euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Frank Bidart', 'Alan King' eta 'Elvira Zipitria' katedrak sortuko ditu aurten Etxepare Institutuak AEB, Gales eta Quebec-en

2022/06/13

Aurkezpenean parte hartutakoek Donostiako Tabakaleran
Aurkezpenean parte hartutakoek Donostiako Tabakaleran

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. 'Elvira Zipitria', 'Alan R. King' eta 'Frank Bidart' katedrak abiaraziko ditu Etxepare Euskal Institutuak 2022-2023 ikasturtean Quebec-en, Galesen eta Kalifornian hurrenez hurren, eta hurrenez hurren kultur berrikuntza, sorkuntza produktuen garapena eta ikerketa soziolinguistikoa izango dute ardatz. 'Elbira Zipitria' katedrak McGill University (Quebec) izango du egoitza, 'Alan R. King' katedrak University of Wales Trinity Saint David (Gales) eta 'Frank Bidart' katedrak California State University Bakersfield (AEB). 

Euren berri ematen elkartu ziren joan den ostiralean Donostiako Tabakaleran Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria; eta Elbira Zipitriaren lankide eta lagun izandako Mari Karmen Mitxelena zein Begotxu Olaizola eta Alan R. King-en beste zenbait senitarteko eta lagun.

Hiru katedra berriak barne hamabi izango dira guztira Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko euskara eta euskal kultura sareko katedrak. Euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketa akademikoak sustatzeko tresna dira katedrak, eta irakasle espezializatuek edo artista eta sortzaileek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira.

Elbira Zipitria katedra

Etxepare Euskal Institutuak eta Montrealgo McGill Universityk 2018. urtean Montrealen sinatutako hitzarmenean du jatorria eta #SaisonQuebecPaysBasque programazio bereziaren testuinguruan zabalduko da irailean. Euskal ikasketen irakaskuntza kultur berrikuntzari lotuta, irakaskuntzan eta gizartean euskararen sustapena lantzera egongo da bideratuta, kultur mugimendu berritzaileak erdigunean jarrita. 

Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) pedagogoa, didaktikaren berritzaile handia, ikastolen sortzailea, eta andereño iraultzailea izan zen. Euskararen irakaskuntzan egindako urrats ezagunenetakoa da aditzak erakusteko ‘Nor-nori-nork’ sistema asmatu zuela. Euskarazko irakaskuntza aktibitate politiko-kulturalarekin uztartu zuen, eta 1936ko Gerra Zibilak erbesteratzera behartu zuen. Donostiako Orixe ikastola sortu zuen lagunetako bat ere bada. Bere izena daraman katedra irakasle baten egonaldiarekin gauzatuko da. Gutxienez bi hitzaldi emango ditu eta hainbat saio irakaskuntza eta ikerketa mintegietan txertatuta.

Alan R. King katedra

Galesen, University of Wales Trinity Saint David unibertsitatean sustatu du Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen katedra berri hau. Aberystwyth hirian egoitza duen Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS ingelesezko siglatan) egongo da kokatuta eta euskal eta galesko soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa sustatzea du helburu, baita euskal eta galestar kultura eta hizkuntzen arteko elkar ezagutza indartzea ere. Urtero, deialdi ireki bidez hautatutako irakasle edo ikertzaile gonbidatu batek sei asteko egonaldia egingo du Galesen eta horren baitan, ikerketa mintegia burutu eta hitzaldi ireki bat eskainiko du hizkuntza politika eta plangintzaren inguruan, unibertsitateko graduondoko programetako ikasleei hainbat saio emango dizkie eta hizkuntzalariei zuzendutako euskal gramatika edo hizkuntza mintegi bat ere emango du.

Alan Roy King Lytham St Annes-en (Ingalaterra, Erresuma Batua) jaio zen 1955an. Hizkuntzalaritzan doktorea (Londresko Unibertsitatea), hainbat hizkuntza zekizkien, tartean euskara, yiddisha, galesa eta nahuatlera. Hizkuntza gutxituen alde egin zuen lan munduko hainbat tokitan. Aberystwith-en euskara ikastaroak eman zituen, eta Gales eta Euskal Herria konektatzeagatik da ezaguna bertan. Hizkuntza gutxituen eta hizkuntza aniztasunaren alde egitea bere hizkuntza-misioaren berezko zati bat zen: hizkuntzak ikasteko errazak izatea eragiteko gaitasuna zuen, eta hiztunen eta hiztun potentzialen kontzientziazioan eta trebetasunetan ere inbertitzen zuen, aldi berean, haien hizkuntza ezagutzeaz gain, hura nola berreskuratu eta etorkizunerako nola garatu jakin zezaten. Euskaltzain urgazlea zen.

Frank Bidart katedra

Euskal kultura, artea eta berrikuntzaren ikerketarako edota sorkuntza proiekturako trukerako espazioak garatzea helburu sortu da Frank Bidart katedra CSUB California State University Baskerfield-eko Euskal Ikasketen Institutuan. Kulturari eta arteari lotutako ikerketa proiektuak bultzatzea edo sorkuntza proiektuen garapena ere bultzatzea izango dituzte xede bertan. Deialdi ireki bidez aukeratutako aditua edo sortzaileak CSUB unibertsitatean ikerketarako edo sorkuntzarako hilabeteko egonaldia egingo du. Estatu Batuetako mendebaldeko akademia edo gizartearekin elkarlana sustatuko du eta hainbat hitzaldi eta ekintza antolatuko ditu euskal kultura artea eta berrikuntza ikusgai egin eta hedatzeko.

Bakersfield euskal diasporari estu lotutako hiria da eta, izan ere, bertako euskal komunitateak 2019. urtean egindako proposamenari erantzunez sortu da euskal kultura, artea eta berrikuntza sustatuko dituen katedra hau California State University Bakersfield unibertsitaterekin elkarlanean. Bertan jaio zen euskal jatorriko Frank Bidart idazle ezagunaren izenenean, datorren azaroan abiatuko da.

Ipar Ameriketako idazle modernoen artean esanguratsuenetakoa dugu Frank Bidart (1939, Bakersfield) poeta, euskal jatorriko familian jaioa. University of California Riverside eta Harvard University-n ikasia, Pulitzer Saria eskuratu zuen olerkigintzan, 2018an,  ‘Half-light: Collected poems (1965-2016)’ antologia poetikoagatik. Askotariko gaiak jorratu ditu argitaratutako liburuetan: Jainkoaren bilaketa eta maitasunarena, norbanako kontraesankorren bizitzak, bere baitako gatazkak, XX. mendeko queer pertsonen bizipenak… Cambridge-en, Massachusetts-en bizi da egun.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia