Montreal, Quebec. Montrealeko Euskaldunak Quebec euskal etxeak bere 30. urtebetetze pesta ospatuko du datorren azaroaren 14an, Centre des Musiciens du Monde kultura gunean, proposamen bikoitz batekin. 11:30ean, hasiberrientzako mus eskola eskainiko eta segidan Urteurreneko Mus Txapelketa jokatuko dute. 14:00etan, berriz, euskal dantzen txanda izango da: ordubeteko tailerra egingo dute lehenik, eta, ondoren, taldeko dantza-saioa. Eta jatekoa ere ez da faltako, janari herrikoia, taltean salda, tortilla eta euskal bixkotxa. Parte hartzeko, hemen eman dezakezu izena.
Urtea bukatu arteko egitarauarekin jarraituz, abenduaren 7an, igandea, Gabonak ospatuko dituzte euskal quebetarrek, Olentzeroren bisita jasota eta guzti; elkarretaratzea Lachineko Vieille Brasserie-n izango da. 2026ko azken topaketa izango da, dantzak eta urtero urtea bukatzeko egin ohi den topa-egitea barne. Izena emateko esteka datozen egunetan jarriko da eskuragarri. Informazio gehiago, euskaldunak_quebec
‘Iparralde: Mundu bateratua egin’ dokumentala
Ekainaren eta irailaren bitartean Montreal hiriko l’Îlot des Palais Museoan ikusgai egon zen "Iparralde: historia ezezagun baten artxiboak” erakusketaren arrakastak bultzaturik irmo jarraitzen du aurten sortutako Iparralde kolektiboak, lanean "Mundu bateratua egin" dokumentalean. Euskal jatorridun Coline Amaia Dolharé Sénac quebectarra zuzendari, eta Euskal Herri Iparraldean bertan elkarrizketak eta grabazioak egin ondoren, muntaketaren fasean dabil orain taldea, 2027ko zinema independente festibalei begira.
Zuzendariak EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, Montrealeko RIDM Nazioarteko Dokumental Festibalean eta, Europan, Frantziako FIPADOC Nazioarteko Dokumental Festibalean aurkeztuko dute. “Bertsio hori frantzesez izango da nagusiki, gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluekin, 120 minutukoa”, azaldu digu Sénac-ek, gehituz: “Asmoa da beste bertsio bat proiektatzea Euskal Herrian, Kanalduden, euskaraz, 52 minutukoa, seguruenik EITB laguntzaile”.
“Dokumentalak 15 erakunderen eta berrogei bat pertsonaren babesa bildu du; lan erraldoia da eta zorionez Euskal Herriko eta Quebeceko hainbat lagun ari zaizkigu proiektu eder honetan”, nabarmendu du euskal jatorriko quebetarrak. “Behin estreinatuta, prest egongo ginateke interesa dagoen lekuetara gure lana erakustera bidaiatzeko ”, luzatu du gonbidapena.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


