La Paz, Bolivia. '40 Sinfonikoa’ izenburu daraman lana datorren igandean, azaroaren 2an, plazaratuko da, eta izenak berak dioenez, Joseba Gotzonen kantagintzan eta musika munduan daramatzan 40 urteetako ibilbidea ospatu nahi du album berri batez, bere kantu ezagunenetako batzuekin batera beste berri batzuk bilduz. Musikari portugaletetarrak. Boliviako Chuquiago Marka Orkestra Sinfonikoarekin grabatu du, euskal jatorria duen Christian Asturizaga maisua zuzendari.
Bederatzi dira diskoratu dituen abestiak. Batzuk lau hamarkada hauetako nolabaiteko ikur bilakatu direnak; eta lau argitaragabeak. Abesti 'zaharren' artean honako hauek hautatu ditu abeslariak: 1991 urteko “Kalapo” diskoko “Deserria” –lau hamarkada hauetan gehien taularatu duena zalantzarik gabe–; 1999ko “Nortasuna” diskoko “Bihotza ezin da erosi” eta Gerra Zibil garaiko Euskal Futbol selekzioari eskainia; eta 2021ean euskal diasporaren omenez kaleratu zuen “Urrundik”.
Lau kantu argitaragabe
Orain arte argitaragabeko abestietan, kantariak 2020ko “21 razones” eta 2022ko hiru hautatu ditu: “Siéntete admirable”, Idoia Odriozolaren testu batean oinarrituta, “Ezer ez da berdiña” eta etxeko animalia baten azken oroipenak kontatzen dituen “Sua”. Musika moldaketak, Espainiako eta Hego Amerikako zenbait musikariren esku egon dira; izan ere, harreman estua mantentzen du artista bizkaitarrak bisitatutako lekuetako musikariekin.
‘40 Sinfonikoa’ren grabazioa Cantus de la Paz izenako estudioan burutu zuen, Bolivian, Gustavo Navarre soinu ingeniaria lagun, La Pazko Alberto Saavedra Udal Antzokian. Joseba Gotzonen lan berria Bolivian bertan filmatuko dituen lau bideok ere osatuko dute. Orain, igandera arte zain egotea tokatzen da, egun horretan egongo baitira aipatutako kantuok eskuragarri eta entzungarri plataforma digitaletan. Zorionak, Joseba Gotzon!
- Joseba Gotzon Spotifyn, YouTuben eta Instagramen
- Joseba Gotzonen weborria: josebagotzon.com
 
    
         
    
         
    
        
 
	 
    
         Lagun bati bidali
 Lagun bati bidali Komentarioa gehitu
 Komentarioa gehitu

 
    
         
    
         
    
         
    
         
    
        

