euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kristie Onaindia: “Haurrei Euskal Etxea familiaren luzapena dela transmititu nahi izan diet"

2015/06/22

Kristie Onaindia, Euskal Etxeko 2014ko jaialdian, pozarren, hainbat ikasleez inguratuta dabilela (Argazkia: K.O.)
Kristie Onaindia, Euskal Etxeko 2014ko jaialdian, pozarren, hainbat ikasleez inguratuta dabilela (Argazkia: K.O.)

PUBLIZITATEA

Kaliforniako Bakersfield-en, Euskal Etxearen 2015eko piknika, joan den maiatzean, alaia izan da, baina tonu goibelxea ere izan du, ez sobera, bertan bere orain arteko funtzioetatik despeditu denak beti baitarama irria ezpainetan. Hogei urtetik gora Euskal Etxeko umeen dantza irakasle izan ondoren, lan horri utzi dio Kristie Onaindiak, Euskal Etxeak, aurtengo urtekarian zenbait orrialde eskainiz aitortu dio bere lana. Kristie Onaindiarekin mintzatu gara.

Ander Egiluz Beramendi, AEB. Haurrez, lagunez eta euskal musikaz inguratuta, edozein parrandako erdigune bihurtu lei Kristie Onaindia baina, eguneroko bizitzan, askoz ere lotsatiagoa da. “Nik ez dut gauza hauetarako balio”, esan dio buletin honi, elkarrizketa baino lehen. “Nik baino askoz gehiago egiten duten dantza irakasleak badaude”, gehitu du. Ez da, hasieran, eroso ibili elkarrizketatuaren lanean, baina 23 urteko ibilbidearen ostean beharrezko urratsa da galdera zenbait erantzutea.

Hogei urte baino gehiago eman dituzu KCBCeko dantza irakasle, behin behineko erabakia da hau ala behin betikoa?

-Behin betikoa da. Izugarri gozatu ditut irakasle emandako urte guztiak baina aldaketarako garaia dela uste dut, jende berria sartzeko unea. Gainera, minduta daukat belauna, aspaldi, eta nahiz eta txantxa ematen duen, aurten, entseguen ostean, bi pilula hartu behar izan ditut aldiro, lehertuta amaitzen bainuen! (Barre egin du) 40 urte bete ditut eta nekatuta nago.

Oso pertsona karismatikoa eta maitatua zara Bakersfielden, ez da erraza izango zu bezalako beste bat topatzea.

-Milesker! Klubak, oraindik ere, irakasle talde ederra dauka: Josette Daramy, Michelle Bochoz, John Goyenetche, Patric Camou eta Nikki Iturriria. Jende asko behar da ehundik gora ume ditugulako!

Hogei urte hauetan, asko aldatu dira gauzak dantza irakasterako orduan?

-Bai horixe! Adibide bat ematearren, lehen, Jeannette Harryet-en etxera joaten nintzen eskusoinua jotzen baitzekien eta hari piezak grabatzera. Ondoren, entseguetan grabatutako musika hura erabiltzen genuen. Orain, emailean jasotzen dut dantzarako musika, John-ek (Goyenetche) bidalia.

Emakume garrantzitsua izan da zeuretzat Jeannette Harryet baina, nork sortu zizun dantzarako harra?

-Asko irakatsi zidan Jeannettek, baina neure amatxik [Catherine (Ermigarat) Ansolabehere] hasi zizkidan irakasten euskal dantzak. Huragatik maite ditut Euskal Herriko dantzak. Beti etortzen zen nire bila eta beti zuen euskal musika autoan. Astanafarreria edo barizela izan nuen txikitan eta dantza asko erakutsi zizkidan orduan, etxean.

Dantzen bitartez piztu zitzaizun euskal jatorriarekiko interesa?

-Bai, dantzak izugarri gustatzen zitzaizkidan eta horien bitartez jakin nuen nor nintzen eta nondik nentorren. Horrez gain, neure gurasoak [Jesus Onaindia eta Mary Lu Ansolabehere] Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kide ziren eta, orduan, zeu ere erraz bihurtzen zara horren parte.

Zenbaitetan izan zara Euskal Herrian. Euskal dantzen irakasle batek, Ameriketan, dantzak irakatsi bakarrik ez, bi munduen arteko zubia eskaintzen die haurrei?

-Hala delakoan nago, Klika eta Pilota irakasleekin gertatzen den bezala. Piknikean, adibidez, ez zait axola haurrak dantzetan akatsik egiten badute, neure helburua ez baita dena primeran ateratzea, Klubean gustukoa ibiltzea eta ondo pasatzea baizik. Dantzak euren jatorriarekin jartzen ditu harremanetan. Badakizu zerbait ondo egin duzula, gauaz klubean, euskal festan berandu, dantza egin behar ez eta dantzan jarraitzen dutenean.

Dohain berezirik behar da haurren irakaslea izateko?

-Zinez, uste dut neu hein batean oraindik haur txiki bat naizela (barre egin du). Eurekin egotea gustatu behar zaizu eta nik ikaragarri disfrutatzen dut. Euren laguna bihurtzen zara eta, igandero, praktiken ostean, hurrengo astean berriz ere ikusteko irrikaz izaten naiz.

Folk dantza irakaslea izanik, dantza tradizionalei ukitu euskal-amerikar garaikidea txertatzeko tentaziorik izan duzu?

-Nik behintzan ez dut hori inoiz egin. Betiko moduan egin izan ditut dantzak horrela maite ditudalako. Tradizioa da, baina entretenigarria eginik eta ondo pasatuta erraz ikasten dira gauzak.

Orain bi urteko piknikean urte hartako kanta famatu baten zuen euskal koreografia batekin bukatu zenuten dantza emanaldia, ‘Gangman Style’-kin.

-(Barre egiten du) Johnen (Goyenetche) ideiak dira horiek, beti gustatzen zaigu pitokeriaren bat egitea, oso ideia onak ditu eta horregatik da garrantzitsua berak jarraitzea.

Harro zaude irakasle legez lortu duzunarekin?

-Bai, etaoso harro nago umeekin. Egia da entsegu batzuetan, piknik aurrekoetan bereziki, askotan pentsatzen dudala, “ai ama!”, baina gero ederto aritzen dira. Gustatuko litzaidake umeak Klubarekin eta euskal kulturarekin harremanetan jarraitzea. Berdin zait dantzaren bidez, edo bolondres moduan, edota euskal ekitaldietara joanda…. Euren euskal lagunekin harremana mantentzea ona da euren dako, horiek benetako lagunak baitira, momentu on eta txarretan bertan izango dituztenak. Ni harro nago euskalduna izateaz eta zorioneko sentitzen naiz. Eta eurek ere gauza bera sentitzea nahiko nuke. Euskal Etxea familiaren luzapena dela transmititu nahi izan diet, neuk hala bizi baitut.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia