euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cordobatarrak-ek eta Villa Maria-ko EEko dantzariek bat egin zuten 'Mundu guztia Alta Gracian' jaialdian

2012/02/20

Cordobako Gure Txokoa eta Villa Mariako Euzko Etxeako dantzariak 'Mundu guztia Alta Gracian' jaialdian (argazkia EE)
Cordobako Gure Txokoa eta Villa Mariako Euzko Etxeako dantzariak 'Mundu guztia Alta Gracian' jaialdian (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Argentinako Gizataldeen Festa handienetako bat da Alta Gracia hirian urtero gauzatzen den 'Mundu guztia Alta Gracian' delako jaialdia. Aurtengo edizioa, hogeita bosgarrena hain zuzen, urtarrilaren 31tik otsailaren 5a arte luzatu zen eta izen handiko artista anitz bildu zituen. Euskal kolektibitateak ere, aspaldiko partez egiten duen bezala, hartu zuen parte erakustaldian eta beste herri askotako ordezkariekin batera, arbasoen zapore, usain, soinu, dantza eta hizkuntza hurbildu zizkion publikoari. Cordoba hiriburuko Gure Txokoa euskal etxeko lagunek izan zuten ikurrina altxatzeko ohore eta ardura eta Villa Maria-ko Euzko Etxea-ko dantzariekin batera euskal dantzak tauletara eramatekoa.

Alta Gracia, Cordoba. Uda sasoin betean eta tajamar-a lekuko ospatu da otsail hasietan Cordoba probintziako Alta Gracia herrian 'Mundu guztia Alta Gracian' jaialdia. Izenak argi adierazten duenez, mundu osoko hamaika gizatalde dira festako protagonistak eta kultur aniztasun horretaz gozatzera hurbiltzen da publikoa astebete irauten duen ekitaldira.

Urteroko deialdiari erantzunez, 2012ko edizio honetan Cordoba hiriburuko Gure Txokoa euskal etxeko dantzariek, “Cordobatarrak” izeneko taldean bildurik, jaiko bi agertoki bereganatu zituzten euren dantza, erritmo eta koloreekin. Baina ez ziren euskal ordezkari bakarrak izan ikuskizunean. Villa Maria-ko Euzko Etxea-ko dantza taldeak lagundu zituen “Cordobatarrak” urtearen lehenengo aurkezpen honetan.

“Jaialdiaren garrantzia dela eta, euskal etxeko gazteek Villa Mariako dantzariak gonbidatu zituzten”, azaldu dute Gure Txokoa-ko arduradunek. “Lan handia egin zuten bi taldeek ikuskizun bikaina eskaini ahal izateko, entsegu-saio luze eta trinkoak egin zituzten eta emaitzak agerian geratu ziren Kolektibitateen Jaiko bi agertokietan. Txalo mordoa jaso zuten eta zorion agur berezi bat antolaketa taldearengandik”.

“Gauza hauek guztiengatik, esker beroak eman nahi dizkiegu Alta Graciako jaialdiaren antolatzaileei urtero-urtero gure erakundeari ematen dion lekua eta gure kultura, dantzak, musika eta sukaldaritza erakusten uzteagatik, eta batez ere gure dantzari eta Villa Mariako gazteei, euren jarrera paregabekoagatik”, adierazi du Cordoba hiriburuko Gure Txokoako Zuzendaritza Batzordeak gure erredakziora helarazitako oharrean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia