euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Isastegi sagardoaz egindako koktel bat 2015eko edaririk onenen artean The Seattle Times egunkariarentzat

2016/01/21

Txiki Manzana, euskal sagardoz egina, estatu Batuetako Seattle-n asmatu duten koktela (argazkiak Sy Bean)
Txiki Manzana, euskal sagardoz egina, estatu Batuetako Seattle-n asmatu duten koktela (argazkiak Sy Bean)

PUBLIZITATEA

Seattle-ko The Cloud Room tabernako barman Jay Kuehner-ek euskal sagardoaz eta mescalarekin –Maguey landare mexikarretik eratorritako alkoholdun zukua– sortutako 'Txiki Manzana' koktela 2015eko edaririk onenen zerrendan sartu du The Seattle Times egunkari estatubatuarrak. “Hiriko tragorik onena?”, galdetu dio bere buruari Kuehnerrek, EuskalKultura.com-ekin hizketan. “Batek daki, baina ziur egon koktel hau eskatzen duen lagun taldea zaratatsua eta atsegina dela”.

Seattle, AEB. The Seattle Times-eko Tan Vinh kazetariaren ustez, hiriko “tabernari irudimentsuena” da The Cloud Room-eko Jay Kuehner. Onena den ala onenen artean dagoen ez da buletin honen ardura nagusia. Bai, ordea, Estatu Batuetan euskal sagardoz egindako lehenengo koktela litekeenaren historia ezagutzea.

“Zaporeari erreparatuta, 'euskala' edo mescalez eta sagardoz egindako koktela prestatzeak zentzua dauka”, adierazi du, sagardo berba euskaraz erabilita. “Ikuspuntu kulturaletik, baina, ez horrenbeste. Mexiko DFn Oaxacako mescalak presentzia handia dauka eta Donostia eta inguruetan ezin duzu jan bertako sagardo basorik gabe”.

Bidaiazalea dela azaldu du Kuehnerrek, eta gustukoa duela lekuetako jendeen bizimoduakezagutzea. “Asko bidaiatzen dut, askotan DFra eta Euskadira, bereziki Donostia, Iruñea eta Bidartera”. Kultua desberdinen omenalditzat jo du Txiki Manzana.

Trago bat nahi?

“Edariak prestatzerakoan, esentzia zehatz batez disfrutatzea gustatzen zait, alboan edozein osagarri dudala”, azaldu du. “Eta, orain, Seattle-n mezcal eta sagardo onak lortzea posible dugula (Nuestra Soledad edota Leyenda mescalak eta Tolosako Isastegi sagardoa erabiltzen ditu berak), ezin izan nuen ekidin mezcal eta sagardo trago bana nahastea. Oliba olioz bustitako sagar xerra pare bat gehituta, lima tanta batzuekin eta gatz puntu batekin, zoragarria da”. Jengibrea eta limaren azala ere profitatzen ditu batzuetan baina, argi esan duen legez, “ez da, hau, zientzia hutsa”.

Duela gutxi izan du euskal-amerikarren berri eta, bere hitzek argi uzten dutenez, euskaldunek, oro har, beren kulturarekiko sentitzen duten harrotasuna antzeman du. “Nik ez dakit euskaraz, baina koktelaren izenean eta elkarrizketan erabili dut, ez erreferentzia huts bezala, baizik eta kultura artekotasunean jendeak bestearena asimila dezan bultzatzeko. Ameriketara etorritako euskaldunek ingelesez ikasi behar izan zuten bezala, neu ere saiatu behar naiz ikasezina iruditzen zaidan euskarara hurbiltzen. 'Eskerrik asko' xume batekin urrun hel zaitezke”.

-The Cloud Room-en eta Damn the Weather-en (azken honetan, asteazkenetan bakarrik) eska daiteke ‘Txiki Manzana’. Prezioa 10 eta 12 dolar artekoa da



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia