Chino, Kalifornia, AEB. Erne uda honetan Ipar Amerikako euskal komunitateetan etxeko haur/gaztetxoak NABOren Udalekura eraman nahi dituzten gurasoak! Datorren igandean, martxoaren 1ean, NABOk aurtengoan Kaliforniako Chinon gauzatuko duen NABO Udalekun izena emateko epea zabalduko du, 18:00etan (PST, Kaliforniako ordua), online. Urterokoa gertatzen bada, lasterketa batean bezala, familiak seiak puntu-puntuan sartuko dira NABOren webgunean eta euren seme-alaba, iloba edo bilobak apuntatuko dituzte eta lekuak berehala bukatuko dira, beraz erne behar da ibili eta gauzak azkar egin, bestela itxaro-zerrendara pasatzeko arriskua baitago, NABOren xedea parte hartu nahi duen haurrik kanpo ez uztea bada ere.
Izen-ematea NABOren webgunetik behar da egin. 18:00etan puntuan aktibatuko da "Udaleku Application" dioen laukia, eta hori gertatu ostean, laukian klik egin eta bertako formularioa behar da bete, ahalik eta azkarren, eskaera behar den moduan erregistratuta gera dadin. Gogora dezagun, NABO Udalekua, federazio honek kide dituen euskal etxeetako partaide diren (eurak edo euren guraso edo familiakideak) 10-15 urte arteko haur eta gaztetxoentzat prestatutako jarduera dela.
Aurten Kaliforniako Chino herrian
Aurten ekainaren 21etik uztailaren 5era bitartean egingo da Udaleku, ohi bezala Estatu Batuetako zein Euskal Herriko begirale eta irakasleez. Edizio hau Kaliforniako Chinon egingo da bertako Euskal Etxea antolatzaile. Udalekuren amaierak bat egingo du 2026ko NABOren Biltzar Nagusi eta Euskal Festarekin, SCBC (Southern California Basque Club) euskal etxearen 80 urteak ere ospatuz, SCBC antolatzaile. Udalekun parte hartzeko kuota, 535 eurokoa da partaide bakoitzeko. Beka sistema bat badago, parte hartu nahi eta arazo ekonomikoak izan ditzaketen familientzat, eta haur bat baino gehiago bidali nahi dituzten familiek ere prezuo apalagoa daukate. Edozein zalantza argitzeko, idatzi Valerie Arrecheari udaleku@nabasque.eus helbidera.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


