euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lurdes Auzmendik abiatu zuen Madrilgo EEko Euskararen Eguna; elkarteak ENE 2011 saria jaso du

2011/12/05

Lurdes Auzmendi Hizkuntz Politikarako Sailburuordea eta Julio Elejalde, Madrilgo Euskal Etxeko presidentea, euskara eskolak emateko hitzarmena sinatzen (argazkia HABE) Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunak borobilak izan dira aurtean Madrilgo Euskal Etxea. Iragan ostegunean, abenduak 1ean, egin zuten festa Madrilgo euskaldunek, eta egun horretan bertan jakin zuten eurek irabazi dutela Eusko Ikaskuntzak ematen duen aurtengo ENE saria, euskararen alde egindako lana dela eta. Sariaren berriaz gain, Lurdes Auzmendi, Hizkuntz Politikarako sailburuordearen presentziak ere aparteko oihartzuna eman zion egunari. Auzmendik euskara eskolak emateko hitzarmena berritu zuen euskal etxeko presidente Julio Elejalderekin: datorren ikasturtean 2.456 eskola ordu diruz lagunduko ditu HABEk. Aurten 150 ikasle ari dira euskara ikasten Madrilgo Euskal Etxean.

Gehiago irakurri...


Albokagile eta jolea, Mauro Telletxea buenosairestarra euskal musika tresna honen erreferente da Argentinan

2011/12/05

Mauro Telletxea (argazkia Eduardo Libedinsky) Diasporako herrialdeetan euskal kulturari buruz hitz egiten dugunean, dantzak, sukaldaritza, euskara eta kirolak datozkigu gehienbat burura. Eta musika. Egun gainera, teknologia berrien garaian, oso erraza egiten zaigu urrun dauden musikari eta taldeen lanak ezagutu eta lortzea. Zer gertatzen da, ordea, euskal tresna tradizionalak jotzen ikasi nahi dugunean? Mauro Telletxea argentinarrak bide zoragarri bati ekin zion 2004an, haurtzaroan entzuten zuen albokaren soinua berreskuratu nahirik. Euskal Herriko izen handiko musikari eta luthierrekin ikasi ondoren, alboka jole eta egile bihurtu eta hala segitzen du Buenos Airesen gazte euskal-argentinarrak.

Gehiago irakurri...


Eguberriak euskaraz zoriondu nahi? Honatx sarean topa daitezkeen doako euskal postal birtualen zerrenda

2011/12/02

HABEren Ikasbil webguneko Eguberriko postal bat Abendua hasi berria da eta datozen jai egunei begira zenbait izan dira gure irakurleen artean lagunak eta senitartekoak zoriontzeko euskal postal birtualei buruz galdezka hasi zaizkigunak. Urtero egiten dugun artikulua da hau, eta urtetik urtera postal eta ideia berriak aurkitzen ditugu. Nahikoa dira minutu batzuk maite ditugunei besarkada birtual bat bidaltzeko, gogoan ditugula jakinarazteko. Datozen egunetan etxeko txikientzako Olentzerori buruz sarean topa daitezkeen webgune eta baliabide zerrenda ere bilduko dugu.

Gehiago irakurri...


Olentzerok 2011ko bidaiari ekin dio dagoeneko eta bere lehen bisitetako bat Bahia Blancako txikiei izan da

2011/12/02

Olentzerok gozokiak banatu zizkien umeei (argazkia EE) Abenduan sartuta gaude jadanik eta Gabonekin lotuta dauden hainbat ohitura biziberritzen hasiak gara, urtero bezala. Testuinguru horretan, Bahia Blancako Union Vasca euskal etxe argeninarreko euskara ikasleek Olentzerori buruzko ekintzak burutu dituzte ikasturteko azken eskoletan. Baina euren lana ez da ikasgeletara mugatu; ekintzak osatzeko Bahia Blancako ikasleek “Olentzero eta enbor magikoa” filma ikusi eta Olentzeroren bisita jaso zuten. Horren eta beste aktibitate batzuen berri heldu zaigu Union Vasca euskal etxetik.

Gehiago irakurri...


Azkue Fundazioak eta Bizkaia Irratiak Gabon mezuak euskaraz zabaltzeko lehiaketa eratu dute

2011/12/02

Txioka Sarean lehiaketaren logoa Gabonetan elkarri zorionak eman edo urteberri on bat opatuz bidaltzen diren mezuak euskaraz sortu eta zabaltzeko helburuarekin, Azkue Fundazioa eta Bizkaia Irratiak "Txioka Sarean" lehiaketa antolatu dute. Abenduaren 1a eta 18a bitartean Twitter eta Facebook bidez bidaltzen diren mezuak sarituko ditu lehiaketak. Hiru mezu onenek saria izango dute: gabonetako otzara bat, bi lagunentzat Areatzako SPAn egotaldia eta Lekeitioko 'Eguren Electrodomesticos'-ek eman duen Samsung Galaxy tableta. Azkue Fundazioarekin hitz egin dugu eta saria Diasporako euskaldunen batek irabazten badu, dagoen herrialdera bidaliko diotela esan digute.

Gehiago irakurri...


Mexikar irakurleek aurkeztu eta gomendatu zuten Anjel Lertxundiren 'Etxeko hautsa' eleberria Guadalajaran

2011/12/01

Anjel Lertxundi eta aurkezpenean parte hartu zuten bi irakurle, Guadalajarako Liburu Azokan (argazkia Etxepare) Euskal literatura bere tartea izaten ari da aurtengo Guadalajarako Liburu Azokan, eta bertan egin diren ekitaldien artean, interesgarria izan zen "Presentan los lectores" atalean Anjel Lertxundiren 'Los trapos sucios' ('Etxeko hautsa') eleberriari buruz entzun zirenak. Lertxundirekin batera hiru mexikar irakurlek aurkeztu zuten liburua eta haien esanetan "guztiok eragiten gaituzten sentimenduak” islatzen ditu lanak, "jatorria eta hizkuntza kontuan hartu gabe". Eleberriak “harrapatu” egiten du irakurlea, eta amaiera “harrigarria” du. Horrexegatik, publikoa lan honetan eta euskal literaturan sakontzera animatu nahi izan zuten.

Gehiago irakurri...


Euskararen Egunaren ospakizunak nazioartera zabalduko dira egunotan munduko euskal etxeei esker

2011/12/01

Besteak beste, Euskararen Nazioarteko Egunean, 2011ko ENE Sariaren irabazlea jakinaraziko du Eusko Ikaskuntzak. Irudian, iazko saria bereganatu zuen Pariseko Sustraiak-Erroak elkartearen panel bat (argazkia EuskalKultura.com) Larunbat honetan, abenduaren 3an, mundu osoko euskaltzaleek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Euskal etxeen artean jarraitzaile asko ditu festa honek, eta Argentina, AEB, Mexiko, Txile, Uruguai, Italia edo Australia bezalako lekuetan makina bat ekitaldi antolatu dira. Herrialde hauetan guztietan asko dira euskal etxeetan euskara ikasten dihardutenak, arbasoen hizkuntzari eusteko apustu pertsonal sendoa eginez, Euskal Herritik milaka kilometrotara bizi arren. Euskara ikasle eta irakasle hauek, euskal etxeetako milaka kideekin batera, protagonista izango dira egunotan egingo diren jai eta ekitaldietan.

Gehiago irakurri...


Urte amaierako afariarekin hasi da ixten Pergaminoko Lagun Onak bere 60. urteurrenaren urtea

2011/12/01

Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeko 60. urtemugaren afarian dantzariek pieza batzuk egin zituzten (argazkia EuskalKultura.com) Ekintza ugari eta euskal sentimendu nabaria izan dira Lagun Onak-en 60. urtemuga ospakizunen ezaugarri bereziak. Pergaminoko euskal etxeak mugimendu handiko hilabeteak bizi izan ditu 2011an, bere urtemuga biribil hau ospatu eta Euskal Herriko kultura zabaltzeko asmoa xede. Egitarauari jarraituz, joan den igandean urte amaierako afaria ospatu zuten euskal-pergaminotarrek 9 de julio kaleko euren egoitzan. Eta abendurako ere badute beste proposamenik: Euskadiko egoera politikoa eta ETAk jarduera armatua behin-betiko eteteari buruzko debatea, 'Euskal Pilota' dokumentala ikusi ondoren, abenduaren 2an, iluntzeko 7:30etan.

Gehiago irakurri...


Jaurlaritzak harrera-ekitaldia egingo die Gabonetan Gasteizen atzerrian bizi diren euskal herritarrei

2011/12/01

2010eko harrera-ekitaldiko irudia, Lopez lehendakaria kooperazio lanetan ari den euskal herritar batekin bideokonferentziaz hizketan. Lopez lehendakariak harrera-ekitaldia eskainiko die abenduaren 26an Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan, atzerrian bizi eta eguberri sasoina dela eta egun horietan Euskadira itzuliko diren euskal herritarrei. Hirugarren urtez segidan antolatu den ekimen honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu die egoera horretan duden herritarrei Juan Celaya Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendariak, euren parte hartzea eta bertaratzea baieztatzeko email helbide bat emanez.

Gehiago irakurri...


Gabonak goiztiar Ameriketan: Utah, Colorado, Ontario eta Vancouverrera asteburu honetan dator Olentzero

2011/11/30

Olentzero opariak banatzen Coloradoko Euskal Etxearen iazko jaian (argazkia ColoradoEE) Abenduan sartzeko egun bat falta da oraindik, baina badira Gabonetako jaiak aurre-egiten hasi diren euskal etxeak, batez ere Ipar Ameriketan. Abendu amaieran oporrak hasi eta famili jaiak ospatzen hasi aurretik, nahiago izaten dute elkarteko kideak garaiz bildu eta Gabon eguna aldez aurretik euskal giroan ospatzeko aukera izatea eta horixe egingo dute asteburu honetan, esaterako, Utahko Euskal Etxeak, Ontario Basque Club-ek, Coloradoko Euskal Etxeak eta Kanadan, Vancouver-eko Zazpiak Bat elkarteak. Olentzero ere bilduko da jai hauetara eta elkarteetako umeen artean opariak banatuko ditu.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia