euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paula Berasain, Argentinako Udaleku: "Garrantzitsua da 12-16 urteko gaztetxoentzat ekimenak garatzea"

2016/01/22

Paula Berasain Udaleku 2016ko koordinatzaile izan da Argentinako Chascomusen. Irudian, Zingirako Euskaldunak Euskal Etxe atzeko Picassoren Guernicaren muralaren aurrean (argazkia EuskalKultura.com)
Paula Berasain Udaleku 2016ko koordinatzaile izan da Argentinako Chascomusen. Irudian, Zingirako Euskaldunak Euskal Etxe atzeko Picassoren Guernicaren muralaren aurrean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Hogeita bi urte besterik ez ditu, baina Chascomus herrian euskal jatorriko haur argentinarrrentzat bukatu berria den Udalekuko koordinatzaile izan da. Paula Berasain Chascomusko Zingirako Euskaldunak-eko partaide da. Euskalduna izatea zer den beretzat galdetuta, "baloreak, oinarria, taldea, nortasuna, etxetik kanpoko bigarren etxea, lagunak eta etorkizun" iturri zaiola esan digu.

Joseba Etxarri. Bere birraiton-amonak 1930eko hamarkadan iritsi ziren Iruñerritik Chascomusera, Buenos Aires probintziako hiri eta eskualdea euskaldun askoren bizileku bilakatua baitzen ordurako, batez ere Nafarroako bi aldeetatik etorriak, horien artean Alfonsin-Barrenechea familia ere, Errepublikako presidente bat buru, Alfonsinen emaztea Erratzu Etxebeltza-ko ondorengoa baitzen, aktiboa gainera gaurdaino herriko euskal etxean, Zingirako Euskaldunak da, izan ere, Chascomusko Euskal Etxearen izena eta b ertako kide da Paula Berasain gaztea. Berak eta gazte talde batek txanda hartu diote aurten Maria Laura Egureni eta Udaleku 2016 antolatu dute, aurrera egiteak balio zuela pentsatuta, geroko euskaldunak lantzen baititu, gaur egun haurrak izanik urte gutxiren buruan euskal etxeetako buruzagi izango direnak edota euskal-argentinar belaunaldi berriak, edozein leku edo posizioan daudela bertatik euskal kulturaren akuilu eta euskal diasporaren sostengatzaile eta bermatzaile izan daitezkeenak.

Zerorren kasua da; Duela sei urte, 16 urterekin, haur gisa hartu zenuen parte Chascomusko lehenengo Udalekun. Aurten, 22rekin, ekimeneko koordinatzaile aritu zara.

-Halaxe izan da, baina ez ahaztu honelako ekimenak talde-lanari esker direla posible eta guztion partaidetza eskatzen dutela. 2014an, arazo ekonomikoak medio, ez zen egin. Eta aurten antolatzaile taldea gaztetu egin da eta lana guztion artean banatu dugu. Hor aritu dira Anita Etchepare eta Celeste Bona jokoen alorreko ardura hartuta; Catalina Arraras, Lucia Marruedo eta Federico Redin, begiraleekin; Sebastián Errecart, Graciela Basterra eta Graciela Laborde, sukalde lanetan; eta Maria Laura Eguren eta Maitena Etchepare administrazioaz eta bestelako lanez arduratzen. Zorionez Eneko Lizarra donostiarra ere gurekin izan dugu. Gure lehenengo Udalekun, 2010ean, begirale izan zen eta aurten ere posible izan du hona etorri eta gurekin musutruke aritzea,

Zein da aipatu duzun arazo ekonomiko hori?

-Argentina hain herrialde zabala izanik, distantziak arazo dira eta kilometrotan urrun ditugun euskal etxeei oso garestia egiten zaie euren haurrak Udalekura bidaltzea. Eta hori larritu egiten da familia berean haur bat baino gehiago daudenean Udalekuko adinean, gurasoek bakarrik ezin diote aurre egin gastu horri eta guk argi daukagu hala edo hola dirulagundu beharra dagoela hori. Egia da, bestalde, euskal etxe batzuk komentzitu behar ditugula adin horretako haurrei ekitaldiak eskaintzeari buruz, apustu horrek merezi du, aurreko adin-tarterako badaude-eta ekintzak eta baita ondokoarentzat ere, baina 12-16 urte artekoan erren gabiltza. Emaitzak, ordea, begibistan daude: azkeneko egunean inork ez du bere etxera joan nahi eta haur guztiak prest daude hurrengo urtean bueltatzeko.

Nola hasi zinen zu euskal gauzetan?

-Chascomus euskal presentzia polita duen herria da eta euskal gizataldea bertako ezagunena eta aktiboena ere izango da seguruenik. Bere lehenengo euskal etxea 1952an sortu zuen, baina lehenago ere bazeuden hemen euskaldunek sortutako elkarte eta ekimenak, inguru osoko garapenean lagungarri eta eragile. Kirol arloan, Pilota Kluba herriko erakunde garrantzitsua da eta sekulako eraikin ederra dauka 1925etik herri erdian, Iparraldeko euskal etxe baten tankerarekin. Herri horretara iritsi ziren nire birraiton-amonak, aurretik hemen familia zeukatela. Egiari zor, gero urte askotan nire familia ez zen batere ibili euskal etxean, ni 12-13 urte nituela sartu nintzen arte. Sartu nintzen , lagun batzuk dantzak ikasten hasi zirelako, eta haiei lagunduz. Hortik aurrera, gustatu eta gero eta gehiago murgiltzen hasi eta ardura batzuk hartzea eskatu zidaten, begirale izan nintzen, dantza zuzendari eta aurten Udalekuko koordinatzaile, baina orain La Platako Unibertsitatean Medikuntza Zientzien Fakultatean ari naizela denbora gutxiago dudala urtean zehar erabat dedikatzeko.

2016ko Udalekuren balantzea...

-Arrakastaz egin da urtarrilaren 5etik 9ra Chascomusen, 22 partaiderekin Cañuelas, Maipú eta Chascomus bertatik etorriak. Pixkat berandu hasi ginen antolaketa lanetan eta gogoan izanik ez dugula batere dirulaguntzarik --urte batzuetan Gipuzkoako Foru Aldundia izan genuen laguntzaile baina ez gaur egun-- ez da erraza izan eta azkenean partaide kopurua apala izan da, baina bestetik parte hartu dutenek argiro eman digute segitzeko mezua, merezi duela, eta zalantzarik ez dugu, beraz, saiatzen segitzeari dagokionez. Begibistakoa da ekimena garrantzitsua dela, nahiz eta bitarteko gutxi ditugun antolatzeko. Bere garaian Maria Laura Egurenek FEVAri proposatu zion, baina ez zuen erantzunik lortu eta beraz gaur egun gure ekimen berezi gisa hartua dugu, urterik urte egin eta hobetzeko. Datorren urteari begira, gure planak 2017ko urtarrilean egingo dugun edizioa ekain honetan bertan antolatzen hastea dira, zuzendariekin bilduz Necocheako Euskal Astearen aurretik eta sarean oihartzuna emanez, interesatu guztiak egunean egon daitezen, jakitun eta partaide.

Zergatik da garrantzitsua Udaleku?

-Adin tarte honetan, 12-16 urte artean, proposamen bakarra da haur eta gaztetxoentzat. Ez da bakarrik ekimen ludiko eta dibertigarria, ikasteko eta formatzekoa ere baizik. Gazteek libertitu eta aldi berean euskal kulturaz ikasten dute eta indartu egiten dute euren partaidetza eta atxikimendua euskal kulturarekiko eta euskal gauzekiko, bere egiten dute eta beste euskal etxe batzuetako laguntxoekin egiten dute, lagunak eginez, euskal kantak ikasiz, eta praktikatuz kultura, gastronomia, kirolak, dantzak... Gure harrobia da. Gustukoa dugui Necocheako Hator Hona programaren eredua eta Euskal Herriko haur eta gazteekin harreman zuzena nahiko genuke izan, euren lekukotasuna bildu eta elkar ezagutu, egungo Euskal Herriarekin eta egungo euskal gazteekin interaktuatuz, begiraleak ekarriz... momenturen batean geu ere han formatuz. Ideia asko ditugu, baina argi daukagu guztion ekarpenekin behar dugula egin aurrera. Udalekuchascomus@hotmail.com da nire helbidea eta iruzkinik edo proposamenik bidali nahi duenak lasai asko idatz dezake.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia