euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irene Lopez de Vicuña: "Ezin da Euskal Herria bere osotasunean ezagutu euskara ez baduzu ezagutzen" (VI)

2010/12/27

Irene Lopez de Vicuña
Irene Lopez de Vicuña

PUBLIZITATEA

'Argentinan Euskaraz' programaren emaitza eta ikurretako bat da Irene Lopez de Vicuña. Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiko irakasle eta Eusketxeko langile, Argentinan Euskal Herriaren zati bat sortzen eta elikatzen lagundu du Lopez de Vicuñak bertatik pasatu diren hainbat euskaldunentzat. Euskal etxe askotan ez dira heldu berriak euskaraz hartzen. Irene Lopez de Vicuña dagoen lekuetan, berriz, euskaldun peto batekin egiten dute topo euskal herritarrek.

Buenos Aires, Argentina. Macachin herrira eta 'Argentinan Euskaraz' programaren lehenengo barnetegian parte hartzera heldu ziren ikasle gehienek bezala, Irene Lopez de Vicuñak ezin zezakeen batere asma noraino iritsi behar zuen euskararekin. Gaur egun, bere inguruan inor gutxik bezala menperatzen du euskara: euskara irakasle ibilia da zenbait euskal etxetan eta baita 'Argentinan Euskaraz' programan antolatutako barnetegietan ere; urtetan Eusko Kultur Etxea-Eusketxeko 'aurpegi publikoa' izan da eta Euskal Herrira egindako bi bidaietan lagun euskaldun mordo bat egin ditu, euskara medio besteak beste.

-Zein euskal etxetik joan zinen Macahingo lehenengo barnetegi hartara?

Euskaltzaleak-en izenean joan nintzen. Euskaltzaleak-eko kidea nintzen, euskara ikasten 1989an hasia nintzen, eta ordurako Eusko Kultur Etxean ari nintzen lanean.

-Zein zen euskararen egoera zuen euskal etxean programa hasi aurretik?

Aspalditik bazegoen Laurak Baten euskalzale talde bat, izen horrekin hain zuzen, Euskaltzaleak, euskara irakatsi eta zabaltzeko propio sortua. Larunbatero ematen zituzten eskolak. Garai hartan bi irakasle argentinar zeuden eta hemen bizi ziren Euskal Herriko bi neska --Begoña eta Itziar, oker ez banago-- ibiltzen ziren irakasle maila altuagoetan. Kristoren esfortzua egiten zuten eta hala ere oso zaila zen aurrera egitea. Hasteko, astean behin elkartzen ginen bakarrik, bi orduz, eta horrek ez zuen asko laguntzen. Materialaren aldetik, eskasa eta zaharra zen. Gainera, klasetik kanpo erdaldunen jarrera orokorra ez zen oso lagungarria, adore emango zizun bat topatzea miraria zen. Euskal etxeko ikastaroan apuntatu nintzenean bertako jendeak esaten zidan ez nuela inoiz ikasiko, ezingo nuela, euskaraz hitz egitea ezinezkoa zela eta halakoak. Hilabete pare batez klasetara joan eta hasita nintzen pentsatzen ez ote zuten arrazoi izango... Horregatik Macachingo barnetegira joatea eskaini zidatenean berehala eman nuen baietza.

-Orduan zeozer bazenekien Macachinen hasi aurretik…

Agurtzeko formulak-eta, egian esan ezer gutxi; orain, atzera begiratuta, esango nizuke ezer ez!  

-Nolako esperientzia izan ziren hiru hilabeteko barnetegiak?

Esperientzia gogorra. Hasteko, Buenos Aires hiriburukoa izanik halako herri txiki batean hiru hilabete igaro beharra beldurgarria zen. Baina, bestaldetik, zortea izan nuen gaur egun Euskal Herrian bizi den lagun bat nirekin joan zelako eta elkarren artean, ia jolas moduan, euskaraz hasi ginen hizketan. Egunak pasa ahala gainerako ikaskideak ezagutzen joan nintzen eta garai hartan sortutako harreman batzuk sendo diraute, distantziak tartean egonda ere.

-1990eko barnetegia bukatu orduko ikasle/irakasleek klaseak ematen hasi behar izan zuten bakoitzak bere euskal etxean, nolako esperientzia izan zen hura?

Barnetegitik bueltatu bezain pronto irakasle lanetan hasi behar genuen eta hala egin nuen neuk ere. Hau ere esperientzia zaila izan zen oso mugatuak sentitzen ginelako. Bagenekien euskara maila aldetik asko falta zitzaigula eta taldeko gutxi batzuk irakasle edota maisu-maistrak izan arren, nik neuk ez nituen ikasketa horiek, eta euskara irakatsi beharrak egin ninduen irakasle. Dena den, arlo horretarako prestakuntza ere berehala jaso genuen; ikaskideen laguntza ere funtsezkoa izan zen.

-Nolako ibilbidea egin duzu geroztik euskararen munduan?

Eskolak eman ditut, euskal etxe askotan, FEVAk Argentinan antolatutako barnetegietan ere ibili nintzen irakasle, euskara dela eta hitzaldiak eman eta kongresuetan ere hartu nuen parte. Garai batean aldizkari elebidun bat argitaratzen genuen eta, besteak beste, Fermin Muguruza eta Bernardo Atxagari egin genien elkarrizketa hona, Buenos Airesa, etorri zirenean duela 16 urte inguru. Euskal Herrira bi aldiz joan naiz euskara hobetzera, eta hango lagun euskaldun askorekin harreman sendo eta aberasgarriak lotu eta segitzen ditut gaurdaino.

-Gauza gehiago ere egiten dituzu euskal etxean...

Aurten, irakasle ibiltzeaz aparte, zine ziklo bat antolatu genuen irakasle-ikasle batzuekin. Hamabostero filme bat botatzen genuen, euskaraz, azpitituluekin gazteleraz. Horrela, ikasleek euskara ikasgelatik kanpo entzuteko aukera izan dute eta, hizkuntza ezagutzen ez zutenek behintzat aukera izan dute zelako doinua daukan entzuteko.

-Hogei urte pasa ondoren, zein da zuk egin dezakezun balantzea?

Balantzea, dudarik gabe, ona da. Euskal Herria euskararen herria da, hori denok badakigu, baina nik gehiago esango nuke: ezin da Euskal Herria bere osotasunean ezagutu euskara ezagutu gabe.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia