euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan: 2022ko Udako Barnetegia urtarrilaren 15etik 22ra egingo da, bi egoitza presentzial eta beste bat online

2021/12/29

Euskara Munduan programako 2019ko Udako Barnetegia
Euskara Munduan programako 2019ko Udako Barnetegia

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Aurrez aurreko ekintzetara bueltatzeko beharrari erantzunez, Hego Ameriketan euskara irakasleak trebatzeko 2022ko lehenengo ikastaro trinkoa aurrez aurre izango dela baieztatu du FEVAk. Hala ere, eta osasun egoera oraindik normalizatu ez denez ikastaroa hiru egoitzatan egingo da aldi berean: San Nicolaseko Euzkal Etxean, Bahia Blancako Union Vascan, eta hiri hauetara bertaratu ezin direnek Federazioaren Zoomaren bidez egin ahal izango dute.

Ezohiko esperientzia urtarrilaren 15etik 22ra luzatuko da eta 25 ikasle-irakasle bilduko ditu: 12 Bahia Blancan, 7 San Nicolasen eta beste 6 online. Irakasleak, berriz, Gabriel Arce, Rocio Basterra, Cecilia Canz, Kinku Zinkunegi eta Gabriela Mendia izango dira.

FEVAk jakinarazi du barnetegian parte hartzen dutenek protokolo berezi bati jarraitu beharko diotela eta antolatzaile, irakasle eta ikasleen ardura izango dela behar bezala betetzea. Horretaz gain parte hartzaileek Covid txertaketa-eskema osoa izan behar dute. Zinpeko aitorpena ere sinatu beharko dute, protokoloa onartuz.

FEVAko lehendakari Arantxa Anituaren hitzetan, Federazioa oso pozik dago aurrez aurreko ekintza hau antolatu ahal izateagatik, “batez ere Euskara Munduan programako talde honentzat oso garrantzitsua izango delako, orain artean aurrez aurreko barnetegi bakarra izan baitute. FEVAn pozik gaude urtea honela hastearekin, badakigu-eta berriz aurrez-aurre elkartea guztiok behar dugun gauza dela eta urrats honek itxaropenez betetzen gaitu”.

Euskara irakasleak trebatzeko barnetegia Euskara Munduan programaren baitakoa da, Etxepare Euskal Institutua babesle.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia