurretik ezagutzen genuen elkar, baina hiru hilabete elkarrekin bizita, taldeak nortasun berezia garatu zuen. Hor aipa daiteke herriaren eragina ere. Macachinen, garai hartan, hiriguneko plazatik lau kaletara zelaia irekitzen zen, alanbradak, asfaltorik edo eraikuntzarik eza. Herrian bi taberna zeuden. Gu, hogeita hamar ikasle eta bi irakasle ginen. Asteburuetan hara joan ala hona etorri, beti egiten zenuen topo gutako batekin. Ulertzekoa beraz Macachineko barnetegiari “Macachingo komentua” deitu izana.

-1990eko barnetegia bukatu orduko ikasle/irakasleek klaseak ematen hasi behar izan zuten bakoitzan bere euskal etxean, nolako esperientzia izan zen hura?

Ikasleentzat guretzat baina gogorragoa, ziur. Macachindik martxoaren erdian bueltatu eta apirilean hasi ginen klaseak ematen. Orduak ematen genituen klaseak prestatzen. Klase bakoitzeko planak “gidoia” izena ere merezi zuen: hasierako 'kaixo'-tik azkeneko 'datorren klasera arte', den-dena generaman idatzita, badaezpada. Hala eta guztiz ere, nahiz eta esperientzarik ez genuen, oinarri-oinarrizko euskara baino ez jakin arren, ikasleek aurrera egin eta jarraitu ere egin zuten.

-Nolako ibilbidea egin duzue geroztik euskararen munduan?

Jarraitu egin dugu euskara klaseak ematen. Bestalde, programa hasi zenetik hartu izan dugu parte programaren garapenean. Lehenengo barnetegia emateko bi irakasle etorri ziren Euskal Herritik, Mirenjo Uriarte eta Gurutze Arrieta. Lan izugarria egin zuten. Eta Mirenjok, gainera, programari oinarrizko bultzada eman zion. Hiru urte eman zituen programa aurrera eramaten, irakasleen sarea sortzen, irakasleon bilerak antolatzen, euskal etxeetan euskarari erakunde-maila finkatzen, materialaz eta gure trebakuntza metodologikoaz arduratzen, euskaraz kanpo-ekintzak bultzatzen, ematen ziren klaseak administratiboki antolatzen, lehenengo memoriak sortzen, ikasleekin harremanetan sartzen... 1993an antolaketa instituzionala aldatu zuten eta Mirenjo Euskal Herrira bueltatu zen. Aurreratzean Euskal Herritik Eusko Jaurlaritza eta HABE eta Argentinatik FEVA arduratu ziren jarraipenaz, baina Mirenjok eraikitako antolaketa izan zen abiapuntua. Guk biok FEVAn egiten dugu lan, beraz programari gertutik jarraitzen diogu, 1997tik gutako bat --Gabriela, hain zuzen-- bereziki horren arduraduna delarik.

-Gauza gehiago ere egiten dituzue euskal etxean?

Bai, euskaraz gain, arlo ezberdinetan, momentu bakoitzean behar denean, ekitaldi sozial edo kultural batean laguntza ematetik ekintzak aurrera eramatera.   

-Hogei urte pasa ondoren, balantzea eskatuko dizuet.

Hasi ginenean burutik ere ez zitzaigun pasa proiektua honaino ailegatu eta zabalduko zenik. Gaur egun, euskararen inguruan eraikitako sarean sartuta, hasi ginenon gehiengoak oraindik euskararekin harremanetan jarraitzen duela ikusita, Macachindik aurrera hainbeste irakasle trebatuta, euskal etxe askok euskara bereganatuta, eremu ezberdinetan euskara zabalduta, balantze oso ona baino ezin dugu egin. Atzera begiratuz, beno, 20 urte daude hor, bidean. Eta bide horretan, lana, lagunak, herriak eta hiriak, bizitza. 20 urte eta euskararen presentzia eta jarraipena bermatzeko bideak irekita jarraitzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia