euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ander Egiluz, AEBetatik: "Aitortu behar zaie Diasporako euskaldunei Euskal Herriari egiten dioten ekarpena"

2014/09/25

Ander Egiluz kazetaria EuskalKultura.com-en AEBetako korrespontsal lanetan dabil Kalifornian
Ander Egiluz kazetaria EuskalKultura.com-en AEBetako korrespontsal lanetan dabil Kalifornian

PUBLIZITATEA

Kaliforniako Los Angelesen bizi da Ander Egiluz Beramendi. Euskal Herrian kazetari zela, soziolinguistikan masterra egin, eta hurrengo fasea AEBetan bizitzea erabaki zuen, eskarmentua, ingelesa eta formakuntza orokor ahalik eta gehien hartzea helburu.

Joseba Etxarri. EHUn kazetaritza ikasita, ogibide horretan ibili zen egun 30 urte dituen leioar hau eta jakitun horretarako sasoin egokian zegoela, bere buruan inbertitzea deliberatu, eta iaz urte hasieran Kalifornian lurreratu zen, bizitza profesionalari eta aberaste pertsonalari parada berriak eskaintzearren.

-Bakersfield izan zen iaz zure sarbidea Kalifornian.

-Atzera eginez, duela hiru bat urte-edo, Euskal Herrian, kazetari gisa neukan kontratua utzi eta soziolinguistika master bat egitea erabaki nuen Gasteizen. Hura bukatuta, jakin nuen Kalifornian, Bakersfieldeko Euskal Etxean, pertsona baten bila ari zirela euskara eta euskal kultura klaseak emateko Euskal Etxean eta Unibertsitatean, eta hartara aurkeztuta hartu ninduten. Pentsatu nuen aukera ederra izango zela ikerketa soziolinguistikoa egiteko, Estatu Batuetako euskaldunek hizkuntzekin dauzkaten harremanak ikertzeko. Hala hasi nintzen hemen, baina denbora batera konturatu nintzen kazetaritza faltan botatzen nuela eta artikulu bat edo beste hasi nintzen argitaratzen. Gero, sei hilabeterako lana topatu nuen Los Angeleseko egunkari batean, eta hura amaitutakoan idazten segitu dut, freelance moduan, kolaborazioak egiten euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz, gehienbat Euskal Herriko medioentzat.

-Zaila da Estatu Batuetan paperak lortu eta legepean lan egitea?

-Hemengo langabezi-tasa oso apala da gurearekin alderatuta, baina igotzen denean lurrikara politikoa sortzen da, eta horrek eragin zuzena dauka bisatuak ematearekin. Lan-bisatuak lortzea ez da erraza. Nire kasuan korrespontsal gisa egiten dut lan eta kazetari bisatua daukat; niri ordaintzeko dirua kanpotik dator eta hemen gastatzen dut, beraz horri ez diote hainbeste arazo ipintzen.

-Zer moduz ingelesarekin?

-Euskal Herrian ikasi nuen, eta azken 10 urteotan, atzerrian, Ingalaterran eta Maltan, unibertsitatean, ibili izan naiz. Bakersfield-en klaseak ingelesez ematen nituen. Baina jakina da ahozko ingeles maila eta kazetari batek behar duen maila idatzia ez direla gauza bera. Kazetariak erreferente linguistikoak dira eta maila profesionala behar dute eta neu ahalegin handia egiten ari naiz.

-Garestia da bizitza Los Angelesen?

-Hala esango nuke. Apartamentu txiki batean bizi naiz eta ez da bakarrik etxearen eta prezio orokorren gauza. Hemen, Euskal Herrian ez ditugun gastuak daude, aseguruak, mediku-kontuak... eta oso garestiak dira. Janari kontuetan, bestetik, janari merkea badago, baina kalitate minimo bateko janaria garestia da.

-Ze harremana daukazu AEBetako euskaldunekin?

-2010ean ezagutu nituen hemen aurrez aurre, Patxi Lopez lehendakariak Boisera egin zuen bidaian kazetari etorri nintzenean, DEIA eta Onda Vascarentzat. Elkarrizketa berezi batzuk ere egin nituen, horietako bat William Douglass-i, hemengo euskaldunak aipagai. Euskal Herrira bueltan, diasporan aditua den Pedro J. Oiarzabal-ekin harremanetan segitu nuen. Eta beraz, iaz Bakersfieldera etorri nintzenean zeozer banekien euretaz eta baneuzkan lagunak eta ezagunak.

-Nolakoak dira?

-Euskal Herriaren eta euskal sentimenduaren harrotasun positiboa daukate. Interesa pizten dit hemen 'Basqueness' esaten dioten horrek, hemengo euskaltasunak. Badago hemen euskaldun izateko beste modu bat, Euskal Herriari beste kolore bat gehitzen diona, aberasgarria zaiona. Errekonozitu behar zaie hemengoei euskal munduari egiten dioten ekarpena.

-Oro har, hemen zerk deitu du bereziki zure arreta?

-Esango nuke ez nuela espero estatubatuarrak eta europarrak hain desberdinak izatea. Pila bat nabaritzen da eguneroko erlazioetan eta burua antolatzeko moduan. 'Lagunak' egitea, esaterako, zaila da. Hemen, askotan, edozein gauzari esaten diote 'friend'. Asteburuan ezagutu eta berehala uzten dizute autoa, gero lau astera deitu eta igoal ez dizute erantzuten. Harremanak askotan azalekoak dira eta horrek batzuetan deskoloka zaitzake.

-Noiz ikusiko zaitugu Euskal Herrian?

-Abendu aldean joango naiz bisitan. Noiz arte egongo naizen hemen? Ingeles idatziarekin eroso sentitzea dut helburu. Ondoren, argi daukat zeregin handia dagoela Euskal Herrian eta nire kezkak han daude, hizkuntza aldetik, politikoki, sozialki...



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia