Villa María, Argentina. Argentinako diasporaren urteko hitzordu nagusia hasteko bost hilabete eskas falta direnean, Villa Maríako Euzko Etxeak intereseko informazioa ezagutarazi du 2026ko Euskal Aste Nazionalari begira. Topaketa urriaren 5etik 11ra bitartean egingo da, elkarte cordobatarraren 80. urteurrenarekin batera, eta antolatzaileek jada zehaztu dituzte jarduera bakoitza hartuko duten hiri-guneak eta izena emateko ohiko voucheren salneurriak.
Agertokiak ezagunak egingo zaizkie Villa Marian bertan egindako Eusikal Aste Nazionalaren aurreko edizioetan (1972, 2003 eta 2013) egon zirenentzat. Urriaren 9ko (ostirala) musika jaialdia Parque de la Vida delakoan egingo da (Gdor. Sabattini Centro). Ohiko larunbateko (urriaren 10a) gaualdia, berriz, Udal Anfiteatroak abegikotuko du ostera ere (Elpidio González 193). Igandean, urriaren 11n, herriko Costaneran egingo dituzte plazako dantzak. Gainera, Villa Maríako Sociedad Ruraleko egoitzan (9. Errepide Nazionala, 563. km) egingo dira bazkariak, afariak eta erromeriak. Otordu guztietan bi plateretako mahaiko zerbitzua eskainiko da, baxera osoa eta edariak barne.
Bi voucher mota
- Voucher Gorria (hiru egun, ostiraletik igandera): Ostiral eta larunbateko bazkariak, afariak, erromeriak eta gaualdiak barne hartzen ditu, baita igandeko banketea ere. Prezioa $260.000 peso, helduentzat, eta $130.000 peso, 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzat.
- Voucher Berdea (bi egun, larunbatetik igandera): Larunbateko bazkaria, afaria, erromeria eta gaualdia, baita igandeko banketea ere barne. Prezioa $180.000 peso, helduentzat, eta $90.000 peso, haurrentzat.
2026ko Euskal Aste Nazionaleko voucherrak bost kuotatan ordaindu ahal izango dira
Planifikazioa errazteko, ordainketa bost hilabetetan banatzeko aukera egongo da, kuotak hil bakoitzeko 5etik 15era bitartean ordainduta. Azken zatia —urriari dagokiona— esku dirutan ordaindu beharko da Euzko Etxean bertan, egiaztagiria jaso eta txartela hartzerakoan. Ordainketa osoa aldi bakarrean egin nahi dutenek irailaren 1era arte (asteartea) izango dute horretarako aukera.
Ordainketak banku-transferentzia bidez egin behar dira:
- Kontu korrontea: BBVAko 275-008264/2
- CBU: 01702752200000000826420
- CUIT: 30-66934451-8).
Transferentzia egin ostean, eta diru-sarrera behar bezala erregistra dadin, ordainagiria cvascovm@gmail.com helbidera behar da bidali.
Txartelak ez daude berez pertsona jakin bati lotuak. Beraz, azkenean norbaitek joaterik ez badu, beste norbaiti pasa dakioke txartela, izen-aldaketa norberak kudeatuta. Ordaindutako kopuruak ez dira itzuliko.
Komunikazio bide ofizialak. Jaiari buruzko zalantza guztiak argitzeko komunikazio bide ofizialetara behar da jo, hemen beherago bildu dizkizugun haietara::
- Emailez: cvascovm@gmail.com edo semanasvascavillamaria@gmail.com
- Instagram: @centrovascovillamaria
- Facebook: cvascovm
- WhatsApp: +54 9 353 4213400.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


