euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uholde txuriurdina prest mundu osoan Realaren atzetik Errege Koparen Finalean Madrilgo Atletico-ren aurkako lehian

2026/04/17

Leku askotan bilduko dira Realaren zalean 2026ko Errege Kopako Finala ikusteko
Leku askotan bilduko dira Realaren zalean 2026ko Errege Kopako Finala ikusteko

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Jende asko dabil aztoratuta azkenaldian, bereziki aste honetan, Donostia eta Gipuzkoan, baina baita Euskal Herri osoan eta Diasporan ere. Gehienak futbolzaleak dira, baina badira hala izan gabe ezinegon horretako parte direnak. Itxaronaldia bere amaierara iristen ari baita eta larunbat honetan, apirilaren 18an, Donostiako Reala, Real Sociedad Futbol taldea, Madrilgo Atletico-ren aurka lehiatuko da Errege Kopako finalean. Martxoko finalaurrekoan Realak bere lehiakide klasikoari, Bilboko Athletic-i, irabazi ondoren, bidean jarri du bere burua bere laugarren Kopa eskuratzeko. Partida Sevillan jokatuko da, La Cartuja zelaian, bertan 21ak, gaueko 9ak direla, telebista eta pantailen bidez ikusleak mundu osoan lortuko baditu ere.

Bai, uholdea bailitzan, ilusioa zinezko lagun dutela, ordu hauetan klub gipuzkoarreko milaka zale iritsiak edo iristekotan dira Sevillara aipatutako esperantza eta irabazteko gogoa animoan eta irribarretan, partidako estutasun handiko 90 minutu horiek —120, luzapena badago— zuzenean bizitzeko. Gainera, txuri-urdinak ez ezik, oro har euskal gizarte osoa erabat inplikatuta duen lehia du honakoa, Diaspora barne. Ahal izan duten guztiek batere merkea ez zen txartela erosi eta bertaratuko dira, partida zelai barrutik edo hirian ezarri den fan-eremu realzaletik segitzeko. Gehiago izango dira, baina,, Sevillaraino heldu ezin izango duten zaleak, batzuk Donostiako Udalak Alderdi Ederren, Udaletxe parean muntatu duen beste fan-eremutik jarraituko dutenak, eta are gehiago euren etxeetatik, tabernetatik, elkarteetatiik, eta munduan barrena beste hamaika euskal etxe, etxe partikular, biltoki eta tabernetatik ekipoarekin ilusio bereko partaide bat egingo dutenak.

Hamaika hitzordu eta ilusioa

Giro honetako parte, Diasporan zehar sakabanatuta dauden Realeko peñek asteak daramatzate antolatzen non eta nola elkartuko diren taldea urrutitik, baina ez indar gutxiagoz, animatzeko. Shanghaitik Buenos Aireseraino, pasatuz Mexiko, Boise, New York, Londres, Tokio edo Valentziatik, solik batzuk aipatzearren. Whatsapp foroak gori-gori dira, are gehiago eguna eta ordua iristen doan heinean. Bistan da artikulu honetan ezin izango ditugula guztiak bildu, ezta gutxiago ere, baina bai agertu nahiko genukeela aste honek eta Sevillako partidak ekarri duen giroaren eta esperantza eta bategite kolektiboaren isla, bereziki munduan barrena euskal diasporako kideek, hamaika euskal etxe eta peñek deiturik, baina baita bestela ere, nonahitik jaurtiko duten animo eta aupatze orroa helaraziz La Cartujako joko-eremyraino.

Estatu Batuetan, ‘Txuriurdin Amerikanuak’ peña gogor ibili da hitzorduak sustatzen eta animatzen ondoko eta urrutiko euskal etxe eta lagun-taldeak bil zitezen partida elkarrekin ikusteko. Euskal etxeetan, AEBko euskal etxe dekanoa den New Yorkekoan, Euzko Etxearen egoitzak aterpetuko du hitzordua larunbat honetan, bertan 15ak direnean. Chicagon, berriz, A. J. Hudson’s Public House tabernan bilduko dira zaleak, 12:00etatik aurrera. Eta peñaren egoitza den Boisen, hiri erdiguneko Basque Block-ek emango die abegia bilduko direnei, auzo horretako Leku Ona euskal jatetxean, 13:00etan. San Frantziskon, ostera, Kaliforniako peña realzalearen eskutik, Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center izango dute bilgune, bertako jatetxea, 12:00etatik aurrera.

Partida eta pintxo-potea

Mexiko Hiriko zaleak Euskal Etxea izango dute erreferentzia eta geraleku Polancon, 12:00etatik aurrera, planak lehenik pintxopotea eta ondoren partida dakarrela. Kolonbian, Aintioquia aldekolagunak Medellínen ipini dute hitzordua, Gure Mendietakoak Euskal Etxea deitzaile, Obelisco Merkataritza Zentroan, 13:30etatik aurrera. Kostalderago, Barranquillan, Karibeko Euskal Etxeko lagunek luzatu dute deia, Cra 67-en, ordua 14:00ak izanik. Perun, Trujilloko euskaldunak ez dira atzean geratu eta Euskal Etxearen egoitzan batuko dira14:00etan. Liman ere ez dute galdu nahi izan hain egun berezia eta Mirafloresen, Euskal Etxearen egoitzan antolatu dute elkarretaratze eta festa.

Buenos Airesen, Realeko Peña deitzaile, munduan zabalik den euskal etxe zaharrena, Laurak Bat, izango dute bilgune 16:00etan, Belgrano 1144n. Eta Rosarion, Zazpirak Bat euskal etxeak emango dio aterpe deialdiari. Europako zaleek, oro har, askoz errazago dute Sevillara joateko aukera, baina bidaiatu ezin dutenentzat lagunekin elkartu eta partida elkarrekin telebistaz ikustea aukera seguruenik ahaztezina izango da askorentzat. Erne eta antolatze lanetan bizkor ibili dira, esaterako, Valentziako zaleak eta Euskal Etxea bera, 19:30etik aurrera elkartzera deitu baitute, partida hasi aurretik giroa landu eta emozioari bide emateko asmoarekin; Londresn, bertako Realeko Peñako lagunak ere bilduko dira, beraien kasuan, Cambells auzoko pub irlandar batean.

Madrilen, konparazio, espainiar hiriburuko Euskal Etxeko Errealzaleak peñak abisatu du elkarte kide ia guztiak Sevillara joango direla, "baina geratuko direnak gogor eusteko asmoa daukatela, Euskal Etxean bilduta". Hitzordua, 21etan. Bartzelonan, Euskal Etxeak abegia emango dio lehenikl Marte Lasarte talde donostiarraren kontzertu bati, euren lehena hiriburu katalanean, eta garaiz bukatuko dute, koloreekin jantzi, girotu eta partida "behar den moduan" segitzeko, iragarri dute.

Jakina da txuri-urdinekiko zaletasuna Asiara ere iritsia dela, eta bertatik ere –ordu aldea gorabehera– partida jarraituko dute. Tokion, gaur egun Tsubasa Kumano buru duen Peñak taberna batean partida ikusteko ekitaldia antolatu du, publiko orokorrari ere irekia. Grina berezia dute Japoniako zaleek partida hau “Take-ren lehen titulua izango delako” aitortzen du Tsubasak, 2022an Realak fitxatutako Takefusa Kubo erdilari japoniarrari erreferentzia eginez. 

Euskal Herrian bezala, Diasporan ere bizirik dago askotan Realaren eta Athleticen arteko lehia klasikoa. Oraingoan, ordea, diaspora osoak –Athletic-eko zaleek barne– bat eginik emango dio babesa talde txuri-urdinari, Errege Kopa berriro Euskal Herrira itzul dadin. Hala adierazi dute hainbat peñatako ordezkariek, bai Athletic-ekoek zein Real-ekoek. “Gure artean babesa beharrezkoa da, eta ikasi duguna da Euskal Herriko diaspora irrikan dagoela Realaren garaipena lortzeko, guztiok artean ospatzeko eta titulua Euskal Herrira eramateko”, azaldu digu Txuriurdin Amerikanuak peñako lehendakaria den Haritz Maillo Elorza arrasatearrak. Emaitzei buruz ere, animoz begiratzen dio partidari. “Partida gogorra izango da; Atletico talde sendoa baita, baina guk ere talde bikaina daukagu, eta neurketa itxia izango dela uste dugun arren, sentsazio onak ditugu!”, jakinarazi digu.

EuskalKultura.eus-etik ere bat egingo dugu, Kopa “etxean” gera dadin. Txun txun txun txun txun  txun, Reala Txapeldun! Áupa Reala!

- Txuriurdinak Amerikanuak en Instagram, txuriurdin_amerikanuak



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia