euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alberto Echaniz, Arrecifesko EEko lehendakari ohia eta Itxarkundiako aurreneko dantzari izan zena hil da

2012/01/23

Omenaldia Alberto Echaniz eta bera bezala Itxarkundiako lehenengo dantzariak izan zirenei (eta Ugarritrzakoei) Arrecifesko EWuskaldunak Denak Bat-en, 2010ean (irudia EuskalKultura.com) Argentinako Arrecifestik zenbait lagunek mezuak bidali dizkigute oharrarazteko igande honetan, 2012ko urtarrilaren 22an, gauerdi t'erdietan, hil dela herri argentinar honetan Alberto Echaniz. Bertako Euskaldunak Denak Bat-eko eta FEVAko idazkari den Marta Abarrateguik aipatu du azkeneraino agertu izan dela, bere emazte Carmenekin, Alberto Echaniz euskal etxeak deitutako festa zein kultur hitzorduetara. "Gaur igandea, arratsaldeko seietan egingo diogu azken agurra aurresku batekin, Facundo Araguz Alustiza irakaslea dantzari eta Juan Ignacio Saez Abarrategui txistulari". Bere aldetik, Juan Lucio Agote Etxanizek lerro batzuk idatzi eta bidali dizkigu bere osaba zenaren ohoretan, haren gorazarre.

Gehiago irakurri...


Olentzeroren 2011ko argazki albuma osatuz: Boiseko Ikastolan eta Washingtongo Euskal Etxean izan zen

2012/01/23

Boiseko Ikastolako umeak Pijama Eguna ari ziren ospatzen eta hara! hantxe agertu zen Olentzero (argazkia Boiseko Ikastola) Urte berria hasi dugu, baina euskal Diasporatik Olentzeroren bisitaren berri heltzen ari zaigu oraindik. Euskal tradizioan Eguberrien etorreraren berri ematen duen ikazkinak munduko euskal neska-mutil askoren ametsak bete ditu beste urte batez eta milaka kilometrotako bidaia egin du Gabonetan, euskal etxe eta komunitate asko eta asko bisitatzeko. Jarraian bildu ditugu bisita horietako batzuen argazkiak: Estatu Batuetan, adibidez, Washington DC-ko Euskal Etxean eta Boiseko Ikastolan izan zen, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Barne lanetan ari gara; buletina urtarrilaren 23an hasiko da berriz ere plazaratzen... Urte Berri On!

2011/12/30

EuskalKultura.com-ek eskerrak ematen dizkie Olentzerori eta Townsvilleko (Australia) Euskal Etxeko haurrei aurtengo postalerako euren lankidetzagatik. Zorionak eta Urte Berri On! Azken astebetean segitu dute heltzen gure erredakziora mundu osoko lagun eta irakurleen, euskal etxeen eta euskal gizataldeetako kideen zorion eta agiantza mezuek. Urtero bezala urte hasiera sasoin honetan, datozen egunetan, San Sebastian eguneraino --urtarrilaren 20an, jai-eguna egoitza kokatua dugun Donostian-- ez dugu buletina emitituko eta bulego eta barnera begirako lanetan ibiliko gara. Datozen lerroetan, bigarren artikulua azken astean jasoko ditugun lagunen mezuekin. Zorionak eta UIrte Berri On!

Gehiago irakurri...


Necocheako San Sebastian jaialdia urtarrilaren 27 eta 28an ospatuko da aurten, Euzko Etxea-ren eskutik

2011/12/30

2011ko Euskal Astean, Necocheako danborrada entzun zen antzokiko dantzaldira joan aurretik (argazkia EuskalKultura.com) Argentinako euskal etxeetako ekintzen egitaraua murriztu egiten da udako hilabetetan. Necocheako Euzko Etxea-n, ordea, bertoko kideek gehien gozatzen duten jaiaren antolakuntzan dauden murgilduta urte hasieran. Urtarrilaren 27 eta 28an gauzatuko dira aurten kostaldeko hiri honetan San Sebastian jaiko ekintza nagusiak. Astebete lehenago, hau da, urtarrilaren 20an, euskal etxeak herriko Gizataldeen Azokan hartuko du parte stand batekin, dantzariekin eta bere danborrariekin.

Gehiago irakurri...


Shanghaiko Euskal Etxea 2012ari begira da jada: elkarteak urte berriko ekitaldi egutegia plazaratu du

2011/12/30

Shanghaiko Euskal Etxeak bidali duen Eguberri agurra Urtea joan da eta mundu osoko euskal etxe gehienak oporretan dira egunotan, urtarrilean indarberrituta bueltatzeko. Shanghaiko Euskal Etxean ere jende kopurua dezente jaitsiko da egunotan, hiri txinatarrean bizi diren euskaldun asko -langile gazteak gehienak-- etxean bueltan direlako, goxo-goxo jai egun hauek familiarekin egoteko probestuz. Hala ere, gertu direnak ere antolatu dute asteburuan hitzordurik, hala nola 31ean San Silvestre krossa, ondoren poteoa eta gero urtea amaitzeko afaria. Aldi berean, eta datorren urteari begira, 2012ko ekitaldi egutegia ere zabaldu du EEak. Ekitaldi tentagarriak eta orijinalak dira, has zaitezte prestatzen 2012ko agenda!

Gehiago irakurri...


Kontzertu batekin amaitu dute urtea Villa Mercedesko Euskal Etxean: Chascomusen, Olentzero eta suziriekin

2011/12/30

Villa Mercedesko txikienen abesbatzak, besteak beste, Txoria txori eta Gernikako Arbola kantatu zituen, Claudia Quattrocchio eta Daisy Cabeytú zuzendari Villa Mercedesko Euskal Etxeak, San Luis probintzia argentinarrean, bere jantzi ederrenekin esan dio agur 2011. urteari. Urteko tailer eta ekitaldien amaiera gisa, abenduaren 9an hasi zituen ekimenak aste honetan bertan amaitu ditu: elkarteko haurren korala eta helduen abesbatza, eta euskal etxe bertako dantzari txiki eta helduak protagonista. Bere aldetik, Chascomusko Euskal Etxeak Olentzeroren bisita jaso zuen. Inguruko haurrek harrera ezinhobea prestatu eta marrazkiak oparitu zizkioten. Elkarteko kide batek bere kondaira kontatu zuen, eta ikazkinak ere opariak banatu zituen, eguna suziri sorta eder batekin bukatzeko. Geroztik, EEkoak Udaleko ordezkariekin solastu dira, Chascomusen hirugarren urtez egingo den euskal Udaleku hasteko astebete eskas geratzen dela.

Gehiago irakurri...


Diasporan egoera larrian dauden pertsonentzako laguntzak eskatzeko epea ireki da; otsailaren 29a arte

2011/12/29

Lehendakaritzaren egoitza, Gasteizen Eusko Jaurlaritzak gaurko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitara eman du atzerrian euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko diru-laguntzak eskatzeko 2012. urteko deialdia. Orotara 202.000 euroko zuzkidura du deialdi honek eta eskabideak aurkezteko epea otsailaren 29an itxiko da. Aurreko urteetan bezala euskal etxeak dira eskabideak aurkeztuko ardura dutenak; hori dela eta, laguntzak eskatu nahi dituztenek gertuen duten euskal elkartearekin jarri behar dute harremanetan lehenbailehen.

Gehiago irakurri...


'Zinema euskaraz': Gabonetan 43 filme euskaraz ikusteko aukera streaming bidez eta doan interneten

2011/12/29

'Olentzero eta subilaren lapurreta' da filme berrietako bat. Horrez gain, drama, komedia, dokumentalak... bada zer aukeratu! Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen 'Zinema Euskaraz' ekimenaren barruan Kulturklik.com webgunean euskarazko film zerrenda luze bat jarri da eskuragarri. Nahi duenak luzemetraia bakoitzaren izenburuan klik egin eta filme hori ordenagailuan ikusi ahal izango du, streaming bidez eta doan, eta, esaterako, bere euskal etxean eskaini. Filma ezin da jaitsi, zuzenean webgunetik ikusi behar da. Iaz abiatu zen kanpaina honi 13 izenburu emendatu zaizkio aurten, tartean '80 egunean', 'Arriya', 'Izarren Argia' edo 'Olentzero eta oparien ordua' eta 'Amerikanuak' dokumentala.

Gehiago irakurri...


Urte berriaren omenez topa egin dute Argentinako euskal etxeetako kideek abenduko azken elkarretaratzeetan

2011/12/29

Paperetan idatzitako desioak sutan erre ziren,  errealitate bihurtuko direlakoan (argazkia EuskalKultura.com) 2011. urtea atzean geratuz doa. Momentu onak eta ez hain onak izan jadanik oroitzapen dira eta urte berria, orri zuri bat izango balitz bezala, esperientzia berriez beteko dugu egunez egun. Etorkizun hori ari dira ospatzen Argentinako hainbat euskal etxetako kideak egunotan euren kopak lagun artean altxatuz. Jai guztietan sentimendu handiko omenaldiak egin zaizkio euskaldunen lokarri den kultura eta sentimentuari. Esaterako Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean, Rosarioko Zazpirak Baten, Mar Chiquitako Izatez Harron, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Baten eta Trenque Lauquengo Euskal Sustraiaken. Hona euren urte amaierako elkarretaratzeen laburpena.

Gehiago irakurri...


Hiriburu europarrak badu berriz ere euskal etxea: Bruselako Euskal Etxea ofizialdu zuen atzo Jaurlaritzak

2011/12/28

Bruselako Euskal Etxearen (BEE) logoa Zazpi urte pasatu dira Bruselak bere azkeneko euskal etxea ofizialki galdu zuenetik, Jaurlaritzako euskal etxeen erregistrotik erorita. Iazko udan, Julian Celayak, euskal etxe bat sortzeko eman beharreko pausoak azaldu zizkion Bruselako euskaldun talde bati, hirira egindako bisitan, eta azaroan oraingo ofizialtzean amaitu diren aurreneko urratsak eman zituen Bruselako Euskal Etxeak (BEE). Zorionak eta ongi etorri Bruselako lagunei!

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia