2012/02/03

Gure irakurleei gogorarazi nahi diegu oraindik garaiz direla 2012 urterako euskal etxeentzako laguntzak eskatzeko, eta baita ere tarte berean Diasporan egoera larrian dauden pertsonei laguntzak eskatzeko. Bi deialdietan eskabideak aurkezteko epea hil honen bukaeran itxiko da, otsailaren 29an zehazki. Jarraian deialdiei buruzko informazioa gehiago eta eskabideak aurkezteko beharrezkoak diren imprimakien loturak bildu ditugu.
Gehiago irakurri...
2012/02/02

Datorren astelehenean hasiko dira Buenos Aireseko Sarandi kaleko Euskal Echearen egoitzan Argentinako UVVren (Universidad Vasca de Verano) aurtengo eskolak. Ikastaroa, otsailaren 6tik 17ra luzatuko da, ordutegi trinko bati jarraituz. Klaseak egunero goizetan (9etatik ordu 1era) nahiz arratsaldetan (ordu 2etatik 6etara) izango dira aipatu bi asteetan, igandeetan izan ezik. Programaren baitan, Euskal Echearen Llavallolgo egoitza bisitatuko dute ikasleek Institutuko eta Unibertsitateko arduradunek lagunduta. Izena emateko epea otsailaren 3an, bihar, bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2012/02/02

Berezia da Argentinako Baietz musika taldearen istorioa: euskal instrumentuak jo eta egiten dituzte taldea osatzen duten sei musikariek, Argentinako euskal etxeetan barrena makina bat musika tailer egin dituzte eta iaz argitaratu zuten lehen diskoan euskal abestiak eta argentinar musika uztartzen dira. Argentinan eginiko euskal musika honek euskal komunikabideen arreta deitu du eta Berria egunkariak taldeko Gaspar Jaurenari jarraian laburbiltzen dugun elkarrizketa egin dio.
Gehiago irakurri...
2012/02/02

Euskal kulturak leku nabarmena izango du otsailean zehar Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatean (USBC). Iaz geroztik euskara eta euskal kultura ikastaroak eskaintzen ditu zentro honek, eta AEBetako beste hiru unibertsitaterekin batera Basque Studies Consortium delako taldea osatzen du, herrialde honetako goi mailako irakaskuntzan euskal ikasketak sustatzeko helburuarekin. Hil honetan euskal gaiek bi hitzordu nagusi izango dituzte USBCn: datorren astelehenean Christine Bender idazleak euskal baleazaleei buruz egiten ari den ikerketaren berri emango du, eta otsailaren 23 eta 24an euskarari buruzko zenbait hitzaldi izango dira entzungai Jatorri-Hizkuntzen Nazioarteko Eguna dela eta.
Gehiago irakurri...
2012/02/01

Perura bueltatu da urtarrilaren hondarrean Josetxo Silguero saxofoi-jotzaile irundarra eta Limako Kontserbatorio Nazionalean "Nazioarteko 2. Saxofoi Ikastoroa" ari da ematen egunotan. Urtarrilaren29an abiatu zen ikastaroa eta otsailaren 7an bukatuko da. Silguerok Emiliano Barri saxofonista argentinarra du lagun irakasle lanetan. Ikastaroa abiarazteko bakarkako kontzertua eman zuen Silguerok Liman eta, besteak beste, Mikel Laboaren doinuak eta Gabriel Erkorekaren Duduk I lanak jo zituen. Iazko abuztuan ere Perun izan zen Silguero, ikastaroaren lehendabiziko edizioan irakasle.
Gehiago irakurri...
2012/02/01

Idahoko Twin Falls herriak jatetxe berri bat du iragan abenduaz geroztik, eta bertaratzen diren bezeroek proposamen berezia dastatzeko aukera dute; izan ere, euskal-amerikar zein perutar gastronomia eskaintzen du bertan Fausto Cuares sukaldariak. Urtetan besteen jatetxeetan lanean aritu ostean, bere negozioa abian jartzeko erabakia hartu zuen iaz 61 urteko perutarrak, baina momentuz gauzak pattal doaz. Prezio merkeak izanagatik, jatetxearen berri zabaltzea kosta egiten ari zaio Cuaresi eta, urtebeten gauzak hobetu ezean, bizitzako ametsa bertan behera utzi beharko du. MagicValley.com webgunean jaso dugu istorioaren berri.
Gehiago irakurri...
2012/01/31

Auto istripu bat tarteko hil da igandean Chascomus inguruan, Argentinan, Zingirako Euskaldunak euskal etxe chascomustarreko lehendakaria den Pedro Mauregui Larrandaren aita, Rolando Mauregui. Heriotza, gidatzen ari zela bihotzeko minak jo, autoaren kontrola galdu eta ibilgailua irauli zenean gertatu zen. Lerro hauetatik besarkada handi bat eta gure dolumin zintzoak Pedro Mauregui Larranda lagunari eta hildakoaren emazte eta familiakoei.
Gehiago irakurri...
2012/01/31

Euskaldunak elkarte quebectarrak indartsu hasi du urtea eta Kanadan euskal kultura zabaltzen egiten duen ahaleginean pauso berri bat emango du igandean, Radio Canada irratiak Euskal Herriari eta euskal etxearen jardunari eskainiko baitio tartea. "Babylone Café" izeneko irratsaioak elkarteko presidentea, Adelaide Daraspe, elkarrizketatuko du eta euskal etxean ematen diren euskara klaseetan ere izango da. Igandetik goiti, ordubeteko saio hau internet bidez entzun ahal izango da. Horrez gain, elkartea Inauterietarako ekitaldi berezia ari da prestatzen, eta otsailaren 10ean mozorro lantegia eta jai honen jatorriari buruzko solasaldia egingo dituzte euskal etxean.
Gehiago irakurri...
2012/01/30

Otsailaren 4ean Santa Ageda eguna da eta Euskal Herriko herri eta auzo askotan etxez-etxe ibiliko dira kantuan makina bat koru, elkarte edo horretarako bildutako bizilagun taldeak. Diasporan ere antolatu dituzte horrelako zenbait ekitaldi: Estatu Batuetan, adibidez, Boisen Ikastolako umeak izango dira kantariak ostiral honetan, eta bertara joan ezin duenari kantatzeko bigarren aukera bat emango diote datorren astelehenean, euskara ikasleekin batera. Madrilen Euskal Etxeko koruak urtero legez espainiar hiriburuko zentroan egingo du ibilbidea larunbatean bertan, eta Puerta del Sol eta Plaza Nagusia bezalako gune ospetsuetatik igaroko da.
Gehiago irakurri...
2012/01/30

Euskal Herria ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen die Boiseko Estatu Unibertsitateak AEBetako euskaldunei (eta euskal kultur zaleei) ekainaren 24tik uztailaren 9ra egingo den bidaia honekin. Aparteko gidaria izango du gainera taldeak: Dave Lachiondo boisetarra, unibertsitateko Euskak Ikasketa Programaren arduradunetakoa eta Euskal Herria ederki ezagutzen duen aditua. Bidaiariek alderik alde zeharkatuko dute euskal kostaldea, Bilbon hasi eta Iparraldean bukatuz. Bidean ikusiko dituzte Urdaibai, Gernika, Donostia, Zarautz eta Azpeitia, besteak beste. Interesa daukatenek denbora gutxi daukate pentsatzeko, datorren astean bukatuko baita seinalea uzteko epea, otsaileran 10ean hain zuzen.
Gehiago irakurri...