euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Jai gogoangarri" batekin ospatu du Montevideon Euskaro Euskal Etxeak bere 114. urtemuga, Andrés de Oyarbide lagun

2025/06/30

Juan Antonio Varesek “Andrés de Oyarbideren legatua Río de la Platan” hitzaldiko bi iruditan Montevideoko Euskaro Euskal Etxean
Juan Antonio Varesek “Andrés de Oyarbideren legatua Río de la Platan” hitzaldiko bi iruditan Montevideoko Euskaro Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. 1911eko ekainaren 29an sortua, hitzordu batzuetako egutegia prestatu du egunotan Montevideoko Euskaro Elkarteak bere 114. urteurrena ospatzeko. Ekainaren 7an hasi zen, Bingoaren edizio eta festa elkarretaratze berezi batekin. Ohi baino jende gehiagok hartu zuen parte “izugarrizko jai giroa” izan zuen ekitaldian. “Opari ederrak banatu genituen, jatekoa gustagarria izan zen oso, eta aurpegi berriak inguratu zitzaizkigun, jai gogoangarria izan zen”, jakinarazi diote Euskarotik EuskalKultura.eus-i.

Joan den ostegunean, berriz, “Andrés de Oyarbideren legatua Río de la Platan” hitzaldia eskaini zuen Juan Antonio Varese idazle, kazetari eta argazkilari uruguaitarrak Euskal Etxean. Arrakasta hemen ere. “Entzuleek oso interes handiz jarraitu zituzten Oyarbideren bizipenak. 35 bat lagun bildu ziren eta hitzaldia bukatzeko ordua pasata ere, pasadizo gehigo eskatzen ari zitzaion hizlariari. Saioa topa eginez eta urtebetetze tarta partekatuz amaitu zen”, adierazi digu EEko erreferente Lucia Goñik.

Andrés de Oyarbide

Gogora dezagun Andrés de Oyarbide, euskal itsasgizon, militar eta geografoa izan zela, 1750 inguruan Gipuzkoan jaioa (data zehatzik ez zaigu iritsi). Berak marraztu zituen Río de la Plata, Uruguai eta Parana ibaien Karta Esferikoak (nabigazio planoak eta mapak). 1806an hil zen, San Ignacio de Loyola izeneko bailandra baten buru zela, ontzia hondoratu zenean ekaitz handi batean fragata britainar baten atzetik zebilela.

Jai egitarauak uztailean jarraituko du Euskaron. Hilaren 20an Sanferminak eta Loiolako San Ignazio eguna batera ospatuko dituzte, elkartearen egoitzan paella erraldoi baten inguruan bilduta. Sukaldariak Juan Pedro Arin eta Juan Carlos Ariztegui izango dira.

- Euskaro Euskal Etxea Instagramen, centro_euskaro



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia