euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ilusioz eta gogotsu Haraneko Euskal Etxean, gazte-jendearen energia batu nahi duten bi proiektu berrirekin

2025/06/26

Haraneko Euskal Etxeak aurrera segitzen du helburu estrategikoak lortu eta gazteak erakartzea lortzearren, jarraipena bermatzeko bidean
Haraneko Euskal Etxeak aurrera segitzen du helburu estrategikoak lortu eta gazteak erakartzea lortzearren, jarraipena bermatzeko bidean

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Chubut Iparrekialdeko Haraneko Euskal Etxeak jardunaldi parte-hartzailea antolatu zuen iaz urte hasieran, bere ekintzen plangintza egiteko. Kultura kudeatzaile eta artistekin batera, Euskal Etxeak dituen erronken inguruan hausnartu zuten eta, besteak beste, gazteen partaidetzaz. Elkartearen jarraipena belaunaldi berriak erakartzean datzala jakitun, eta kopuru esanguratsuan gainera, ekin zioten lanari. Baliatu zuten horretarako, kulturaren arloan gazteen prestakuntza indartzen duen "Bulkada Sortzailea 2025" Programa, Chubut Gobernuaren Kultura Idazkariordetzaren ekimena. Lortu zuten bi ikasle eurenganatzea, Luna Vacca Copello, arte bisualen arlokoa, eta Milagros Barragán, Multimedia Ekoizpen Teknikaturakoa. Eta orain bi kultura proiektu berriren koordinatzaile dabiltza: euskal kulturari buruzko erakusketa interaktibo eta ludiko bat, eta ikus-entzunezko piezen ekoizpen plana.

Batez ere belaunaldi berriengana heldu, eta Euskal Etxeak sare sozialetan eta mundu digitalean duen irismena zabaltzeko asmoz, Milagros Barraganek —Tamara Seronekin, bolondres gisa bildua— Haraneko Euskal Etxeak antolatutako kultur ekitaldien erregistroa egingo du, eta ikus-entzunezko piezak ekoitziko dituzte, Euskal Berria saioari buruzkoak bereziki, esan nahi baita EEa duela bi urte emititzen hasi zen irratsaio honi buruz. Lehenengo lanak uztailaren hasieran kaleratzea espero dute. Euskal Berria astearteetan emititzen da, 15etatik 15:30etara, LU20 Radio Chubut, Patagoniako audientzia handieneko irratiaren bitartez. Horrez gain, Spotify-n programak entzuteko estekak aurki daitezke Facebook-eko “Centro Vasco del Noreste de Chubut” orrialdean eta Instagram-en, “Haranekoeuskaletxea”.

Gogotsu eta poz izugarriz 

Eszenografian, barne diseinuan eta efektu berezietan trebatutako Luna Vacca Copelloren arte bisualetako ikasle gaztearen eskutik, bestalde, euskal kulturari buruzko erakusketa interaktibo eta ludiko bat garatuko dute, Trelewko eskola haur eta nerabeei zuzendua. Euskal baserria, musika-tresnak, sinbolo tradizionalak eta pertsonaia mitologikoak izango dira erakusketaren ardatzetako batzuk, eta kolektiboki egin nahi dute. Horretarako, datorren larunbatean, ekainaren 28an, bilera batera deitu dute, Haraneko Euskal Etxeko bazkide guztiei proiektuarekin bat egiteko informazioa eta gonbidapena luzatzeko. "Une hau poz izugarriz bizi dugu. Bi proiektuek gogotsu gauzkate oso, gazte-jendearen energia batu eta aukera ematen baitigute Euskal Etxearen etorkizuna begirada, ahots eta parte-hartze berriekin proiektatzeko", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Milagros Ibarbia lehendakariak.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia