euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzerok bisita egin die Australiako neska-mutilei, Sydneyko Gure Txoko elkarteak gonbidatuta

2011/12/20

Sydneyko neska-mutilak zur eta lur gelditu ziren Olentzerorekin (argazkia SydneyEE) Jakina da Olentzero abenduaren 24ko gauean ibiltzen dela munduan zehar opariak egiten, baina aurretik ere bisita bereziak egiten dabil han-hemenka, zenbait euskal etxek deituta. Horrela, abenduaren 11an, Australian izan zen, Gure Txoko elkarteak egin zion gonbiteari erantzunez. Sydneyko euskaldunek, urtero legez, Centennial Park delakoan gauzatu zuten hitzordua, eta elkarteko txikiak bertan ibili ziren, estu eta larri, ikazkina noiz agertuko zain. Olentzerok opariak banatu zituen haurren artean eta egun ederra igaro zuten denek, Australiako udako eguraldi ederraz gozatuz.

Gehiago irakurri...


Ibaimusic.com atariak Gabonetan musika oparitzeko eta zuzenean saretik jaisteko bonoak eskaintzen ditu

2011/12/20

Musika taldeei euren kantuak zuzenean saltzeko aukera eskaintzen die Ibaimusic.com-ek Olentzero badatorrela eta aurten ere opariak erosteko berandu zabiltzala? Lasai, www.ibaimusic.com atariak azken minutuan salbatuko zaituen oparia egiteko aukera ematen du, musika bonoei esker. Hamar eurokoa da merkeena eta 50koa garestiena; jasotzen duenak webgunean sartu eta gustukoen duen CDa edo abestiak erosi eta zuzenean deskargatu ahal izango ditu. Aukera ez da nolanahikoa: une honetan 7.000 disko biltzen ditu IbaiMusic-en katalogoak. Diasporari begira jaio zen webguneak taldeei euren musika salgai jartzeko aukera ematen die, eta une honetan Boiseko 'Amuma Says No' eta Argentinako 'Baietz' taldeekin ari dira hizketan, euren musika ere katalogora ekartzeko.

Gehiago irakurri...


Ipar Amerikan euskara ikasi nahi duzula? Naboeuskara.com webgunea da zure abiapuntua

2011/12/19

Aurten lehendabizikoz heldu da Korrika Boisera eta bertan izan ziren inguruetako euskara ikasle eta irakasleak, tartean Boiseko ikastolako haurrak eta euren gurasoak (argazkia NABOeuskaraz.com) Estatu Batuetan zein Vancouver eta Quebec-en euskara ikasleen kopurua igotzen ari da emeki-emeki, NABO euskal etxeen federazioak eta HABEk sustatzen duten programari esker. Euskara ikasleen ahalegina laguntzeko eta herrialde hauetan euskaraz ikasi nahi duen edonori topagune bat eskaintzeko, NABOk www.naboeuskaraz.com webgunea jarri zuen abian uztailean, ingelesez. Webguneak ikasleentzako informazioa, ikasgaiak eta lotura erabilgarriak eskaintzen ditu; badira ere haurrentzako jolasak, ikastaroetako argazkiak, berriak, txata... Izan ere euskara ikasle euskal amerikarrentzako topagune birtuala bihurtu da. Ezagutu nahi dituzu? Abentura honetako parte izan nahi duzu? Zabaldu atea eta aurrera!

Gehiago irakurri...


Euskal musika, dantzak eta historia Argentinan La Platako Villa Elisan burututako Goizuetarren 4. Topaketan

2011/12/19

Haritzaren gerizpean egin zuten Goizuetarrek familiaren argazkia Joan den azaroaren 26an Juan Angel Goizueta eta Gracia Mariezcurrena bikotearen ehun bat ondorengo elkartu ziren Villa Elisako Cabaña El Rincon-en. Laugarren topaketa honetan, 2001. urtetik hona bilaketei esker aurkituz joan ziren Goizueta eta Mariezcurrena senar-emazte nafarren ahaideak bildu ziren; lehenengo topaketa egin zenetik hamarkada pasa eta gero, euskal giroa inprimatu nahi izan zioten antolatzaileek festari. Ikurrinek, euskarak eta Buenos Aireseko Ekin Dantzari taldearen dantzek bermatu zuten Euskal Herriko kulturaren presentzia jaian.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak beste 13 beka deitu ditu Gasteiz, AEB, Brusela, Mexiko, Txile, Kolonbia eta Argentinarako

2011/12/19

2011ko Beka deialdiaren gaztelaniazko bertsioa, informazio hau idazterakoan euskarazkoa ez baitzegoen prest Joan den ostiralean orrialde hauetanxe aipatu genituen Gasteiz (2), Argentina (1) eta Estatu Batuetarako (1) lau bekez gain, Eusko Jaurlaritzak beste 13 beka deitu ditu "Kanpo Harremanen arloan profesionalak espezializatzeko" xedez, kasu honetan honako lekuetarako: Gasteiz (4), Brusela (4), AEB (1), Mexiko (1), Txile (1), Kolonbia (1) eta Argentina (1). Honakoan 12 hilabeterako dira, EAEko herritarrak eta euskal etxeetako kideek eska ditzatekelarik. Diru-kopuruari dagokionez, 16.000 eta 24.000 euro arteko hornidura dauka bakoitzak. Eskabideak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 16an bulatuko da.

Gehiago irakurri...


Euskal txiletar filosofo eta idazlearen heriotzaren aurrean: 'Castor Narvarte, amaiera gabeko beste erbeste bat'

2011/12/19

Joan den astean zendua da Txilen Castor Narvarte Sanz, jaiotzez euskalduna, Txilen hazia eta txiletarra bizilekuz eta adopzioz, Diasporako euskal familia bateko aita eta aitona, seme eta bilobak Euskal Herrian, Txilen eta Estatu Batuetan zeuzkana. Idazle eta filosofoa, bere ekoizpena, bere ekarri intelektuala eta Diasporako euskaldun gisa eman zigun lekukotasuna utzi digu herentzia. Hamaika Bide Elkartetik (Euskal Erbesteen Kultura Ikertzeko Elkartea da Hamaika Bide) honako artikulua iritsi zaigu zendu berria oroituz, Jose Angel Ascuncek eta Jose Ramon Zabalak sinatua, 'Castor Narvarte, amaiera gabeko beste erbeste bat' izenburupean.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko eta Argentinako musika eta nortasuna biltzen dituen Baietz taldeak bere CDa plazaratu du

2011/12/16

Baietz taldearen diskoaren azala Hiru urteko ahaleginen emaitza da 'Baietz' talde euskal argentinarraren lehenbiziko diskoa. Hiru urteko lan eta esperientzien, ikastaldien eta hazkuntzaren ondorioa. Jaio zenetik, lan handia egin du Cordobako taldeak Euskal Herriko musika barneratu eta aldi berean ezagutarazteko. Bi norabideko mugimendu honek musika tresnak egiten ikasi eta Argentinako hainbat euskal etxetan musika-tailer eta kontzertuak eskaintzera eraman du taldea. Diskoa, euren esanetan, “ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera da”. EuskalKultura.com-ek egindako galderei erantzunez, Baietz osatzen duten Agustin Alonso, Jose Noe Fernandez, Franco Seghesso, Fernando Zabalza eta Gaspar Jaurena gazte argentinarrek euren CDaren xehetasunak partekatu nahi izan dituzte Diaspora orokorreko publikoarekin.

Gehiago irakurri...


Giro bikaina '@roma basco-euskara' jaialdian; bihar bukatuko da, Xabier Montoiaren kontzertuarekin

2011/12/16

Pintxo! jaian partaideak dantzan aritu ziren, Asier Oyarzabalek prestaturiko kutixiak dastatu ostean (argazkia Euskara.it) Erromako euskal komunitateak italiar hiriburuko biztanleak harritzen darrai, elkartearen marka diren proposamen koloretsu eta orijinalekin. Berriena "@roma basco-euskara" izeneko jaialdia izan da, asteburu honetan bertan bukatuko dela. Azaro hondarrean abiatu zen ekimenak euskal, italiar eta nazioarteko sortzaile, artista eta sukaldarien topagune bihurtu du Erroma, fusio zirraragarriak sortuz: pintxoak eta bertsolaritza, estatubatuar kantariak eta euskaraz kantatzen duten talde erromatarrak, bertsolariak eta italiar poetak... Larunbatean kontzertu eta itxiera jaiarekin bukatuko da jaialdia: taulagainean ariko dira Xabier Montoia poeta eta kantaria, Mursego txelista eibartarra, Ibon Rodriguez musikaria eta Banda Jorona talde erromatarra.

Gehiago irakurri...


Santo Tomaseko ospakizunak New Yorkera helduko dira aurten, Eusko Etxea elkarteari esker

2011/12/16

Txistorra pintxoak Santo Tomás eguneko irudi tipikoa dira Datorren abenduaren 21ean Euskal Herriko hainbat lekutan Santo Tomas eguna ospatuko da, eta Donostia eta Bilbo bezalako hirietan milaka lagunek baserritar arropak jantziko dituzte eta azokara joango dira txistorra pintxo edo talo tipikoa dastatzeko. Jaia Diasporako zenbait komunitatera ere helduko da aurten, hala nola Bartzelona, Madril... eta New York. Sagar Handiko jaia bihar bertan egingo da, euskal etxean, eta bertan izango da ere Olentzero, elkarteko txikientzako opariekin.

Gehiago irakurri...


Jaurlaritzak Kanpo Harremanetarako bekak deitu ditu Gasteiz (2), Estatu Batuak (1) eta Argentinarako (1)

2011/12/15

Espezializazio bekak arautzen dituen Dekretua Eusko Jaurlaritzak atzoko buletinean (EHAA-BOPV) argitaratu zuen 2012. urteari dagokion Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzeko dekretua, 24 hilabeteko eperako eskaintza egiten duena, languneak euskal gobernuaren egoitzak direlarik, Gasteizen (2 beka), Argentinan (1) eta Estatu Batuetan (1). Euskal Autonomi Erkidegoko herritarrak eta onartuta dauden Euskal Etxeetako kideak aurkez daitezke. Eskabideak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 16 izango da.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia