euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urtea dantza & musikaz hasiz Villa María eta Maipúko EEetan eta DOA kontzertua Anaitasunaren mende erdia ospatzeko

2026/03/20

Ezk. esk., Egunabarreko dantzariak, DOAren kontzertua Tandilgo 2025ko EANean, DOAren entsegua eta Villa Mariako udaletxean,  Euzko Etxeko iragarpena Argentinako diasporaren topaketarik handienaren anfitrioi gisa 2026an
Ezk. esk., Egunabarreko dantzariak, DOAren kontzertua Tandilgo 2025ko EANean, DOAren entsegua eta Villa Mariako udaletxean, Euzko Etxeko iragarpena Argentinako diasporaren topaketarik handienaren anfitrioi gisa 2026an

PUBLIZITATEA

Maipú, Buenos Aires. Uda atzean uzten hego hemisferioan eta Argentinako euskal etxeak ohiko martxa berreskuratzen ari. Ikasturte berrian, ohi bezala, begiradetako asko euskal etxeetan Villa Marían jarrita daude jada, bertan ospatuko baitute 2026an Euskal Argentinar Aste Nazionala. Prestaketak abian dira eta asteburu honetan bertan hasiko dira herrialde osoko euskal etxeetako arduradunak urteroko hitzordu garrantzitsu horretako kultur egitaraua gorpuzten: dantza taldeetako zuzendariak online, pantailaren aurrean bilduko dira, eta musikariak, berriz, Maipún elkartuko dira aurrez aurre.

Dantzari dagokionez, larunbat goiz honetan, martxoaren 21ean, lehenengo bilera egingo dute 2026ko Euskal Aste Nazionaleko gaualdi tradizionalean partaide izango diren taldeak koordinatzeko. Euskal Asteko Antolakuntza Batzordeak deituta, saioa birtuala izango da ahalik eta zuzendari gehienek parte hartu ahal izan dezaten. Villa Maríako Euzko Etxe anfitrioiko dantza arduradunek —Sofía Echeverría, Victoria Echeverría, Valentín Gortari eta Marianela Stauble— gidatuko dute saioa, eta hogeita hamar bat euskal etxetako dantzari-zuzendari biltzea aurreikusten da.

Anaitasunaren 50. Urteurren Kontzertua

Aldi berean, Maipúko Anaitasuna Euskal Etxearen 50. urteurrenaren baitan, FEVAk deitutako euskal etxeetako Musikarien Topaketa egingo dute Buenos Aires probintziako aipatu herri honetan. Martxoaren 21etik 23ra, 13 euskal etxetako 27 musikari elkartuko dira Euskal Asteko txaranga, erromeria eta plazako errepertorioak entseatzeko. Gainera, DOA (Diasporako Orkestra Argentinarra) orkestrako kideek Anaitasunak antolatutako Urteurren Kontzertuan parte hartuko dute, herriko dantzariekin batera.

Maipúko Udalaren babesarekin, igandean, martxoaren 22an, Anaitasunak bere mende erdiko ibilbidea ospatuko du herritar guztiei irekitako kontzertu handi batekin. Arratsaldeko 6etan, Manuel Belgrano plazaskan, DOA orkestrak pieza tradizionalak eskainiko ditu, moldaketa garaikideekin uztartuz. 'Egunabar' taldeko dantzari txiki, gazte eta helduek, baita 'Itzultzeko' taldeko nagusiek ere, lagunduko diote orkestrari beren pausoekin. Eguna amaitzeko, kalejira egingo dute euskal etxearen egoitzaraino, bertan taska batez gozatzeko eta topaketari amaiera biribila emateko.

Zorionak, Maipú eta partehartzaileak!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia