euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetarako "Arbasoen ildotik" proiektuko kronika egin dute ikasle partaideek: "Ezin ahantzizko bidaia"

2016/12/15

Ikasleak San Frantziskon, Golden Gate zubiaren bestaldean, selfie bat eginik
Ikasleak San Frantziskon, Golden Gate zubiaren bestaldean, selfie bat eginik

PUBLIZITATEA

Proiektua Baigorriko Donostei eskolako ikasle talde batek gauzatu eta bizi izan du: hiru urtez, prestaketan, eta bi aste pasa, egitean, bidaian joan den urrian Kalifornia eta Nevadan, ekimenaren tituluak islatzen duenez, "Arbasoen ildotik". Izan ere, Estatu Batuak, baina Estatu Batuetkin batera, AEBetako Euskal Herria bisitatu dute gazte baxenabartarrek. Hori, euren esperientzia eta ikusi eta ikasi dutena aipatzen digute segidan, gazteek berek idatzitako kronikan, aste honetako Herria astekariari kontatu bezala.

Baigorri, Nafarroa Beherea. 2013ko buruilean Baigorrin den Donostei kolegioan sartu ginen 6.ean. Handik zenbait astetara, erakasleek aurkeztu zaukuten Arbasoen Ildotik proiektua. Hunen helburura zen, 18 egunez Kalifornia eta Nevadarat joaitea gure arbasoen hatzetatik. Horren diruztatzeko talo eta bixkotx saltzeak egin ditugu, kantaldi bat antolatu dugu, antzerki bat eman eta beste ekintza frango proposatu. Eskolan ere emigrazioaren gaia barnatu dugu, Ameriketarat joan diren euskaldunak galdezketatuz, besteak beste. Hiru urte horietan lan ainitz egin dugu bai ikasleek eta bai burasoek bainan partitzeko bezpera arte ez ginen zinez ohartzen Ameriketako lurra hunkiko ginuela. Amets hori gauzatu da eta hunen berri emanen dauzuegu ondoko lerroetan.

Gure bidaia, zinez miresgarria

Aste bat pasa egon gira San Frantziskon, familia euskaldunetan. Gutarik batzuk xantza ukan dugu gure ahaideen etxean egoitea. San Frantziskon, Golden Gate zubia, Alcatraz presondegia, Chinatown auzoa, Lombard karrika, Coit dorrea eta Fisherman Wharf bisitatu ditugu. “Cable car” famatua  hartu dugu eta parropia frantseseko meza batean euskarazko kantu zenbait eman ditugu. Napa Valley-ko mahastietan barna ibili gira eta amerikar futbol partida bat ikusi dugu. Azken egunean, bazkari bat egin dugu familiekin South San Frantziskoko euskal etxean. Han ohartu gira leku hori dela haien Amerikako Euskal Herria. Ez ginen leku arrotzean sendi. San Frantziskoko hiria haundia eta ederra atxeman dugu.

Bidaiako bigarren partean hegoaldeko bide luzea hartu dugu. Lehenik Bakersfielden gelditu gira. Han amanda ekoizle baten enpresa bisitatu dugu Dominique Camourekin. Ondotik Martin Etchamendyren familiaren ezagutza egin dugu eta haren ardi tropak ikusi ditugu. Arratsean, Wool Growers euskal ostatuan afaldu dugu. Biharamunean Etcheverria familiaren etxaldea bisitatu dugu: 13.000 behi esnadunekoa. Harrigarria!

Gero Los Angeleserat joan gira bi egun pasatzeko Six Flags Magic Mountain eta Universal Studios parkeetan. Milesker Evelyne eta Magali Ustarrozi beren etxeko ateak idekirik. Nevadarat joaiteko Chino eta Oakdale-tik pasatu gira, Berterretche eta Bonson familiak agurtuz.

Ondotik, Yosemite Park zeharkatu behar ginuen Nevadarat joaiteko bainan aro txarraren gatik bide ainitz egin dugu eta gauza gutti ikusi. Gardnervillen ongi etorria egin daukute Marie Louise eta JB Lekumberryren J.T. Bar-ean. Han gure familien ezagutza egin dugu, batzuk euskaldunak ziren eta bertzeak arrunt amerikanoak. Biharamunean, Virginia City bisitatu dugu treinez ibiliz. Han denborako urre mina batean ere sartu gira. Hiri hau urrearen bilketarekin garatu zen XIX. mendean. Garai hortan, ainitz jende bazen hor. Urre xekatzale horiek elikatu behar ziren eta ondorioz artzainak behar ziren, hazkuntzen segurtatzeko. Arrazoin horrengatik ere ziren euskaldunak ipar Ameriketara joan. Urreak ospetsu egin zuen Bodie herria ere ezagutu dugu. Gaur egun, eta bulta bat huntan, herri hori abandonatua da.  Zinez iduri du denbora gelditu zela XIX. mendean: egurrezko etxe zaharrak, filmetan ikusten diren saloon eta motelak…  Egun hortan, artzain peruano baten galdezketatzeko xantza ukan dugu. Euskaldun batentzat lanean ari zen eta dirua igortzen zuen bere Peruko familiari. Horrek erakusten du oraiko euskaldun batzuk bizi izan dutena erreproduzitzen dutela. Trukaketa horren bidez ohartu gira errolak kanbiatu zirela, euskaldunak bilakatu direla nagusi eta peruanoak langile.

Desertu erdiko ur beroetan mainatu ondoan, oihan batean ibili gira eta euskal artzainen izenak ikusi ditugu zuhaitzetan idatziak 1950eko urteetan. Gero, Renoko kolegio bat bisitatu dugu konparatzeko gurearekin. Uniforme bat badute, eslogan bat, etxeko lanik ez, elitistagoa da… Gure artean, batzuk hango sistema nahiago dute eta beste batzuk hemen untsa gira. Nestor Basterretxeak egindako euskal artzainaren omenezko zizelkadura ere ikusi dugu. San Frantziskorat itzuli aitzin Lekumberry familiaren Nevadako Ranch-ik zaharrena deskubritu dugu, Genoa herrian. Tahoe aintziran ere gelditu gira.

Zinez erregeak bezala errezebituak izan gira familia guzietan! Milesker haundi bat deneri! Arbasoen Ildotik proiektua izan da guretzat ezin ahantzizkoa eta miresgarria. Ainitz gauza ikasi eta ikusi ditugu. Milesker hurbiletik edo urrunetik proiektuan parte hartu duten guzieri. Ametsetan sinetsi behar da!

Eta orain zer ?

Sartu girenetik, argazki liburu bat ari gira sortzen oroitzapen baten atxikitzeko. Film bat ere ari gira prestatzen Kanalduderen laguntzarekin, han hartu ditugun irudiekin. Nahi ginuke ekaineko bukatu. Gomita luzatuko dauzuegu prest izanen delarik. Anartean, Estatu Batuetako lagunen beha gira, horien errezebitzeko ahal bezain untsa!

Ana, Alaia, Maialen, Iñaki eta Eñaut



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia