euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru hilabete eskas falta dira irailaren 8an Diasporaren Eguna ospatzeko: zure Euskal Etxean prestatzen ari zarete?

2022/06/14

Asmoa duzu bat egiteko munduan zehar 2022ko Euskal Diasporaren Eguna irailaren 8ko astean ospatuko dutenekin?
Asmoa duzu bat egiteko munduan zehar 2022ko Euskal Diasporaren Eguna irailaren 8ko astean ospatuko dutenekin?

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Hiru hilabete baino gutxiago falta da irailaren 8an Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko eta galdera da: zure Euskal Etxean zeozer prestatzen ari al zarete? Munduko beste hainbat euskal etxe eta komunitateekin horretan bat egin nahi izatekotan bederen, bada segurenik tenorea gauzak prestatzen hasteko. Baina agian hasiak zarete antolatzen, edo ideiak eta planak argi dituzue. Eusko Jaurlaritzak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren bidez, galdera hori luzatu die euskal etxeei: "Nola ospatuko duzu? Aurreratu diezagukezu zerbait?"

Gauza, aniztasunaean bat egitea baita. Izan ere, Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko ez da, berez, euskal etxe edo elkarte finkorik behar, bat egiteko gogoa eta ekitaldi batera deitu edo programa bat antolatzea baizik, programa xinplea bada ere, izan lagun edo bazkideekin biltzea, artikuluak argitaratzea prentsan, sare sozialetan isla ematea, komunitateko inor omentzea --seguru badituzula inguruan errekonozimendua merezi duen jendeak-- edo euskal gairen bati buruzko aurkezpenen bat antolatzea. Momentu egokia da geure burua aldarrikatzeko, Euskal Herriaren zortzigarren probintzia horretako kide sentitu eta espreski adierazteko.

Eusko Jaurlaritzak munduan zehar irailaren 8aren inguruan antolatzekotan diren hitzordu eta programak bildu nahi ditu, euskal etxe handi eta txikienak, kultur asteak eta bilkura soilak, baita kanpoan dauden lagun taldeenak ere. Plan horien edo asmo horien aurrerapen bat edo aipu bat bidaltzea eskatzen dute, euskaletxeak@euskadi.eus helbidera hain zuzen. Hasi al zara zeu ere zeure planak egiten?



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia