Shanghai, Txina. 2005ean jaio zen Shanghaiko Euskal Etxea eta berehala bilakatu zen topagune preziatu bat Txinara epe baterako iristen ziren Euskal Herriko enpresetako lagunentzat. Eta Euskal Etxea martxan jarri bezain laster futbol taldea ere sortu zuten, kirolaren bidez ere euskal kultura zabaldu daitekeelakoan. Gaur egun, Shanghaiko euskal futbol taldea Euskal Etxeko lagunez dago osatuta eta Euskal Etxea eta Euskal Herria ordezkatzen ditu ASAS7 delako ligako partidetan.
“Hogei urte dauzka taldeak eta esan behar dugu urte hauetan asko aldatu dela, batez ere pandemia garaian euskal herritar asko etxera bueltatu zirelako”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i taldeko kapitainetako bat eta EEko lehendakari ohi den Ivan Seras-ek. “Hasieran gehienok ginen Euskal Herrikoak, tartean Nafarroakoak eta Iparraldekoren bat ere. Pandemiaren ostean osaketa aldatu zen eta gaur egun beste herrialde batzuetako lagunak ere talderatu ditugu. Hala ere, gurekin jokatu ahal izateko gure balioak izan behar dituzte, Euskal Etxearen balioak, alegia”.
Euskal balioak zelaian eta zelaitik kanpo
Balio horiek zelaian eta zelaitik at erakusten ditu taldeak eta agian horregatik Ligako lehenengo talde mistoa izan zen. “Hasieran ez ziguten ematen baimena emakumak ere jokalari izateko baina azkenean lortu genuen eta denboraldi batean hiru emakume izan genituen taldekide. Gero galdu genituen, baina ez direlako gehiago Shanghain bizi. Izan ere, jendearen joan-etorria etengabea da hemen, inor ez da geratzen bolada luzeetarako”, jakinarazi digu laster ere etxeratuko den bilbotarrak.

Shanghaiko Euskal Etxeko futbol taldea martxoan ateratako argazki ofizialean
Balioak garrantzitsuak dira eurentzat eta partida bakoitzerako zazpikoa aukeratu behar dutenean ere, eusten diete balio horiei. “Nahi duguna ondo pasatzea da eta, guretzat inportanteagoa da, esaterako, partidetan guztiok jokatzeko aukera izatea irabaztea baino. Irabazi nahi dugu, bistan da, baina emaitzak ez dauka lehentasuna”, azpimarratzen du komentzimenduz Ivanek. Taldearen ardura ere ez da pertsona bakar batena. Taldeak hiru kapitain ditu –taldean denbora gehien daramatenak– eta Zuzendaritza bat, erabakiak Euskal Etxekoarekin batera hartzen dituena".
'Novatada'
Jokatzen duten liga, ASAS7, Shanghaiko liga pribatu bat da eta bertan hirian dauden beste gizatalde batzuetako futbol taldeek ere jokatzen dute. “Espainia, Frantzia, Alemaniaren izenean-eta jokatzen duten ekipoak daude eta polita da haien kontra jokatzea. ‘Alemania Euskal Herriaren kontra!’, esaten dugu… Horrela, Euskal Etxearen lana eta geure kultura ere zabaltzen dugu”, adierazi du atezain gisa kotazen duen bilbotarrak. Gaur egun Ligako B mailan dago taldea, borrokatzen berriro A maila pasatzeko. Baina historian, Liga eta Kopa irabazitakoak dira lehenengo mailan.
Jendearen joan etorriek taldean eragina dutenez, Elkartean urte batzuk daramatzatenek badakite erreleboa kudeatu behar dutela eta horretan dabiltza. Hor ezinbestekoak dira ‘fitxaje’ berriak eta aurten lau lagun berri gehitu dira taldera. “Fitxatuta daude baina erabat talderatuta egoteko ‘novatada’ pasa behar dute. Sarbidea erabat egiteko pasatu behar duten nolabaiteko ‘prenda’ bati deitzen diogu; jokalari berriek, sukaldean sartu eta janaria prestatu behar dute talde osoarentzat. Aste pare barru, adibidez, 24 lagunentzako bazkaria prestatuko dute, Euskal Etxean jakina, futbol taldeko kidea izatea Euskal Etxeko kide izatearekin batera baitoa".
- Shanghaiko Euskal Etxea Instagramen, shanghaiko_euskal_etxea

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


