euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olatz Gorrotxategi sortzailea izango da CSU Bakersfieldeko 'Frank Bidart' euskal katedra berriko lehenengo titularra

2022/12/15

CSUB eta Euskal Ikasketetako, Etxepare Institutuko, Bakersfieldeko EE eta komunitateko, UCSBko eta Jaurlaritzako ordezkariak irekieran
CSUB eta Euskal Ikasketetako, Etxepare Institutuko, Bakersfieldeko EE eta komunitateko, UCSBko eta Jaurlaritzako ordezkariak irekieran

PUBLIZITATEA

Bakersfield, Kalifornia, AEB. Olatz Gorrotxategi (Bilbo, 1982) sortzailea izango da Etxepare Euskal Institutuak California State University Bakersfield-en(CSUB) abendu hasieran Kalifornia barnealdeko hiri honetan aurkeztu duen 'Frank Bidart' katedra berriko lehenengo titularra 2023an. Bakersfielden egingo duen egonaldian, sortzaile bilbotarrak 'Urrun/Lejos/Far’ sorkuntza proiektua garatuko du, euskal diasporaren inguruko antzerki dokumentala, ordu beteko antzezlan elebiduna, Estatu Batuetan eta Euskal Herrian programatu ahal izango dena.

Sorkuntza proiektu honen helburuen artean daude Diasporako euskaldunen komunitateei buruz hitz egiten duen ikuskizuna sortzea, immigrazioaren alderdi desberdinei buruz sentsibilizatzea eta Kaliforniako euskal komunitatearekin kultur harremanak sortzea. Izan ere, ‘Urrun’ euskal diasporaren inguruko antzezlan performatiboa izango da, antzerki dokumentu formaduna. Lana dokumentu eta testigantza ezberdinez baliatuko da atzerriratu zuten euskaldunen istorioa kontatzeko, lengoaia eszenikoa gaur egunera ekarrita. Bigarren narratiba metaforiko bat ere landuko du obrak, poetikoagoa, adierazi dute Etxepare Institututik.

'Frank Bidart' katedra berria

Bakersfielden jaiotako Frank Bidart idazle eta poeta iparramerikar ezagunaren izena darama katedrak, eta euskal kultura eta sorkuntza artistikoa sustatzea eta ikertzea izango du ardatz. Katedra martxan jartzeko hitzarmena abenduaren 5ean sinatu zen eta egun horretan bertan gauzatu zen irekiera egitarau akademikoa. Bertan izan ziren Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Garbiñe Iztueta Etxepareko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria; Steven Gamboa CSUB Institute for Basque Studies-eko zuzendaria; eta Lynnette Zelezny CSUB Bakersfield-eko zuzendaria bera, baita Unai Telleria Euskadiren AEBko ordezkaria ere.

Hitzarmenaren sinaduraren ostean, Matthew Woodman irakasleak Frank Bidarten pasarteen irakurketa egin zuen, eta Miren Agur Meabe idazle eta poetak bere pasarteena. Segidan mahai ingurua egin zen ‘Remote Writers: Close Connections Among Minor/Small Cultures’ izenburupean. partaide zirela Miren Agur Meabe euskal idazlea; Alison Posey Pepperdine University-ko irakaslea; Viola Miglio UCSBko irakaslea; eta moderatzaile Iker Arranz Otaegi CSUB Institute for Basque Studies-eko zuzendarikide eta Euskal Ikasketetako irakaslea.

Bakersfield-en 1939an jaiotako poeta

Frank Bidart Katedraren irekierarekin bat egin zuten Eneko Oroz (Ekintaekin) eta Iruñe Astitz (Arkkuso) euskal streamerrek. Hala, Miren Agur Meabe eta Irene Larraza elkarrizketatu zituzten lehenbizikoaren kanalean (twitch.tv./ekintaekin) hilaren 4ean eta Iruñe Astitzen kanalean (twitch.tv/arkkuso), Amaia Gabantxo itzultzailearekin eta Sabrina Otegi, Argentinako euskal diasporako kidearekin solastu ziren hilaren 5ean.

Ipar Amerikako idazle modernoen artean esanguratsuenetakoa da Frank Bidart poeta (Bakersfield, 1939), euskal jatorriko familian jaioa. University of California Riverside eta Harvard University-n ikasia, Pulitzer Saria eskuratu zuen olerkigintzan 2018an 'Half-light: Collected poems (1965-2016)’ antologia poetikoagatik. Askotariko gaiak jorratu ditu argitaratutako liburuetan: Jainkoaren bilaketa eta maitasunarena, norbanako kontraesankorren bizitzak, bere baitako gatazkak, XX. mendeko queer pertsonen bizipenak. Cambridge Massachusetts-en bizi da egun.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia