euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maite Bilbao, argentinar euskalduna: «Argentinan askok euskara zertarako behar dugun galdetzen digute»

2009/03/25

Maite Bilbao, Hernanin bizi den Necocheako euskalduna (argazkia GariGaraialde/ArgazkiPress/Berria)
Maite Bilbao, Hernanin bizi den Necocheako euskalduna (argazkia GariGaraialde/ArgazkiPress/Berria)

PUBLIZITATEA

Hernanin bizi da Maite Bilbao. Argentinako Necochean jaio eta hazia, familiako eta bertako euskal etxeko euskal giroek kulunkaturik bizi izan zen, 1997an, gazte-gazterik Euskal Herrira etorri eta Necochean ikasten hasitako euskara Lazkaoko barnetegian hobetzea erabaki zuenean, Biologia karrera amaiturik. Anaia ere Hernanin dauka orain, eta beste anaia eta familia Necochean, euskal etxean buru belarri, argentinar eta euskaldun. Hernaniko AEKn euskara irakasle da Maite. Honako elkarrizketa eman du argitara gaurko Berria egunkariak, Korrika bihar hasiko dela-eta.

Hernani, Gipuzkoa. Argentinan jaio bada ere gurasoei esker txikitatik euskaraz bizi dela dio Maite Bilbaok,eta txikitatik euskal kulturarekin zerikusia duen guztia ikasten dutela gaineratu du. Buenos Aires probintziako Necochea (Argentina) herrikoa da Maite Bilbao. 31 urte ditu eta Hernanin bizi da, anaia bezala. Bertako AEKn eskolak ematen dizkie atzerritarrei. Argentinar euskaldun dezente dagoela esan du Maite Bilbaok.

-Euskaraz Argentinan bertan ikasi zenuen? Nola izan zen euskara ikastearen prozesua?

Txikitatik, jaio ginenetik, Euskal Etxera joaten ginen gurasoekin. Ama beste herrikoa bada ere, beste Euskal Etxera joaten zen, eta aita berriz, Necocheakora. Euskal kulturarekin harreman zuzena izan dugu. Euskal kulturarekin zerikusia zuen guztia ikasten genuen, dantzak eta euskaraz, besteak beste. Euskarazko eskolak argentinar indigena batek ematen zizkigun. Hark ez zuen euskal arbasorik, ez ezer, baina senarra euskalduna zen. Euskararekiko interesa piztu zitzaion, eta liburuen bidez ikasi zuen. Gero guri irakatsi zigun. Hala ere, hasieran jolasen bidez ikasten genuen batik bat. Horrela belarria lantzen hasi ginen. Geroago Tandil hirian barnetegi bat egiteko aukera sortu zen. Euskal Etxe bakoitzetik pertsona bat joaten zen. Barnetegia egin, euskaraz ikasi eta ondoren bakoitzak bere Euskal Etxean eskolak ematea zen xedea. Aipatu barnetegia egiten hasi nintzen udako oporretan. Argentinan bi barnetegi egin nituen, eta hirugarrena Lazkaon.

-Eta noiz izan zinen Lazkaoko barnetegian?

1997an.

-Argentinan bizi eta euskaraz hitz egitea,nola egin zenuen? Zaila izaten zen. Hainbat hilabetetan eskolak jasotzen ematen genituen. 8 orduko eskolak izaten genituen, oso intentsiboak ziren, baina barnetegia bukatu ondoren sei hilabete eman zenitzake inorekin euskaraz hitzik egin gabe. Nik gure Euskal Etxean euskaraz egiteko aukerarik izan nuen. Euskal Herriko hiru heldu zeuden, eta Azpeitikoa zen batekin dezente egiten nuen euskaraz. Gure artean praktikatzen saiatzen ginen, baina askotan denbora asko pasatzen zen euskaraz hitz egin gabe.

-Argentinako jendeak zer esaten zizueten? Nola ikusten zuten euskararekiko zenuten zaletasuna?

Euskal Etxearen barruan normala zen. Agian denok ez genuen aukera bera, baina gogoa bai. Ildo horretan, batzuek dantza eta beste batzuek palan jokatu egiten genuen. Euskaraz ahalik eta gehien bizitzen saiatzen ginen. Euskal Etxetik kanpo beti izan gara euskaldunak. «Los vascos» deitzen ziguten. Jendeak ondo hartzen zaitu, baina askok euskara zertarako behar genuen galdetzen ziguten.

-Hernanira noiz etorri zinen?

97an Euskal Herria ezagutu nuenean asko gustatu zitzaidan, eta ikasketak bukatutakoan etorriko nintzela esan nion neure buruari. Handik bost urtera hilabete bat pasatzera etorri nintzen, lagun batzuekin eta anaiarekin, eta Biologiako ikasketak amaitu ondoren denboralditxo bat pasatzera etorriko nintzela erabaki nuen. Barrutik ezagutu nahi nuen Euskal Herria.

-Hernanik AEKko euskaltegian euskara eskolak eman dituzu.

Atzerritarrei ematen dizkiet eskolak. Aixa izeneko eskolak izaten dira atzerritarrentzat, eta haientzat eskolak ematen jarduten dut. Batzuetan, Mintzagunea izeneko eskola bereziak izaten dira, eta bertan ere parte hartzen dut.

-Zer esaten dizute ikasleek?

Hemengo ikasleei arraroa egiten zaie. Nik egin badut haiek ere euskaraz ikas dezaketela esaten didate askok. Ni argentinarra naiz, baina euskalduna.

-Lehen,ikasle,eta orain,irakasle. Aldaketa,nola?

Argentinan bertan bizi nuen hori. 16 urte nituenean eskolak ematen hasi nintzen. Oso talde heterogeneoa zen. 60 urteko lagunak, 40 urtekoak, eta ni hamabost urtekoa. Barnetegia egin nuen abenduan eta martxoan itzuli nintzenean beraien irakaslea izan nintzen. Gainera, gazteena nintzen. Hasieran gogorra izan zen, baina lagunak ginen, eta seriotasuna alde batera utzi genuen.

-Zer da AEK zuretzat?

97an etorri nintzenean euskara ikastera etorri nintzenen, eta HABEk Lazkaon duen barnetegian izan nintzen. Oso esperientzia polita izan zen. Hasieran ez nuen AEK ezagutzen, baina hona etorri nintzenean AEKko lagun bat egin nuen, eta bere bidez ezagutu nuen. Bertako giroa asko gustatzen zait, eta laguna ere horrekin jabetu zen.

-Korrikaren berririk ba al zenuen lehen?

Bai. Duela lau urte lehenengo korrika antolatu nuen Necoechea nire herrian. Gasteizko eta Iruñeko AEKko lagun batzuen bidez petoak eta horrelakoak bidali zizkiguten eta Euskal Etxetik hondartzaraino 8 kilometroko ibilbidea antolatu genuen joan-etorria eginez. Euskal Etxeko gazte askorekin antolatu genuen. Guraso askok korrika egin ez bazuten ere, autoetan ibili ziren tutua jotzen, bozgorailuz Korrikaren abestia jarriz, beste batzuek bizikletan egin zuten ibilbidea … azkenean 100 bat lagun elkartu ginen. Oso polita izan zen. Euskal Etxera gerturatu ginenean lekukoa eman genion gure euskaldun bati. Haien omenez egin genuen.

LOTURA INTERESGARRIAK

Korrikaren webgunea
www.korrika.org

AEKren webgunea
www.aek.org

HABEren webgunea
www.habe.org

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia