euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

William Douglass Katedra: Miren Artetxeren mintegia aste honetan bertsolaritzaz AEBko Amherst unibertsitatean

2021/04/20

Miren Artetxe Sarasola bertsolari eta antropologoak mintegia emango du aste osoan zehar UMass Amherst-en (arg Bertsoa.eus)
Miren Artetxe Sarasola bertsolari eta antropologoak mintegia emango du aste osoan zehar UMass Amherst-en (arg Bertsoa.eus)

PUBLIZITATEA

Amherst, MA, AEB. Miren Artetxe bertsolari eta antropologoak bertsolaritzari buruzko mintegia eskainiko du aste honetan zehar University of Massachusetts Amherst-en (UMass Amherst). Astebeteko mintegia unibertsitate horretako Euskal Kultur Ikasketak departamentuak antolatu du. COVID 19-aren ondorioz, internet bidez egingo da. Ikasleek, Francoren erregimenaren amaieratik gaur egun arte bertsolaritzan egindako ibilbidea aztertuko dute, eta diziplina honek azken hamarkadetan izandako biziberritzeaz irakurketak ehingo dituzte.

‘Bertsolari’ dokumentala ikusiko dute Miren Artetxe doktorearen eskutik. Emakumeek arte mota honetan duten parte-hartze gero eta handiagoaz solastuko dira, bai eta Ipar Euskal Herriko gazteek bertso-eskolaz hitz egiteko duten tokiaz ere. Bertsolaritzak azken hamarkadetan izan duen bilakaera ardatz dutela, landa eremutik espazio hiritar baterako trantsizioa nola gauzatu den edota gizonezkoena zen espazioa nola bilakatu den espazio mixtoa jorratuko dute.

Apirilaren 22an irakurketa berezi bat ere egingo da honako izenburuz, ‘Basque Female Improvisational Poets: An auto-ethnographic perspective’ (Euskal emakume poeta inprobisatzaileak: ikuspegi auto-etnografikoa). Irakurketa horretan emakumeak bertsolaritzan izan duen garrantzia landuko da.

Miren Artetxe bertsolaria eta Antropologian doktorea da. 2019an bukatu zuen bere doktorego tesia Euskal Herriko Unibertsitatean, ‘Ipar Euskal Herriko Bertso-Eskoletako Gazteen Hizkuntza Ibilbideak’ izenekoa. ‘Hiztun Berriak eta Bertso Mundua’ eta ‘Nouveaux locuteurs et milieu du bertsolarisme: Légitimation et remise en question’ artikuluen autorea ere bada.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia