euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Oinkari taldeko dantzariek Idaho Stampede saskibaloi taldearen Euskal Gauan parte hartu zuten

2009/03/25

Boiseko Ikastolako umeek jokalariak agurtu zituzten kantxara atera zirenean (argazkia EITB)
Boiseko Ikastolako umeek jokalariak agurtu zituzten kantxara atera zirenean (argazkia EITB)

PUBLIZITATEA

NBAko animatzaile famatuak izango balira bezala, baina euskal ikutu garbiarekin, joan den martxoaren 19an Boiseko Oinkari dantza taldeko kideek emanaldi berezia egin zuten Idaho Stampede taldearen partidan. Emanaldia Euskal Gaua izeneko ekitaldi berezi baten barruan egin zuten, saskibaloi taldeak eta hiriko euskal elkarteek antolatuta. Sarrerekin bildu zen diruaren zati bat euskal elkarte horiek finantzatzeko erabiliko da. Stampede taldea NBA Development League delako ligako --NBAk antolatzen duen garapen liga bat-- iazko txapeldunak da.

Boise, AEB. Idaho Stampede saskibaloi taldearen joan den osteguneko partidak euskal giroa izan zuen, 'Basque Night' izeneko ekitaldia antolatu baitzuten taldeak berak eta Boiseko hainbat euskal elkartek. Gauak hasiera ederra izan zuen: Boiseko Ikastolako haurrak kantxara atera eta jokalariak agurtu zituzten bostekoa emanez. Une berezia izan zen txikientzat eta ziurrenik ez dute berehala ahaztuko. 

Ondoren atsedenaldian Patxi Kerns dantzaria atera zen kantxara eta aurreskua dantzatu zuen. Kerns Oinkari taldeko kidea da eta Lazkaoko barnetegian euskara ikasle ibilitakoa ere bada. Gero Oinkariko zortzi dantzari atera ziren, neskak eta mutilak, eta beste euskal dantza bat eskaini zuten. Oinkari 50. urteurrena ospatzen ari da aurten eta AEBetako euskal dantza talde garrantzitsuenetakoa da. 750 dantzari pasa izan dira Oinkaritik urte hauetan. Euskal Gaueko sarreren prezioa 12 dolarretakoa izan zen, ohi baino merkeago, eta sarrera bakoitzeko 5 dolar Idahoko euskal elkarteen finantziazioan laguntzeko erabiliko dira.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia