Lazkao, Gipuzkoa. 2023an abian jarri zen Ateak Ireki programak aukera ederra ematen die Estatu Batuetako euskal jatorriko 16 eta 25 urte arteko gazteei: hiru asteko murgiltze egonaldia Goierri gipuzkoarrean, euskal kultura, ohitura eta hizkuntzan murgilduta. Helburu hori ondo asko bete dute orain arteko bi edizioetan, parte hartzaileek zein antolatzaileek balantze egin baitzuten 2023ko eta 2024ko edizioen ondotik. Eskarmentuaren oinarrian, Ateak Ireki 2025eko antolakuntzan nobedade txiki batzuk ere sartu dituzte, beti ere balantze oso baikor eta itxaropentsua ematen dien itsasoz bi aldeetako ahalegin euskaldunak elkarrekin lanean jartzen dituen proiektu indar-uztartzaile honetan.
AEBko euskal etxe eta komunitateetako 16 eta 25 urte arteko gazteok Goierriko familia euskaldunetan pasatuko dituzte hiru aste, egunean klase eta saioetara joanez, EHko hizkuntza, kultura eta ohiturak testuinguru
Euskal Herrira abiatu aurretik programan parte hartzeko, hautatutako gazteek euskara eskolak hartu dituzte AEBn. “Ikasteko eskaintza guztiei eman zaie, den-denek ezin izan dute (gehienek lan arazoengatik), baina hala ere taldearen %90ak hartu ditu online oinarrizko euskara klaseak. Etorriko diren gazte gehienek ez dakite euskara eta klase hauen helburua da komunikazioa erraztea, egongo diren familia anfitrioiekin, eta euskaltegira oinarri hobearekin agertzea"”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat den Iñaki Goirizelaiak.
Euskal familia bizimodua
Behin Euskal Herrira iritsita, egitaraua aurreko urteetakoa bezalakoa izango due oro har: euskal dantzak ikasiko dituzte EHUko Udako ikastaroan, euskara Maizpiden, Euskal Herriko bazterrak bisitatuko dituzte, tartean Gernika eta Bilbo, eta besteak beste herri kirolak, mitologia, bertsolaritza eta sukaldaritza ezagutzeko aukera izango dute. Aurten, iaz baino txango gehiago egiteaz gain, seguruenik zerbait euskal futbol klub nagusiekin, eta Albaola bisitatuko dute, besteak beste.
2025eko Ateak Ireki programan 33 gaztek hartuko dute parte, gehienak Kaliforniakoak, Idahokoak eta Utahkoak, baina izango da parteiderik ere Nevada, Washington, Arkansas, Colorado, Oregon, Ipar Carolinakorik, eta AEBtik kanpo, Quebec- eta Ingalaterrako Tyne and Wear ere egongo dira ordezkatuak. Loiura iritsita, autobusez egingo dute Lazkaorainoko bidea, larunbat arratsaldean bertako herriko plazan izango baitituzte zain familia anfitroi eta antolatzaileak.
Eragina AEBko euskal komunitatean
2023tik hona Ateak Ireki programak Estatu Batuetako euskal gizataldean zer eragin izan duen ikusteko oraindik oso goiz bada ere, urtetik urtera gazteen aldetik parte hartzeko gero eta demanda handia dagoela bai ikusten dutela antolatzaileek. Izan ere horren guztiaren berri xeheago jakin nahian, programako arduradunak aztertzen ari dira zein bide erabili parte hartzaileen jarraipenik onena egitearren.
Goirizelaiaren hitzetan, “Nahiko genuke eurekin adostu eta ikusi hurrengo urteetan euren bizi profesionala nola garatzen den, ea parte hartzen duten euskal gizataldearen ekintza kulturaletan, euskara eta euskal kulturaren aldeko ekintzetan… jarraipen hori egiteko pentsatzen ari gara agian sare sozial bat sortzea, gura duten pertsonekin kontaktuan jarraitzeko”, jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i Ateak Ireki-ko erreferenteak.
Bi kontinente, gogo bera
Proiektu hau faktore askoren uztarketa baita. Ideia izan zutenak daude, Goierrin sustatu eta sostengua eman zioten norbanako eta elkarteak, NABOren lankidetza, gazteen partaidetza, familia anfitrioen ezinbesteko inplikazioa, babes ekonomikoa eman dioten erakundeak, eta programan parte hartutako laguntzaile guztiak, euskaltzaletasuna, euskara, euskal kultura eta Diasporarekiko atxikimendu eta engaiamendua biltzaile eta elkarrekiko itsasgarri.
Programa doan da gazte partaideentzat eta joan-etorri hegaldia eta asegurua bakarrik ordaindu behar dute parte hartzeko. Eragile eta babesle dira NABO bera, Batzen (Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika), Goieki (Goierriko Garapen Agentzia) eta Maizpide Euskaltegia, Gipuzkoako Goierri hartzen baitu ekimenak ardatz. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia babesle dira. Informazio gehiago Ateak Irekiren webgunean.
Ateak Ireki Instagram-en, ateak_ireki