euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaraz irakurri nahi duzu? Hona Necocheako 2011ko Euskal Asteko Lehiaketaren testu irabazleak

2012/02/17

Idazlan lehiaketaren sariak Euskal Asteko azken bazkarian eskuratu ziren (argazkia EuskalKultura.com) Euskararen erabilera bultzatzeko xedea du Euskal Astearen baitan FEVAk eta euskal etxe antolatzaileak urtero abian jartzen duten Idazlan Lehiaketak. Ikasle eta irakasleei zuzendua, euskal etxe askotako euskaltzaleek hartzen dute parte kultur jarduera honetan, saria irabazteko itxaropenarekin baino gehiago, euren istorio eta kontakizunak euskaraz eta beste euskaldunekin partekatzeko asmoarekin. “Nire herria” izan zen 2011ko azaroko edizioko lehiaketaren gaia eta gaurko artikuluan, EuskalKultura.com-ek testu irabazleak eskuratzen dizkie bere irakurleei, bertako euskara ikasleen ahaleginaren lekuko.

Gehiago irakurri...


Konstanz Unibertsitatean egin berri den sinposioak euskal kulturaz eta gatazkak aritzeko foroa eskaini du

2012/02/16

Euskal gatazkak literaturan izan duen isla aztertu zuten idazleek sinposiaren azken saioan (argazkia Etxepare) Pozik agertu dira Konstanz Unibertsitatea eta Etxepare Euskal Institutua zentro alemaniarrean bukatu berria den 'Euskal kultura eta gatazka politikoa' sinposioaren emaitzarekin. Literatura, hizkuntzalaritza eta historia bezalako arloetatik abiatuta, topaketa biolentziaren amaierari eta gaur egungo euskal egoerari buruzko hausnarketa egiteko foro bikaina izan da. Blanca Urgell Kultura sailburua eta Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Konstanz-en izan ziren asteartean eta sinposioaren bigarren saioan parte hartu zuten, astelehenean Berlinaleko Euskal Egunean izan eta gero.

Gehiago irakurri...


Mugikor bidez ligatzeko aukera berri bat, Kaixomaitia.com webguneak sortu duen aplikazioarekin

2012/02/16

Kaixomaitia.com webgunea Kaixomaitia.com harremanetarako euskal webguneak bost urte bete ditu eta, gutxienez beste hainbeste ekinean jarraitzeko asmoarekin, zerbitzu berri bat aurkeztu du: mugikorrentzako aplikazioa. Android sistemarentzat diseinatua dago aplikazioa eta honen bidez webguneko erabiltzaileekin jar daiteke harremanetan, bai eta inguruan egon daitezkeen Kaixomaitiako aplikazioaren erabiltzaileekin, eurekin momentuan solastu edota biltzeko. Sustatu webgunetik jaso dugu honen berri.

Gehiago irakurri...


Bi eguneko bilera eta Guregandik 7ren aurkezpena Arturo Campion Euskal Ikasketa Gunean, Lapridan

2012/02/16

Guregandik argitalpenaren aurreko edizio batzuen azalak Datorren astelehen eta asteartean, otsailaren 20 eta 21ean, eta Inauterietako jai egunak baliatuz, bi eguneko bilkura gauzatuko dute Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneko arduradunek Laprida herriko euren egoitza ere baden Lagunen Etxea euskal etxean. 2003ko apirilean sortu zen elkarte honetako irakasleak, urtero bezala, barruko gaiak aztertzeko asmotan bilduko dira, eta topaketaren baitan, prentsarekin elkartuko dira eta Guregandik argitalpenaren 7. edizioa aurkeztuko diote publikoari, astelehen arratsaldean. Lagunen Etxea euskal etxeak ekimen honetan parte hartzeko gonbitea luzatzen dio komunitate osoari.

Gehiago irakurri...


Dantzan.com webgunea berriz abian jartzeko sostengu kanpaina hasi da: sina ezazu ostirala baino lehen

2012/02/15

Dantzan.com-ek itxieraren berri eman zueneko irudia Berri txar batekin bukatu zuten urtea mundu osoko euskal dantzazaleek: www.dantzan.com webgunearen itxiera. Diru laguntza ekonomikoen murrizketak eta, zenbait kasutan, laguntzen desagerpenak, egoera jasanezinean jarri zuen Dantzan.com-eko lantaldea eta hamar urteko ibilbideari bukaera ekarri zuen. Sarean berehalako erantzuna izan du berriak eta irakurleek sortu duten sostengu talde batek webguneari laguntzeko sinadura-bilketa jarri du abian. Dantzan.com-eko arduradunak erakundeekin hizketan ari dira eta, munduan zehar duten sostengua erakusteko, ostirala bitartean jasotzen diren sinadurak aurkeztuko dituzte. Lagundu nahi baduzu, sina ezazu lehenbailehen!

Gehiago irakurri...


Ruper Ordorikaren kontzertua, jendetsua eta "Mugaritz BSO" dokumentalari, txaloak Berlinen

2012/02/15

Ruper Ordorika kantariak Mediengalerie aretoan eman zuen kontzertuaren irudia (argazkia BerlinEE) Euskal kulturak tarte berezia izan du egunotan Berlinen: batetik, Ruper Ordorika kantariak eman zuen kontzertua dela-eta eta, bestetik, Berlinale zinemaldiaren barruan antolatu zen 'Basque Day' ekitaldiarengatik. Lagun asko bildu ziren larunbatean musikari oñatiarrak MedienGalerie-n eman zuen kontzertura, Euskal Etxeak eta Etxepare Institutuak antolatu zuen ekitaldian. Jendetza eta txalo asko ere izan ziren Berlinalen astelehenean, "Mugaritz BSO" euskal dokumentalaren aurkezpenean. Ondoren, 200 lagunek Andoni Luis Aduriz sukaldari ospetsuak prestatutako afaria dastatzeko aukera izan zuen.

Gehiago irakurri...


'Irakurle-On', irakurketa bultzatzeko Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeak abian jarri duen proiektua

2012/02/15

Laurak Bat euskal etxeko liburutegiaren eta elkarteko egoitzaren irudiak (argazkiak EE) 'Irakurle-On' du izena tradizio handiko Laurak Bat euskal etxeak bere bazkideei luzatu die proposamen berriak. Programa honen bidez, irakurleek euren gustuko liburuak hartu ahal izango dituzte liburutegitik 15 eguneko eperako, kasu batzuetan mailegua berritzeko aukerarekin. Gogora dezagun Laurak Bat euskal etxeko liburutegia, 4000 bat testuko bildumarekin, diaspora osoko liburutegi garrantzitsuenetako bat dela euskal gaietan. Liburutegia erakundearen egoitzan dago, Belgrano etorbideko 1144 zenbakian, eta astegunetan (astearteetan izan ezik) arratsaldeko 6:30etatik 9etara bisita daiteke.

Gehiago irakurri...


‘Udal interesekoa’ izendatua izan da Euskaldunak Denak Bat euskal etxearen 90. urtemuga Arrecifes-en

2012/02/14

Euskaldunak Denak Bat euskal etxearen urtemugaren logoa Otsailaren 25ean ospatuko da Argentinako Arrecifes hirian bertoko Euskadunak Denak Bat euskal etxearen 90. urteurrena. Jaia iluntzeko 7:30etan hasi eta ordu txikiak arte luzatuko da, karroza kabalkada, afaria eta musika ikuskizunekin. Euskadiko zein Argentinako zenbait euskal erakundetako ordezkariek hartuko dute parte ospakizunean, tartean Elvira Kortajarena Jaurlaritzaren Mercosur-erako ordezkariak, Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celayak eta FEVAko lehendakaria den Ricardo Basterrak. ‘Udal interesekoa’ izendatua izan den topaketa honetara, Arrecifesko alkatea ere bertaratuko da, Daniel Bolinaga, bera ere euskaldunen ondorengoa eta euskal etxeko kide dena.

Gehiago irakurri...


Bakersfield-eko California State Unibertsitateak euskara ikastaroa abiatu du, EEaren laguntzarekin

2012/02/14

Unai Nafarrate arrasatearra de ikastaro berri honetako irakaslea Kaliforniako euskal komunitaterik handiena da Barkersfieldekoa, eta, hala ere, urtetan izan du bete ezineko ametsa: California State University-k bertan duen kanpusean euskara eta euskal kultura ikastekak izatea. Aurten, azkenik, ametsa egi bihurtu da, Kern County Basque Club euskal etxearen ezinbesteko laguntzarekin; izan ere, irakaslearen soldata bere gain hartu du elkarteak. 'Basque Language and Culture' izena du ikastaroak eta Unai Nafarrate arrasatearra da irakaslea. Ekimenaren sustatzaile izan den Steven Gamboak dagoeneko eskolatan 24 ikasle dabiltzala agertu dio EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


'Basque Hotel' dokumentala, AEBetako euskal munduetan barrena bidaia, ikusgai da internet bidez

2012/02/14

'Basque Hotel' dokumentalaren kartela Iragan asteazkenean estreinatu zen ETB1 katean 'Basque Hotel' dokumentala, Josu Venerok zuzenduriko 'road movie' estiloko luzemetraia. Dokumentalak Estatu Batuetako euskal komunitateen barrena bidaia proposatzen du, gizatalde hauekin harreman zuzena izan duten idazleen testuak gidatuta: Robert Laxalt, Bernardo Atxaga, Asun Garikano, Joseba Zulaika, Kirmen Uribe, William A. Douglass, Iñaki Uriarte eta David Rio. Filmea Eitb-ren webgunean ikusgai dago.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia