euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bideo elkarrizketa egin diote euskaraz Peru Magdalena euskal idazleari Alacant-eko Hizkuntz Eskolako ikasleek

2021/04/21

Peru Magdalena elkarrizketatzen Alacantetik Durangora (arg IK)
Peru Magdalena elkarrizketatzen Alacantetik Durangora (arg IK)

PUBLIZITATEA

Alacant, Espainia. Erabilgarri dauden baliabide teknikoei etekina atereaz, elkarrizketa polita egin zion atzo euskaraz Peru Magdalena euskal idazleari, Alacant-etik Durangora, Izaskun Kortazar irakaslearekin Alacant-eko Hizkuntza Eskola Ofizialean (HEO) euskara ikasten ari den ikasle talde batek HEOko B1.1 mailako lagunek sortzaile durangarrari (bertsolari eta idazlea izateaz gain, margolaria, dokumental egilea, etab bada Magdalena) deitu eta hainbat galdera egin zizkioten, aldez aurretik honen bi ipuin irakurrita.

Izan ere, galderetako asko elkarrizketatuak 2006an idatzitako 'Gero eta gehiago dira' eta 'Matxinsaltoa eta tximeleta' izeneko lanei buruzkoak izan ziren, biak idazlearen 'Lile' liburukoak. Sortzaileak ipuin idazketarekin duen harreman pertsonalak ere erakarri zuen ikasleen arreta.


Ikasleak Peru Magdalenaren esanei adi bideokonferentziaz egindako solasaldian

Esan dezagun ikasleak ere "euskal idazletza bidean" abiatuak direla hein batean, eta horren froga idatzi dituzten ipuinak: 'Sorgin bakartia', 'Arrautz magikoak', 'Auzokoak espazioan' eta 'Misio Sekretua'. 

Idazleak, bere aldetik, zorionak eman zizkien ikasleei eta haiku liburuxka bat, 'Tantaka' izenekoa, aurkeztu zien, bertako ipuin batzuk irakurriz, liburu horren istorioa azaltzeaz gain. Liburua A1eko klaseetan erabiltzen du Alacanteko bere eskoletan Izaskun Kortazar Errekatxo irakasleak, "ikasleak kontura daitezen lehen urtean ere badirela gai euskal literatura ulertzeko", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Kortazarrek berak.

"Peru benetan harrituta zegoen ikasleak, berak esandakoa ulertzeko gai zirelako, idazterakoan duten euskara mailagatik eta euren sormenagatik ipuinak idazten", adierazi du irakasle bilbotarrak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia