Nantes, Frantzia. Nantesko Festival du Cinéma Espagnol (FCEN) jaialdiaren baitan egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloak 25 edizio beteko ditu aurten. Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin eta ‘Ça colle au basque’ euskal kultura frankofonian ezagutarazteko egitasmopean sustatzaile dituen erakusleiho hau Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio sendoenetakoa da, eta urtero euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.
Euskal leihoak 25 urte bete dituen edizio honen baitan, guztira, 20 euskal ekoizpen izango dira Nantesen martxoaren 21etik 29ra egingo den zinema-jaialdian, eta euskal zikloaren efemeridea goratzeko, hiriko Graslin operako antzokian euskal zinema-sorkuntzari eskainiko ekitaldi berezia antolatuko dute martxoaren 25ean, 19:00etan. Lehenik, Euskadiko Filmategiak Frantziako Zinematekatik berreskuratutako Nemesio Manuel Sobrevilaren ‘Elai Alai’ (1938) film dokumentala eskainiko da. Gerraren ondorioz erbesteratutako Gernikako Elai-Alai haur dantza taldeko irudiak eskaintzen ditu zintak, baita Eresoinka abesbatzako kideenak ere.
'Karmele' filma eta bere zuzendari Asier Altuna Nantes-en egongo dira
Filmaren soinurik gabeko pasarte zenbait Joserra Senperenak musikatuko ditu zuzenean, berak berariaz ondutako konposizio bat interpretatuta. Izan ere, Euskadiko Filmategiak 2012an ‘Elai Alai’-ren hainbat atal sonorizatu zituen, ordura arte Frantziako Zinematekaren negatiboak ez baitzuen soinurik batere. Ondoren, ‘Karmele’ filma aurkeztuko da, Asier Altuna zuzendariaren eskutik. 2025. urtean estreinatutako zintak Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizitzako pasarte batzuk pantailaratzen ditu, gerra bereko testuinguruan bizitakoak hauek ere. ‘Karmele’k Kirmen Uribe idazlearen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eleberria du ardatz.
25. euskal leihoaren programazioan, gainera, beste zazpi film luze eta Kimuak 2025 programako zazpi film labur proiektatuko dira, baita ‘Yakarta’ minisaila ere. Euskal zinemari propio eskainitako zikloa osatzen duten euskal produkzioez gain, euskal zinemak FCEN-ren 34. edizioko beste sail batzuk zipriztinduko ditu. Fenêtre Basque atalean, honako zazpi luzemetraia hauek ikusi ahal izango dira:
Alberto Gastesi zuzendariaren ‘Singular’, zeina etorkizun hurbil batean girotutako zientzia-fikziozko drama den. Nantesko jaialdian izango da Alberto Gastesi zuzendaria. Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren ‘La trinchera infinita’k Gerra Zibilaren ondorengo diktaduraren itzalak zeharkatutako gizon baten istorioa kontatzen du. Iragan otsailean pelikula onenaren Goya saria irabazi duen ‘Los Domingos’, Alauda Ruiz de Azua zuzendariarena, fedea, askatasun pertsonala, familia-itxaropenak eta bizitza-hautuen inguruko tentsioak abiapuntu dituena. Euskal filmografian aztarna utzi duten zenbait titulu ere proiektatuko dira, hala nola ‘Ehun metro’, Alfonso Ungriarena, ‘Hamaseigarrenean aidanez’, Anjel Lertxundirena, ‘Zergatik panpox’ Arantxa Urretabizkaiak idatzi eleberriaren egokitzapena dena, eta, azkenik, euskal gizartearen memoria eta nortasun kolektiboa uztartzen duen ‘Oraingoz izen gabe’, Jose Julian Bakedanorena.
Euskal film laburrek ere, izango dute tokirik aurtengo Nantesko jaialdiko euskal leihoan. Izan ere, euskal zinema-sorkuntzaren parte den Kimuak programaren 2025. urteko film laburrak proiektatuko dira FCENen: Aitor Abioren ‘Dicen que tu padre’, Lara Izagirreren ‘El regalo’, Ekaitz Bertizen ‘Erreka zoko hortan’, Ainhoa Ordoñezen ‘Habana industrial’, Ricardo Del Conderen ‘Las manchas del jaguar’, Harrotu Ileak kolektiboa eta Zine-Laben ‘Sueños de viernes’, eta Maren Zubeldia eta Silvina Gugliemottiren ‘Ultramarino’. Azkenik, Diego San Jose euskal zinemagileak zuzendutako ‘Yakarta’ minisaila ere eskainiko da Nanteseko zinemaldian, egilea bertan izango delarik.
Euskal leihoaz gaindi, Nanteseko zinemaldiak beste sail batzuetan ere kokatu ditu euskal ekoizpen zenbait. Sail ofizialean, ‘Maspalomas’ (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi) eta ‘El mal’ (Juanma Bajo Ulloa) filmak lehiatuko dira. ‘Maspalomas’ filma, hain zuzen ere, Goya sarietan bederatzi izendapen lortutakoa da, eta film horretan egindako lanagatik aitortza jaso zuen Jose Ramon Soroizek, aktore protagonista onenaren kategorian. Aitor Arregi zuzendaria bertaratuko da Nantesera, hau ere zuzendari onenaren Goya sarirako izendatuetako bat. ‘El mal’ pelikulan, bestalde, Juanma Bajo Ulloak drama eta thriller kutsuko istorioa ondu du, errua, indarkeria eta barne-gatazka abiapuntu hartuta. Zuzendaria ere Nantesen izango da.
Lehen film onenaren saria eskuratzeko norgehiagokan, gainera, beste euskal ekoizpen bat aurki daiteke: ‘Todo lo que no sé’ (Ana Lambarri). Lehen film luzea du Lambarri zinegileak eta bere istorioak gazte baten helduarorako trantsizioa du ardatz. Pelikularen aurkezpen emanaldian izango da, halaber, Ana Lambarri.
1990ean sortu zen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes (FCEN) jaialdiaren helburua da Espainiako Estatuan egindako zinea Frantzian zabaltzea eta horretarako emanaldi zinematografikoez gain ekitaldi ezberdinak antolatzen dituzte jaialdiak irauten duen bitartean: mahai-inguruak, arte erakusketak, kontzertuak, etab. Urtero 27.000 ikusletik gora biltzen ditu jaialdiak, baita kritikari eta industriako profesionalak ere. Nantes da euskal zinema gehien aintzat hartu eta erakutsi duen Europako hirietako bat. Urteotan, euskal zinemako izen handiak pasa dira bertatik beren lanak aurkeztu eta publikoarekin solasean aritzeko.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



