euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Etxe eta federazioekin online bildu ostean, Ziortza Olanoren lehen bidaia Diasporara, Uruguai eta Argentinara

2025/06/27

Ziortza Olano Astigarraga Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria Uruguai eta Argentinara bidaiatuko da ekainaren 30an
Ziortza Olano Astigarraga Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria Uruguai eta Argentinara bidaiatuko da ekainaren 30an

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Duela hilabete eta egun batzuk Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari kargua hartu zuenetik Ziortza Olano Astigarraga bere bulego eta eginkizunez jabetzen ibili da eta, besteak beste, bildu nahi izan du eta agurtu nahi izan ditu eta bere burua aurkeztu, oraingoz birtualki izan ez bada ere, munduko Euskal Etxeetako arduradunen aurrean, horretarako online bilerak eginez NABO, FEVA, FIVU eta Europa, Asia eta Ozeaniako eta gainerako herrialde eta euskal etxeekin. Orain, datorren astelehenean, bere lehenengo bidaia egingo du Olano Astigarragak, izan ere Uruguai eta Argentinara, online agurtutako horietako batzuekin fisikoki bildu eta euren ekitaldi batzuetan parte hartzeko. Euskal Herrira itzulita, bere partaidetza espero da Frantziako Euskal Etxeetako arduradunek Baionan uztailaren 12an egingo duten bileran. Eta uztail amaieran Estatu Batuetara abiatuko da, Boiseko Jaialdin NABOrekin eta Ipar Ameriketako euskal etxeen ordezkariekin biltzera, Pradales lehendakaria ere partaide izango duen euskal festa handian.


Zuzendari berriak munduko federazio eta EEen aurrean aurkezteko egindako online bileretako irudiak

Uruguai eta Argentinara

Datorren astelehenean hasiko du Ziortza Olano Astigarragak bere lehenengo bidaia ofiziala, Uruguai eta Argentinara. Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria bere bulegoko Benan Oregi teknikaria lagun doa. Montevideo izango du lehen geldialdia. Asteartean goizean goiz iritsita hiriko euskal etxeekin eta FIVUrekin bilduko da, baita Errepublikako Unibertsitateko arduradunekin ere. Haize Hegoa, Euskaro eta Euskal Erria EEak bisitatu eta iluntzean, herrialdeko euskal etxeekin afalduko du. Asteazkenean, Buenos Airesera abiatuko da, eta programak FEVArekin biltzea dakar, Eusko Kultur Etxea eta Ekin argitaletxea bisitatzea, Iparraldeko Euskal Etxea, Euskaltzaleak eta Laurak Bat, gauean hiriko euskal etxe guztietako ordezkariekin afaltzeko. Ostegunean, Buenos Aires probintzian, Llavallol-go Euskal Echea ikastetxeraino heldu da eta La Platako Euzko Etxea ere bisitatuko du.

Ostiralean, uztailaren 4an, Bahia Blanca izango du helburu, Union Vasca Euskal Etxeko ordezkariekin hitz egin eta martxoko uholdeak bertako euskal komunitatean utzi zituzten kalteak hizpide, balizko laguntzak aipatzeko. Larunbatean Mar del Platara bidaia, bertako Denak Bat Euskal Etxean hilabeteroko bilera ibiltaria egingo baitu FEVAren Zuzendaritza Batzordeak. Aukera baliatuko dute Olanok eta Oregik asteburuan Argentina osoko gazteek, FEVA antolatzaile, egingo duten formakuntza tailerrera bildu eta partaideak agurtzeko, tailerraren lekuko izanik, eta Mar del Platara bertaratutako euskal etxe, gazte eta ordezkariekin iritziak eta informazioa trukatzeko. Bertatik itzulera Buenos Aires eta Euskal Herrira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia