euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Marina Paglialunga: 'Oso garrantzitsua deritzot munduaren beste muturrean euskararen alde egiten den lanari' (IV)

2010/12/23

Marina Paglialunga euskara teknikari argentinarra
Marina Paglialunga euskara teknikari argentinarra

PUBLIZITATEA

Argentinan Euskaraz programaren lehenengo barnetegian parte hartu zuten ikasleek bide ezberdinak segitu dituzte. Batzuk Argentinan euren euskal etxeetan klaseak ematen segitu dute; beste batzuk denboraren poderioz proiektua utzi zuten. Baina badago beste talde bat: beren lekua Euskal Herrian aurkitu zutenak, Euskal Herria barrutik bizi eta bertan geratu direnak. Hau da Lomas de Zamorako Marina Paglialungaren kasua. Duela 20 urte euskara ikasten hasi zen neskak, bi hamarkada hauetan muga guztiak gainditu eta gaur egun euskararekin daukan lotura ezin da estuagoa izan. Urteak dira Marina Gipuzkoako Segura herrian bizi dela eta argentinar euskaldun petoa da.

Buenos Aires, Argentina. Hainbat argentinar bezala, Marina Paglialungak bere herria uztea erabaki zuen eta 18 urte dira Euskal Herrian bizi dela, Segura herrian, Gipuzkoako Goierrin hain zuzen. Bertako gizartean erabat integratuta dago eta hori ez da kasualitate hutsa izan. Euskal Herrira heldu zenean, Marinak horretarako gako ezinhobea eraman zuen: euskara, Argentinan 'Argentinan Euskaraz' programan ikasitakoa. Gaur egun euskara teknikaria da Marina. Hona bere erantzunak itaunei.

- Zein euskal etxetik hartu zenuen parte Macahingo barnetegian?

Lomas de Zamorako Denak Bat euskal etxearen izenean joan nintzen, nahiz eta ez nintzen euskal etxeko bazkide.

-Zein zen euskararen egoera Lomas de Zamorako euskal etxean programa hasi aurretik?

Euskaldun gutxi batzuk zeuden, alfabetatu gabeak. Bestelako ekintzak burutzen ziren bertan, baina euskarazko klaserik ez.

-Zergatik erabaki zenuen programan sartzea?

Lehendik hasita nengoen euskara ikasten, eta gehiago ikasteko aukera aparta izango zela iruditu zitzaidan.

-Bazenekien zeozer ikastaroa hasi aurretik?

Buenos Aireseko Laurak Baten ibilia nintzen euskara ikasten, eta banuen azaleko ideia bat.

-Zer nolako esperientzia izan zen?

Geroago ezagutu nituen hemengo barnetegiekin konparatuz gero, oso bereziak izan zirela esango nuke. Alde batetik, ez da gauza bera barnetegi bat hemengo herri batean antolatzea edo Pampan antolatzea. Hemengo barnetegi batean egonda, klaseak bukatu eta kalera irteten bazara, ikasten jarraitzeko aukera daukazu; han ordea, irakasleek 'mundu euskaldun' bat eraiki behar izan zuten, hizkuntza irakasteaz gain. Euskal Herriko kultura eta hainbat gauza ere ezagutzen lagundu ziguten, folklorismoa alde batera utzita; gaur egungo Euskal Herria nolakoa den erakutsi ziguten. Jendea ere, era guztietakoa zegoen, oso ezberdinak, eta horrek ere berezitu egin zuen.

Oso esperientzia berezia izan zen niretzat, eta oso oker ez banago, aurreneko barnetegian parte hartu zuten guztiak nirekin ados egongo direla uste dut. Euskal Herritik joan ziren bi irakaslerentzat ere ahaztezina izango zela iruditzen zait; badakit aluzinatzen zutela.

Esperientzia ona izan zen niretzat, nahiz eta momentu txarrak ere pasatu nituen, baina urteen buruan balantzea eginez gero, oso positibotzat joko nuke. Ez naiz batere damutzen, eta berriro egiteko aukera izango banu, errepikatuko nuke zalantzarik gabe.

-1990ko barnetegia bukatu bezain pronto ikasle/irakasleek klaseak ematen hasi behar izan zuten euren euskal etxeetan...

Gure kasuan, azpimarratzekoa da euskal etxekoek eman ziguten harrera, laguntza, berotasuna… Beldur pixka bat bagenuen, baina oso babestuta sentitu ginen, eta esperientzia zoragarria izan zen.

-Nolako ibilbidea egin duzu geroztik euskararen munduan?

Lehen esan bezala Buenos Aireseko Laurak Batean hasi nintzen. Aurrena bertako irakasleekin, eta geroxeago neure kasa. Macachingo barnetegitik hasita eta 1992an Maizpide euskaltegira etorri arte, antolatu ziren barnetegi guztietan hartu nuen parte.

Maizpideko 3 hilabeteko ikastaroa bukatutakoan, beste 3 hilabetez luzatzeko eskaera egin nuen, eta eman egin zidaten. Beste hiru hilabete horiek EGA prestatzen aritu nintzen. EGA lortuta, Argentinara bueltatu nintzen, denbora gutxirako. Tarte horretan Tandilen antolatu zen barnetegi batean irakasle aritu nintzen, hemendik joandako beste irakasleekin batera. Geroago, Euskal Herrira bueltatu nintzen, eta Maizpiden bertan hasi nintzen lanean.

Ez dakit ondo zein urtetan, baina Bahia Blancako barnetegi batean klaseak emateko aukera eskaini zidaten, eta onartu egin nuen, jakina. Orduan ere oso esperientzia ona izan zen berriro ere Argentinako ikasleekin lan egitea. Hau izan zen programarekin izan nuen azkeneko harremana.

-Segitu duzu geroztik euskara eta euskal kultura lantzen...

Ia hemezortzi urte daramatzat Euskal Herrian bizitzen, eta Argentinara tarteka joaten banaiz ere, ez daukat harremanik euskal etxearekin. Hala ere, beti jarraitu dut euskararen inguruan lanean. Hasiera batean Seguran bertan udalak antolatutako klaseak ematen nituen, eta herrian euskararen erabilera sustatzeko talde bateko sortzaileetako bat naiz. Euskararen irakaskuntzarako materialgintzan ere aritu izan naiz, eta gaur egun  Elhuyar Aholkularitzan egiten dut lan, eta Bizkaiko enpresa batean ari naiz, euskara teknikari.

-Hogei urte pasa dira, begira ezazu atzera eta egizu balantzea bat.

Azaletik ezagutzen dut ni Euskal Herrira etorriz geroz gertatutakoa, ez nintzateke programaren emaitza orokorrez hitz egitera ausartuko. Nire garaiari dagokionez, ordea, balantze positiboa egingo nuke, bidean batzuk galdu bagara ere, gehiengoak lanean jarraitu baitu, eta hori pozgarria da oso. Izan ere, tristea da, baina gaur egun Euskal Herrian bertan euskara jasaten ari den erasoak ikusita, eta Euskal Herritik bertatik gure hizkuntza mantendu eta indartzeko egiten den ahalegin urria kontuan hartzen badugu, oso garrantzitsua iruditzen zait munduaren beste muturretik euskararen alde egiten ari den lana.

Lotura interesgarriak

Segurako Udala
www.seguragoierri.net

Lazkaoko Maizpide Euskaltegia
www.maizpide.com

HABE
www.habe.org

FEVA
www.fevaonline.org.ar



Komentarioak

  • Aupa Marina!

    Zorionak zure onbidea delako! Ni Brasilen euskara irakasten ari naiz, beno ikasten ari naiz ere bai, baina etsai asko dira, zoritxarrez bat edo beste Euskadin jaio ziren. Besarkada bat eta gero arte. Oskar

    Oskar Goitia - Eusko-Brasildar Etxeko Lehendakaria, 2010/12/24 13:56

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia