euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Overtrails', Euskal Herria ezagutzeko era berri bat, Diasporarentzat bereziki pentsatua, Villa Marian aurkeztuko da

2013/10/31

Karlos Agirre, Overtrails programaren sustatzailea, Itsaslur taldearen Iruñeako bulegoan
Karlos Agirre, Overtrails programaren sustatzailea, Itsaslur taldearen Iruñeako bulegoan

PUBLIZITATEA

Euskal Herria turisten zirkuitoetatik kanpo ezagutu nahi al duzu? Zure arbasoen lurra bertakoa bazina bezala bizi eta esperimentatzea amestu al duzu? Horixe proposatzen du, hain zuen ere, Itsaslur taldeak, 'Overtrails' izeneko proiektuarekin. Diasporarentzako bereziki pentsatutako programa da eta datorren astean Villa Marian Argentinako Euskal Astean aurkeztuko dute Itsaslurreko ordezkariek. Egitasmoak hiru bidaia mota eskaintzen ditu: kultur bidaiak, euskaran murgiltzeko egonaldiak eta esperientzia bizitzeko bidaiak, arrantzale eta baserritarren bizimodua zuzenean ezagutzeko.

Iruñea-Pamplona. Itsaslur taldeko Karlos Agirre, Argentinako Euskal Aste Nazionalean egongo da datorren astean, Villa Mariara biltzen diren Diasporako kideei aurrez aurre aurkezteko 'Overtrails Tour Operador' egitasmoa. Euskal Herria era desberdin batean ezagutu eta bizi nahi duten Diasporako kideentzat diseinatutako bidaia programa da Overtrails, eta arduradunen esanetan, "turismoaren bitartez zubiak sortzea eta elkar hobeto ezagutzea" da bere helburua.

Karlos Agirrek hainbat aurkezpen egingo ditu Villa Marian, azaroaren 8tik 10era. Berarekin harremanetan jarri nahi ezkero, edo hitzorduren bat finkatzeko, idatzi hona

Hauek dira overtrails programak eskaintzen dituen hiru bidaia motak:

-Kultur esperientziak eta bidaiak

Euskal Herrian 8 edo 12 egun, "gure kulturako bizimodu tradizionala ezagutzeko: nola bizi ziren gure aiton-amonak atzerrira joan aurretik", azaldu du Karlos Agirrek. Gida euskaldunekin eta ingelesez/gaztelaniaz egiten duten laguntzaileekin (sei lagundik gorako taldeentzat). Agroturismo edo landetxe bilakatu diren baserrietan ostatua eta esperientziak: Erraizabal baserria, Artzainen Ekomuseoaren egoitza; Aikur baserria, erlezaintza eskola duena; Gomiztegi baserria, artzain txakurrei eta gaztari buruz ikasteko; edo Txindurri Iturri baserria, sagardoa egiten ikasteko.

"Horrez gain Debako hondartzan bainatuko gara, pintxoak jango ditugu Getarian, Zumaian,  Zarautzen, Bermeon eta Donostian, eta "Jonny Maracas" ontzian helduko gara portu horietara, Zumaiako Flysch-aren historia ezagutuko dugu, Bilboko Guggenheim Museoa eta Getariako Balenciaga Museoa bisitatuko ditugu, Pasaian arrantzaleen bizimodua ezagutuko dugu eta Mater museo-ontzian ibiliko gara... ", gehitu du Agirrek.

-Euskaran murgiltzeko egonaldia

Bost asteko bidaia euskara ikasteko edo hobetzeko. Lehenengo hiru asteak Iruñean klaseak hartuko dituzte bidaiariek eta bertako familia euskaldunekin biziko dira. Klaseak IKAk emango ditu Arturo Campion euskaltegian, Gazteluko Plaza ezagunaren ondo-ondoan. Hurrengo bi asteetan Nafarroa iparraldeko familia euskaldunekin euskaran murgiltzeko egonaldia.

-Esperientziak bizitzeko barnetagiak

12/14 eguneko egonaldiak euskal kostaldean, euskara praktikatzeko. Ostatua Zumaian, Legazpian eta Pasaia inguruan. "Euskal bizimodu tradizionalak ezagutu eta biziko ditugu, eta aldi berean, euskara hobetuko dugu. Goizez landa eta itsas munduan jarduerak egingo ditugu eta arratsaldez bi orduko klaseak eta solasaldiak izango ditugu, landu dugun gaiari buruzkoak, gramatikarekin uztartuta", agertu du Agirrek.

Egitasmoari buruzko bideo bat:

  

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia