Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak hilabeteko epea irekiko du astearte honetan, maiatzaren 26an, Diasporaren Lege-aurreproiektuari ekarpenak, ñabardurak eta iradokizunak aurkeztu nahi dituztenek hala egin ahal izan diezaten. Emeki ari da bere bidea egiten Diasporaren Lege berria eta hau Legebiltzarrera sartu aurretik egitea dagokion urratsa da, Legebiltzarrean aurkeztu eta bertan dauden hautetsiek eztabaidatu aurrekoa. Ander Caballero, Kanpo Ekintzako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusiaren esanetan, Diasporaren Legea oinarrizko abiapuntu bat baieztaturik eraiki da, esan nahi baita "gure muga geografikoen barruan zein kanpoan bizirik eta taupaka ari den komunitate baten aitortza", euskal komunitate globalaren aitortza alegia.
"Imanol Pradales Lehendakariak Boisen agindutakoa betez, aurreproiektua jada publikoa da, eta horrekin batera, denboran zehar elkarrekin egindako lanaren emaitza den etapa bati ekin diogu. 2025. urte amaieratik, adituengandik eta diasporako kideengandik jasotako ekarpenak, hausnarketak eta ikaskuntzak partekatu ditugu. Topaketa bakoitzak baieztatu du lege hau zuei guztioi entzunez eta elkarlanean soilik eraiki daitekeela; une erabakigarri honetan, entzuteko borondate hori areagotzen dugu: prozesua ireki dugu ahots guztiek testua osatu, ñabartu eta aberastu dezaten", adierazi du Caballerok.
Alegazioak ekainaren 29ra arte
"Datozen asteetan, honez gain, online zein aurrez aurreko hainbat topaketetara gonbidatuko zaituztegu, marko berri honi buruzko elkarrizketa sakontzen jarraitzeko eta modu partekatuan eraikitzeko". Alegazioak aurkeztu ahal izateko, lege-aurreproiektua eskuragarri egongo da Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzan (Nafarroa 2, 01007 Vitoria-Gasteiz) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Baina aurreproiektua, artikulu honen amaierako estekan ere topatu ahal izango duzu pdf formatuan. Aurrez aurre edo online aurkeztu ahal izango dira alegazioak.
Diasporaren Lege-aurreproiektua hilabetez entzunaldian eta informazio publikoaren izapide-aldian egotea markatzen duen 2026ko Maiatzaren 18ko Ebazpena gaur maiatzaren 25ean eman du argitara EHAA Buletin Ofizialakmeta, beraz hilabeteko epe hori bihar asteartea maiatzaren 26an hasiko da korritzen eta ekainaren 29a izango du aipatu alegazioak aurkeztu nahi dituztenentzat azken eguna.
- Lehendakariaren 6/2026 Dekretua aurretiaz Lege-aurreproiektua onartuz (euskaraz eta gaztelaniaz, pdf-n)

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


