euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hainbat euskal ekitaldi urtea bukatzeko hilabeteetan Montevideon: Agirre Lehendakariari omenaldia, hitzaldiak, Euskararen Eguna...

2016/12/15

Euskararen Egunean Gernikako Bonbardaketa oroitu zuten uruguaitarrek
Euskararen Egunean Gernikako Bonbardaketa oroitu zuten uruguaitarrek

PUBLIZITATEA

Ekitaldi ugari egin dira azken hilabeteotan Montevideon, FIVUk eta bertako Euskaro, Euskal Erria eta Haize Hegoa euskal etxeek antolatuta. Batetik, Agirre Lehendakaria Europatik ihesi Uruguaira iritsi zeneko 75. urteurrena ospatu zen, urritik abendura luzatu diren jarduera, hitzaldi eta omenaldiekin. Bestetik, abendu hasieran, Montevideoko euskaldunek Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatu dute. Jarraian, ekitaldien berri eta argazki galeria.

Montevideo, Uruguai. Montevideoko euskal etxeek ekitaldiz beteriko udazkena izan dute, bertako euskal komunitatearentzat aberasgarri, hiriko Euskaro, Euskal Erria eta Haize Hegoa euskal etxeak eta FIVU bera tarteko. Ekitaldien narrazio kronologikoa eginez, aurreneko jarduera urriaren 12an FIVUk (Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioak) Agirre lehendakariaren omenez egin zuena izan zen.

FIVUren omenaldia Agirreri

Aurten 75 bete dira Agirre lehendakaria Uruguaira heldu zela. Ezaguna da Agirrek Europatik ihesi bizi izan zuen abentura arriskutsua; ez hain ezaguna agian Uruguaik historiako aurreneko Lehendakariari egin zion harrera beroa. Agirrek Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen Franco generalak eta bere altxamendu militarrak irabazi eta gero, eta ihesaldi horretan naziek okupatuta zuten Europan barrena joan behar izan zuen.

Francok eta naziek prezioa jarri zioten bere buruari, baina Agirrek nortasun faltsu batekin segitu egin zuen, Berlin bertara heldu zen arte. Hainbat hilabete eman zituen Alemaniako hiriburuan, Ameriketara ihes egiteko pasaportea lortu zuen arte. Aurrena Brasilera heldu zen, eta, 1941eko urriaren 9an, Uruguaira heldu zenean, orduan ahal izan zuen azkenik identitate faltsuak baztertu eta bere nortasuna berreskuratu. Uruguaiko Kongresuak, gainera, harrera beroa egin zion ohore guztiekin.

Harrera hori gogoratuz, FIVUk omenaldia egin zion Agirre Lehendakariari, Liburutegi Nazionaleko "Maestro Julio Castro" aretoan egindako ekitaldi batekin.  

Hitzaldia Euskaro Euskal Etxean

Euskaro Euskal Etxeak ere, hitzaldi bat antolatu zuen azaroaren 17an, hau ere Agirre Lehendakaria Uruguaira heldu zeneko urteurrena dela eta. Juan Pedro Arin izan zen hizlari eta aurkezpenean garai hartako datu eta argazkiak erakutsi zituen: Sabino Arana Fundazioko artxiboetan jasotakoak, Euskaroko kide zen Jorge Arin-en artxiboetakoak, Euskal Erria aldizkarikoak eta Uruguaiko Ordezkarien Ganberako agiritegikoak. Legebiltzarrak Agirreri egin zion harrerako dokumentuak ere aurkeztu ziren. 

Hitzaldira bildu ziren, besteak beste, Baldomero Ansó, Carlos Larragueta, Lucia Goñi, Andrea Bella euskara irakaslea bere ikasleekin, Juan Carlos Ariztegui, Julio Garcia Denis, Félix Latienda, Juan Arin, Elsa Spinoglio Aguirre, Silvia Ortone Enderiz...

Euskal Erriaren jarduerak

2016ko Euskararen Nazioarteko Egunari (ENE) buruzko kronikarekin jarraituz, Montevideoko Euskal Erria Elkartetik euren ospakizunaren berri helarazi digute (2016ko ENEri buruzko ospakizunen kronika datorren astelehenean bukatuko du EuskalKultura.com, azken bi artikuluekin).

Euskararen Egunaren bezperan hasi ziren programa honetako ekintzak, Jesus de Galindez plaza berreinauguratzearekin. Zeremonian Trujilloren diktaduraren biktima izan zen Galindezen omenezko plaka bat desestali zuen Agurtzane Aguado Euskal Erria-ko lehendakariak. Biharamunean, berriz, eguerdian, Gernikako Bonbardaketa gogoratu zuten montevideotarrek hiriko Gernika Plazan. Xabier Irujo Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak hitzaldi bat eskaini zuen eta Aitor Ormaetxe txistularia eta Martin Mendiola dantzaria arduratu ziren ohorezko Agurraz. Montevideoko Voces de la Plaza abesbatzak euskal kantak eskaini zituen.

Abenduaren 3an, baina arratsaldean, hiru euskal argitaletxeren topaketa egin zen Euskal Erria elkartearen egoitzan. Xabier Irujok Estatu Batuetako CBS Press-ek kaleratutako hamar testu aurkeztu zituen, tartean, Basques in Cuba (William Douglassek argitaraturik, Basques in Cuba Jon Bilbaok 1958. urtean Ekin argitaletxean publikatutakoaren omenaldi bat da) eta, William Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrenean, Macbeth liburuaren edizio elebiduna (1942. urtean Bingen Ametzagak itzulitakoa, argitaragabea orain arte). Ekin argitaletxearen kasuan (Argentina), Koldo Ordozgoitiren La Odisea de Xabiertxo, Leyre Arrietaren Historia de Radio Euskadi, Arantzazu Ametzagaren Contraviaje, eta Asier Barandiaranen Diasporako Bertsoak liburuak aurkeztu zituen argitaletxeko zuzendari Maria Elena Etcheverryk. Azkenik, Euskal Erria argitaletxeak (Uruguai) William MacAleveyren The Rise of Legal Professions in Bilbao, Iñaki Anasagasti eta Josu Erkorekaren José Luis de la Lombana eta Raul Iturriaren Ecos Vascos del Uruguay aurkeztu zituen.

Hitzaldia eta omenaldia

Abenduaren 5ean, hitzaldi bat eman zuen Irujo doktoreak CLAEH (Centro Latinoamericano de Economía Humana) unibertsitatean. 1936 eta 1945 urteen artean Euskal Herrian gertatutako genozidio gertaerak izan zituen hizpide.

Ekitaldien azken txanpan, omenaldia eskaini zion abenduaren 6an Uruguaiko Parlamentuak euskal kolektibitateari. Hasteko, omenaldiaren bultzatzaile nagusia izan zen Alderdi Nazionaleko Pablo Iturralde diputatuak 1941ko urriaren 8an Jose Antonio Agirrek Uruguaiko Parlamentuan esandako hitzak ekarri zituen gogora. Bere mintzaldi hartan uruguaitarren “kemena” goraipatu zuen Agirrek, “faxismo internazionalari aurre egiteagatik”.  

Zeremoniaren baitan Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak bidalitako mezua proiektatu zen --ikus EuskalKultura.com-en artikulu bereizia horretaz-- eta omenaldiaren lehenengo zatiari amaiera emateko Gobernuko Frente Amplio alderdiko Jorge Pozzi, German Cardoso (Partido Colorado alderdikoa), Daniel Radio (Partido Independiente), Jose Luis Hernandez (Movimiento de Participacion Popular-Frente Amplio) eta Jose Arocena (Partido Nacional) diputatuek euskaldunen "zintzotasuna", "lanarekiko engaiamendua" eta "Uruguairi egindako ekarpen baliosak" aipatu zituzten. Movimiento de Participacin Popular alderdiko ordezkariak gainera euskal autodeterminazioaren aldeko aldarrikapena egin zuen.

Bilera bukatuta, bildutakoak Parlamentuko Acuña Figueroa aretora pasatu ziren. Bertan Euskal Erria argitaletxearen izenean Agurtzane Aguado Euskal Erriako presidenteak Agirre lehendakariarekin eta euskal kolektibitatearekin lotuta dauden oroigarri batzuk eskuratu zizkion Gerardo Amarrilla Parlamentuko presidenteari. Ondoren Aguadok 1941ean Uruguaiko Ganbara Legegileko presidentea zen Alberto Guanik Jose Antonio Agirreren aldeko esandako hitzak konpartitu zituen bertaratutakoekin. Zeremonia bukatzeko Xabier Irujok eskerrak adierazi zizkien euskal erbesteratuak hartu zituzten Hego Amerikako herri guztiei. Voces de la Plaza abesbatzak itxi zuen ekitaldia Agur Jaunak kantatuz.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia