Donostia-San Sebastian. Uztailaren 20an bukatu zen Ateak Ireki programaren 2025eko edizioa eta oroitzapen ederrak baino ez dizkie utzi, parte hartu dutenei baina baita antolakuntzan eta kudeaketan erabat murgilduta gogor lan egin duten Euskal Herriko lagunei ere. Aurreko edizioetan bezala, programak Gipuzkoako Goierriko eguneroko euskal bizitzan murgiltzea izan du helburu aurten ere eta hori dela eta Idiazabal-en egin zieten bertakoek harrera-ekitaldia Ipar Amerikatik etorritako 32 gazte partaideei ekainaren 28an.
Hiru astetan, Goierriko eta Euskal Herri osoko leku esanguratsuenetako batzuk bisitatu zituzten gazteek, tartean Bilbo, Gernika, Gaztelugatxe, Igartubeiti Baserri Museoa, Ataungo Barandiaran Museoa edo Iruñea eta Donostia, batzuk aipatzearren. Neska-mutilek euskal kultura eta tradizioak gertutik ezagutu eta ikasteko aukera ere izan zuten egitarauko parte izan ziren zenbait tailerretan. Euskal dantzen ikastaro bat egin zuten Beasaingo Igartza Jauregian eta EHUren eskutik, musean aritu eta mendian ibili ziren, euskara eta euskal kantak ikasi zituzten, eta sagar zuku tailer bat ere izan zuten, sagardoaren munduari lotua…
21 egun bikain pasa eta gero, programaren amaiera ere iritsi zen eta azken agur jaialdia Zaldibian egin zen, partaide zirela Amerikako gazteak, Goierriko familiak eta Ateak Ireki-ko lantaldea. “Oso pozik eta hurrengo urterako proiekzio bikainarekin eman diogu bukaera Ateak Ireki 2025ri. 32 gazte eta 25 familia elkartzea lortu dugu, eta ototara, hiru urtetan, 100 gazte eta 70 familia baino gehiago uztartu ditugula esan dezakegu”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Diaspora Ikasketetan espezializatuta dagoen Ander Elordui Ateak Ireki-ko koordinatzaile getxoztarrak. “Urte berezia izan da, hemen elkar ezagutu duten gazte eta familia askok Boiseko Jaialdian berriz elkartzeko aukera izango dutelako. Ateak Irekik tokia izango du bertan, proiektua Zortziak Bat Sinposioaren baitan aurkeztu eta programan parte izan direnekin bazkari erraldoi bat egingo duelako”, jakinarazi du Elorduik.
Ateak Ireki programako parte hartzaileak eta anfitrioiak Doniene Gaztelugatxen
Gernikarako egindako bisitan, Juntetxea, Arbol Zaharra eta parkeak bisitatu zituzten
Tailerretan gertuagotik ezagutu zituzten euskal ohitura batzuk: dantzak, sukaldaritza...
Aurtengo edizioko nobedadeak
"Berrikuntza askoko edizioa izan da aurtengoa eta oparoa etorkizunari begira", diosku Anderrek. "Hasteko, Estatu Batuetako Udaleku programara, aurreko urteko gure harrera familietako gazte bat, monitore bezala bidaltzeko aukera izan dugu. Bi asteko egonaldia egin du ekainean Elkoko Euskal Etxean, eta esperientzia ahaztezina izan duela transmititu digu. Lehen aldia da ekimena medio Estatu Batuetako ateak zabaltzen ditugula, eta argi dugu, NABOrekin elkarlanean, epe luzerako zubi bat ari garela zabaltzen”, azaldu digu koordinatzaileak.
"Horri gehitu behar zaio, aurten lehen aldiz, Etxepare Euskal Institutua eta NABOrekin elkarlanean, euskara eskolak eskaini dizkiela programak, Euskal Herrira bidaiatu aurretik, Ateak Irekin parte hartu duten gazte estatubatuarrei". “Eta ebaluatzerakoan, ohartu gara euskara ikastaro horiek baliagarriak eta probetxuzkoak izan direla harrera familiekin eta orotara euskal kulturarekin sakonago harremantzeko orduan”.
Pasadizo hunkigarriak
Hamaika bizipen eta pasadizo hunkigarriak utzi ditu Ireki Ateak-en 3. edizioak. “Ohikoa izaten da, lehen aldiz datozen euskal gazte hauen kasuan, arbasoen herria bisitatu eta familiakoren batekin topo egitea. Hala ere kasu honetan guztiz ausazko zerbait izan zen”, kontatu digu getxoztarrak. “Seguran antolatzen den Erdi Aroko azokan geunden talde txiki bat kale nagusian gora. Boiseko gazteetako batekin ingelesez hitz egiten nindoala, gizon heldu bat ondotik igaro zitzaigun eta nongoak ginen galdetu. Nire ondoan zegoen gazteak Boisekoa zela esan zion eta erakutsi zion bere euskal abizenekin prestatuta zeraman txarteltxo bat”.
“Gizonak txarteleko lehen izena ikusi eta oihu egin zuen bere osaba zela esan zion. Gaztea besotik heldu eta gertu zegoen etxe batean sartu ziren, gu ezin sinetsian. Ordu eta erdi ostean bueltatu zen gaztea gugana, txundituta, galduta zuen familiaren historia honela berreskuratu zuelako”. Baina hau Ateak Ireki programaren lagin txiki bat baino ez da. “Loturak sendotu eta zubiak eraikitzen saiatzen gara. Eta herri proiektu bat den heinean, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuarekin, Goierriko udalerri, elkarte eta familiekin, gogoa eta konpromisoa dagoen bitartean, segituko dugu”, baietsi dute programatik.
Esperientzia ahaztezina eta bizi osorako lagunak
Programa oso trinkoa bada ere, lasai eta beren kabuz ibiltzeko tartetxo batzuk ere izan zituzten gazteek herrietako terrazetan zerbait hartzeko. Eta hori izan zen Stefania Escoz-ek, Ateak Ireki programako aurtengo parte hartzailetako batek, aukeratutako momentua. "Momentu horiek goxoak ziren gure artean lasai hitz egin ahal izateko, elkar ezagutu eta lagun berriak egiteko... eta zerbait freskoa hartzeko, bero izugarria egin baitzuen!", kontatu digu Seattle-koa den Stefaniak. Estatu Batuetako gazteak ere animatu nahi ditu datorren urtean beren izenak eman ditzaten: "Esperientzia ahaztezina da eta bizitza osorako lagunak egingo dituzte!", aurreratzen du.
Ateak Ireki-ko gazteak Segurako terraza batean. Lehen lerroko biak Oihane eta Stef Escoz ahizpak dira
- Bideo eta argazki gehiago, Ateak Ireki 2025 Instagramen, hemen.