San Salvador, El Salvador. Sukaldaritza Jaialdia ospatu zuen joan den igandean, martxoaren 15ean, El Salvadorreko hiriburuko Espainiar Etxeak, seigarren edizio honetan Euskal Herria hautatu zutelarik protagonista eta erakusgai. Ekimen honek, "Espainiako eskualdeetako kultura, ohitura eta gastronomia ezberdinak ezagutarazi nahi ditu San Salvadorren", tartean baita kirolak ere, eta izan ere Espainiar Etxeko pilotalekuan egin zen, “hirian zutik geratzen den azken frontoian”, adierazi diote buletin honi antolatzaileen arteko iturriek.
Jaialdia pilota erakustaldi batekin hasi zen, El Salvadorreko Frontoi Erakundeko presidentea den José Ventosa arduradun. Bertaratu zirenek pilota modalitateen berri jaso zuten eta bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten jokoa, jokalekua eta baita jokatzeko erabiltzen diren tresnak, hala nola, palak, jai-alai edo xistera saskiak,, pilotak… Kolpe batzuk ematera ere animatu ziren frontoiaren kontra, askok sekula izan gabeko esperientzia bilduz.

San Salvadorreko lagunak kantxaratu eta 'pilotari' aritzeko aukera izan zuten

Euskal pilotan jokatzeko erabiltzen diren pala, pilota eta tresnak ukitu ahal zituzten
Programako parte ziren joko batzuk ahalbideratu zuten "euskal izaeraren ezaugarrietako batzuk azaltzea", baita topiko batzuk ere, "adibidez euskal herritarrek leku batzuetan izan dezaketen ‘basati fama’ moduko bat". "Aurreiritzia, euskal herritarrek egin behar izaten zituzten lan gogorrekin lotu genuen”, azaltzen du Espainiar Etxeko erreferente Teresak. Egitarau barnean ere, gaztetxoenek "Eguzkiloareari buruzko ipuin bat entzun eta, tailer modalitatean, bakoitzak bere eguzkilorea sortu zuen". Tailerraz eta euskarari buruzko hitzaldiaz hirian bizi diren euskaldun batzuk arduratu ziren.

Euskara eta eguzkiloreak batu ziren euskal jaialdian
Festaren une nagusia dena den eguerdi aldera iritsi zen, eskaintza gastronomikoarekin batera. Espainiar Etxeko jatetxeak euskal plater tipiko batzuk –jatetxeko kartan egon ohi dira– prestatu eta dastarazi zituzten bazkaltzeko. Otorduak bildu zituen besteak beste, sarrera moduan, gildak, ‘bilbainito’ pintxoak, patata tortilla bakailaoarekin eta txorizoa sagardo erara; bigarren platzer gisa, marmitakoa, piper beteak eta txipiroiak tintan; eta postre tradizionalak.

Euskal Herriko musika tresnen artean txalaparta ere eraman eta jendaurretu zuten Jaialdian
Bazkalostean eta txistuaren eta txalapartaren erritmora, berandu arte geratu ziren bildutakoak euskal abesti tipikoak kantatzen. “Egiazko euskal jaia izan zen eta aukera paregabea Euskal Herriko kultura eta gure kluba bertakoen aurrean ezagutarazteko. Baliatu nahi izan genuen Espainiar Estatuko komunitate guztietako lagunak eta baita Europakoak ere gure etxera erakartzeko, hemen ditugun igerilekuaz, jatetxeaz, liburutegiaz… disfrutatzeko aukera izan dezaten”, laburbiltzen dute antolatzaileek.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


