euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

XIX. mendeko euskal partitura bat, Buenos Airesen aurkitua, kontzertuan eman dute, Euskal Echearen eskutik

2011/12/15

J. A. Abbadie-ren  “Israelen esperantza” piezaren eskuizkribua (argazkia Enrique Godoy) 2006an, hiriburu argentinarreko San Jose Eskolako kaperan, eskuz idatzitako izen gabeko partitura bat aurkitu zuen Enrique Godoy organogile eta konpontzaileak. Zegozkion ikerketak egin ondoren, obra J. B. Abbadie apaiz, konpositore eta organistarena zela ohartu zen Godoy. Pieza 1862 eta 1908 urte bitartekoa dela ondorioztatu zuen eta dokumentuari lotutako misterio batzuk dirauten arren, Ana Paula Segurola organo-jotzaileari eta Euskal Echea Institutuari esker, bi kontzertutan entzun ahal izan da Buenos Aires hirian abenduaren 6an eta 13an. Ekimenak Argentinako Kultura Idazkaritza Nazionalaren babesa eta Jose Luis Castiñeira Arte Zuzendariaren laguntza izan du.

Gehiago irakurri...


Itsasoa, dantza, poesia, musika eta bertsoak ekarri ditu Berlinera Euskal Koreografoen II Jaialdiak

2011/12/15

'Batteleku batean', Mikel Aristegui koreografoaren ikuskizunaren irudi bat (argazkiak Volker Roloff) 'Euskaldunak ozeanoari begira' izan da bukatu berria den Euskal Koreografoen II. Jaialdiaren gaia, eta itsasoaren gomuta Berlinera ekartzea lortu dute jaialdian parte hartu duten artistek, dantza, musika, literatura eta bertsolaritzaren bitartez. Zazpi dantza konpainiek arlo honetan Euskal Herrian egiten den artea erakutsi dute; are gehiago, bertso eta olerkiekin uztartuz ikuskizun zinez bereziak sortu dituzte taulagainean. Horren adibide Mikel Aristegui koreografoak zuzenduriko 'Bertsolari/dantzari' saioa: bertsolariak botatzen zuen bertsoari bapatean pausoak jarri zizkioten dantzariek. Arrakasta kari, datorren urtean Londresen antzeko jaialdia egingo dela iragarri du Aristeguik.

Gehiago irakurri...


Patxi Zubizarreta eta Manu Lopez idazleak Polonian izan dira euskal haur literaturaren berri ematen

2011/12/15

Manu Lopez Gaseni eta Patxi Zubizarreta idazleak (argazkia Etxepare) Poloniako bi unibertsitate bisitatu dituzte azken asteotan Patxi Zubizarreta eta Manu Lopez Gaseni idazleek, Euskal Herrian egiten den haur eta gazte literaturaren berri emanez. Azaroaren 28an Gnieznoko unibertsitatean izan ziren, eta abenduaren 1ean eta 2an Poznanen, bertan Euskara eta Euskal Kultura irakurle den Amaia Dones irakasleak gonbidatuta. Hitzaldiez gain errezitaldi bat ere eman zuten, Poznango euskara ikasleentzat.

Gehiago irakurri...


Euskal elkarte berri bat abian: Bruselako Euskal Etxeak euskera sustatzen du Europaren bihotzean

2011/12/14

Txalaparta abesbatzeko partaide batzuk (argazkia BEE) Orain dela urte bete, 2010eko azaroan, jaio zen ofizialki Belgikako hiriburuan Bruselako Euskal Etxea. Euskal elkarte berriak bazkide talde txikia du momentuz, baina dagoeneko abian jarri ditu bere lehenengo ekimenak: euskara ikastaroak, mintzapraktikak eta Txalaparta korala tartean. Epe laburrari begira elkarteak Eusko Jaurlaritzaren erregistro ofizialean onartua izatea espero du, eta beste ekimenen artean, euskal dantza taldea eta pilota ikastaroa antolatu nahi ditu.

Gehiago irakurri...


'Que par che' antzerki konpainiak Argentinako 9 euskal etxeko bira egin du, hainbat tailer eta funtzio emanez

2011/12/14

Maite Guevara eta Mariano Di Franco Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxean (argazkia EE) 'Que par che' antzerki konpainia 2008an jaio zen, Maite Guevara euskaldunaren eta Mariano Di Franco argentinarraren eskutik. Antzezlan eta pedagogia nahasten ditu bikoteak bere ikuskizun eta tailerretan, eta proposamen honekin Euskal Herri bertako, Espainiako eta Argentinako antzoki zirkuituetan aritu da urte hauetan. Joan den urrian, eta Eusko Jaurlaritzak Bira Kulturalak egiteko eskaintzen duen diru-laguntzak medio, Argentinara bueltatu ziren gazteak, Buenos Aires probintziako bederatzi euskal etxetan “Los Pardos” eta “Soltarlo al aire” antzezlanak eta Barreterapia eta Clown tailerrak aurkeztera. “Biraren balantzea ona baino hobea da. Euskal etxeetako jendea ez ezik, ikuskizunak ikustera edo tailerretan parte hartzera hurbildu diren lagun guztiak ere oso pozik agertu dira gure lanarekin”, adierazi dio Maite Guevarak EuskalKultura.com-i, ibilbidea bukatzean.

Gehiago irakurri...


Ibilaldia 2012rako abestia aukeratzeko nazioarteko lehiaketa; eta Amodiozko Gutunen XX. edizioa Bergaran

2011/12/14

2012ko Ibilaldiaren aurkezpen ekitaldiko artxiboko irudia Datorren maiatzaren 27an Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, egingo da Trapagaranen, Itxaropena ikastolak antolatuta. Egun hori kari prestatzen ari diren ekimenen artean ikastolak jaialdiaren abestia aukeratzeko lehiaketa antolatu du, mundu osoko taldeei eta kantariei irekia. Baldintza bakarrak abestia euskaraz izatea eta testuan 'ibilaldia' eta 'ikastola' hitzak agertzea dira. Abestiak bidaltzeko epea urtarrilaren 12an itxiko da eta epaimahaiak aukeratzen dituen bost abestien artean internet bidezko herri bozketa batekin erabakiko da irabazlea. Bestalde, Bergaratik Amodiozko Gutunen XX. Lehiaketaren berri bidali digu Jardun elkarteak.

Gehiago irakurri...


Ezustekoa eman zuten Argentinak eta Mexikok Bilboko Nazioarteko IV Pilota Txapelketan

2011/12/13

Argentinako (urdinez) eta Euskal Herriko pilotariak (berdez) sari banaketan (argazkia MPB) Asteburuan jokatu dira Bilbon Nazioarteko IV. Pilota Txapelketaren finalak, joko on eta markagailu estuekin. Orohar, euskal selekzioak maila oso ona erakutsi du, eta aipamen berezia merezi dute txapelketako ezustekoa eman duten taldeek: Larrruzko Paletan argentinarrak izan dira irabazle eta Gomazkoan mexikarrak eskuratu dute txapela. Emakumezkoen atalean euskaldunek maixutasuna erakutsi dute; eta baita ere eskuz Waltari kubatar izarrak eta Larrazabal bere euskaldun lagun finak. Txapelketaren balioespena ona da eta antolatzaileen esanetan "jendeak harmailak bete egin ditu eta zenbait naziotako garaileak atera dira txapela buruan".

Gehiago irakurri...


Euskararen Eguna egunero ospatzeko apustuarekin egin zuten jaia Boisen, New Yorken eta Montrealen

2011/12/13

Boiseko Txantxagorriak taldearen emanaldia Idahoko hiriburuko 2011ko Euskararen Nazioarteko Egunaren jaian (argazkia IKortazar) AEBetako eta Quebec-eko euskal komunitateek gogo biziz ospatu dute aurten ere Euskararen Eguna, Boisen, New Yorken eta Montrealen egindako ekitaldiekin. Gero eta gehiago dira herrialde hauetako euskal etxeetan euskara ikastean ari direnak eta, euskal etxeetako gainerako bazkideekin batera, euskara egun bakarrean ez ezik, egunero ospatzeko eta zaintzeko apustua egina dute. Jaia oso alaia izan zen hiru hiri hauetan: Boisen euskal karaokea egin zuten; New Yorken poesia irakurraldia eta euskal gabon kanta tailerra; eta Montrealen bertsolaritza lantegia.

Gehiago irakurri...


Segitzen dute Argentinako euskal etxeetan Euskararen Eguneko eta urtea bururatzeko ekitaldi eta festek

2011/12/13

Rosarion, Gernika Plazan ospatu zuten euskaldunek Euskararen Nazioarteko Eguna (argazkia EE) Mota ugaritako ekimenak egin dira Argentinako euskal etxe askotan abenduaren lehenengo bi asteotan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu eta 2011ko ekitaldi egitaraua ixteko. Dantzak, sukaldaritza, kirolak, euskara… urtean zehar garatutako ekintzen erakustaldiekin agurtu dute euskal argentinarrek badoan urteari. Euskararen Egunari buruzko bigarren artikulu honetan, Buenos Airesko Laurak Bat, José C. Paz-eko Toki Eder, Villegasko Euskaldunak, Olavarriako Gure Etxe Maitia, San Migelgo Askatasunaren Bidea, Concordiako Ibaiko Izarra, Mendozako Denak Bat eta Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeetatik heldu zaizkigun berrien laburpena.

Gehiago irakurri...


Valenciako Eusko Etxearen Gabon Afaria eta aste honetako Pilota Txapelketa Nazionala Caracasen

2011/12/12

Valenciako Euskal Etxean egin zen Gabon Afaria (argazkia CaraboboEE) Gabonetako ospakizunak eta kirola izan dira egunotan Venezuelako euskal etxeetan nagusi. Carabobo-Valenciako Euskal Etxeak abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, ospatu zuen bere urteroko Gabon Jaia, elkartearen egoitzan egin zen afari jendetsuarekin. Eguneko izarrak euskal etxeko txikiak izan ziren, gabon kanta emanaldi ederra eskaini zuten eta. Joan den larunbatetik, berriz, kirola ari da izaten protagonista Caracaseko Eusko Etxean, bertako frontoietan ari direlako ospatzen Venezuelako XVIII. Joku Nazionaletako pilota partidak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia