euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi unibertsitate beken sorreran hartu dute parte Kalifornian Bakersfield-eko hiru euskal jatetxek

2015/07/10

Ezkerrean, Oscar Alvarez eta Patrick Streiff CSUBko ikasleak, beka jasotzen; eskuman, 'Basque Crawl' ekitaldiaren afixa (argazkiak CWA)
Ezkerrean, Oscar Alvarez eta Patrick Streiff CSUBko ikasleak, beka jasotzen; eskuman, 'Basque Crawl' ekitaldiaren afixa (argazkiak CWA)

PUBLIZITATEA

Fondoak biltzeko 'euskal plana' Bakersfield-eko hiru euskal jatetxetan egin zen, California Women for Agriculture laborantza elkarteak antolatuta. CSUB unibertsitateko nekazaritza programako ikasleentzako bi beka sortzeko dirua biltzea zuen helburu. “Facebook-en ikusi nuen euskaldunek egiten dituzten ekintza guztiak eta, nekazaritzarekin harreman handia dutenez, elkarrekin zerbait egitea pentsatu genuen”, adierazi dio Nicole Palmer CWAko tokiko lehendakariordeak EuskalKultura.com-i, “oso ondo atera zen dena”, gehituz.

Bakersfield, AEB. Bi unibertsitate-beka sortzen lagundu zuten, iragan apirilaren 18an, Bakersfield-eko Woolgrower’s, Pyrenees eta Narducci’s euskal jatetxeek. California Women for Agriculture laborantza elkartearekin elkarlanean, CSUB unibertsitateko nekazaritza programako bi ikaslek jaso dituzte beka hauek. ‘Basque Crawl’ bezala bataiatu zuten gaua Woolgrower’s-en hasi zen eta bertan afaldu zuten bildutako 65 lagunek. Jarraian, Pyrenees tabernara joan zen taldea tragu bat hartzera eta, amaitzeko, Narducci’s-eko zuzeneko musikaz gozatu zuten.

Elastiko zuri, gorri zein urdinak zeramatzaten parte hartzaileek, lelo aldarrikatzaile batekin: “Ura gorde, garagardoa edo ardoa edan zazu”. Izatez, laborantza elkarte guztiek legez, Kalifornia pairatzen ari den lehorteaz kontzientziatu nahi izan zituzten ingurukoak ere. “Kausa on baten alde lan egiteaz gain izugarri ondo pasatu zuen jendeak”, adierazi digu Palmer-ek, bai eta datorren urtean antzeko zerbait antolatzeko asmoa dutela.

Lehen bi bekadunak

Parte hartzaileek ordaindutako 45 dolarrei esker eta CWAk jatetxeekin lortutako akordioei esker, 520 dolar bildu zituen elkarteak. Diru guztia erabili dute bekak sortzeko. Baina ez hori bakarrik, beste 480 dolar gehiago gehitu ditu CWAk 500 dolarreko bi beka eman ahal izateko. Lehenbiziko CWAren bekadunak Patrick Streiff eta Oscar Alvarez ikasleak izan dira.

“Ikasleak lagunduta nekazaritza laguntzea da gure helburua”, adierazi du lehendakariordeak. Baina CWArekin batera CSUB unibertsitateko bi irakasleren lana ere aipatu behar da: S. Aaron Hedge doktoreak eta Angel Cottrell irakasleak asko lagundu baitute beka hauek sortzerako orduan, antolatzailearen berbatan.

CWAren inguruan gehiago jakin nahi baduzu, egizu klik hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia