euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk eta Etxepare Institutuak 2021 Neguko Barnetegiaren data konfirmatu dute: uztailaren 17tik 24ra, online

2021/07/01

FEVAko Gabriela Mendia, Arantxa Anitua, Carlos Miguelena eta Elba Mocoroa; Etxepare Institutuko Kinku Zinkunegi
FEVAko Gabriela Mendia, Arantxa Anitua, Carlos Miguelena eta Elba Mocoroa; Etxepare Institutuko Kinku Zinkunegi

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. FEVAko Zuzendaritza Batzordea eta Etxepare Euskal Institutuako ordezkari den Kinku Zinkunegi bildu egin dira urteko bigarren zatiari begira euskararen arloko zenbait erabaki hartzeko. Bilera bukatuta, euskara irakasleak trebatzeko ikastaro trinkoaren datak jakinarazi dituzte: Hego Amerikako Neguko barnetegia uztailaren 17tik 24ra egingo da, Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko 28 ikasle-irakasle partaide.

Online egingo da astebeteko ikastaroa, Schoology plataforman, eta aurrez aurreko ikastaroetan egiten den bezala komunikazio gaitasun guztiak landuko dira. Eskolak, Euskara Munduan programan bertan trebatutako lau irakasleren esku egongo dira –izenak oraindik ez dira konfirmatu– eta Arantxa Anitua FEVAko lehendakariak EuskalKultura.eus-i aurreratu dionez, C1 maila egiaztatuta dutenen artean aukeratuko dira.

Behar da gogoratu, trebakuntza prozesuari San Nicolaseko Euskal Etxean 2020an ekin zion talde honek aurrez aurreko kurtso bakarra izan duela, San Nicolasen hain zuzen, 2020ko udan. Hala ere, FEVA, Euskara Munduango arduradun Kinku Zinkunegi eta Jon Urdangarin irakaslea bat datoz balantzean. Anituak laburbilduta, “erritmo bikainean ari dira, lan handia eginez eta hasieratik programarekiko engaiamendu handia erakutsi dute. Hori beti da aipatzekoa, baina bizi dugun egoeran, askoz aipagarriagoa”, esan du FEVAko lehendakariak.

"Garai zaila pandemiarena, zalantzarik gabe, baina behin baino gehiagotan aipatu dugun legez, itxialdiak aukera paregabea eman zion Federazioari, teknologia berriak lagun, ekintza gehiago antolatzeko eta euskal etxe gehiagorengana iristeko". Honekin lotuta, eta datorren larunbateko Federazioaren bileraren ostean, nobedadeak egon daitezkeela formakuntzaren arloan aurreratu digu FEVAko buruak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia