euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Begoña Echeverria euskal kaliforniarraren ‘Picasso presents Gernika’ dokudrama larunbatean aurkeztuko da Youtuben

2021/04/21

‘Picasso presents Gernika’, apirilaren 24an Youtuben
‘Picasso presents Gernika’, apirilaren 24an Youtuben

PUBLIZITATEA

Riverside, AEB. Astelehenean oroituko da munduan baina batez ere Euskal Herrian eta euskal diasporan Gernikako Bonbardaketaren 84. urteurrena. Bi egun lehenago, larunbatean, Picasso presents Gernika ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango dugu online Youtuben. Lanak Bonbardaketak utzitako ondorioetan sakontzen du eta benetako istorio bat abiapuntu, familiarengandik aldendu eta atzerriratu behar izan zituzten neska-mutilek bizitutakoa kontatzen du. Gidoia UC Riverside-n (University of California, Riverside) irakasle den Begoña Echeverria euskal kaliforniarrak idatzi du eta larunbateko emanaldia UC Riverside-ren babesarekin burutuko da.

Honi guztiari buruz, irakurtzea gomendatzen dugun elkarrizketa interesgarria argitaratu berria du ingelesez Blas Uberuaga lagunak Buber.eus bere webgunean,

Obraren oinarrian dagoen istorioari dagokionez, honela deskribatzen dio Echeverriak Buber's Basque Page-ri: “Donostian bizi nintzenean jakin nuen gure bizilagunaren aita –eta aitaren anaia– Bonbardaketaren ondoren Ingalaterrara eraman zituzten haurretako bat zela. Bueltatzeko garaian, ordea, beraien amak eskatu zuen anaia ekartzeko eta ez nire auzoaren aita. Berak ez zuen sekula jakin izan zergatik. Hori da Picasso Presents Gernika-ren oinarrian dagoen egiazko istorioaz dakidan guztia".

Benetazko istorioari moldaketa interesgarriak egin eta gero –tartean, bi anaia izan beharrean, anaia eta arreba bilakatuko dira– gidoia dokudrama bihurtu zuen Echeverriak. Egiazko iturriak –argazkiak, bideoak, egunkariak, gutunak…– fikzioarekin nahasten ditu era zinez adierazgarri batean. Bilaketa prozesu honetan, Echeverriak UC Riverside-n Antzerkia, Zinema eta Produkzio Digitala irakasten duen Annika Speer lankidearen laguntasuna bildu zuen.

Apirilaren 24an, arratsaldeko 7etan (Kaliforniako orduan) egingo duten dokudramaren estreineko emanaldiaz gain (ikusteko linka), 2021ean emanaldi gehiago prestatu dituzte Echeverria eta Speer-ek, hala nola ekainaren 5ean New Yorkeko Eusko Etxean proiektatuko dute "Picassok Guernica bukatu zueneko 84 urte eta egun batera", eta azaroaren 20an antzerki-irakurketa zuzenduko du Annika Speer-ek, Santa Monica Playhouse antzokian.

Gogora dezagun Begoña Echeverria Soziologian doktorea, Kalifornian jaio eta etxeko hizkuntza euskara izan zuen euskalduna dela. Beste hainbat testuren artean, bere gurasoen jaioterria den Baztanen kokatu zuen The Hammer of Witches (Sorginen mailu) eleberriaren egile da. Echeverria, euskaraz eta bereziki emakumeari loturiko kantak kantatzen dituen NOKA hirukote euskal amerikarreko abeslaria ere bada.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia